Albisteak

Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskaltzaindiak elkarlan-akordioa sinatu dute

Asteazkena, 2019-07-24

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten pasa den astean. Bost urterako hitzarmena da eta bi erakundeen arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Garbiñe Ubeda EIEko lehendakariak sinatu dute.

EIEren eta Euskaltzaindiaren arteko loturak ez dira pasa den astekoak, baina, pasa den astetian sinatu zuten estreinakoz elkarlan-hitzarmen bat. Hemendik aurrera, eta bost urte iraungo duen hitzarmen horren abaroan, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute “euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan”. Garbiñe Ubeda EIEko lehendakariak adierazi duenez, hitzarmen hau “abiapuntu” bat da, eta laster sortuko den jarraipen-batzordearen bidez hasiko dira elkarlanaren pausu zehatzak zehazten eta bideratzen.

Ildo nagusiak

Momentuz, hauek dira hitzarmenaren lan-ildo nagusiak:

  • EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
  • Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak ere partekatuko ahal izango dituzte.
  • Bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute. Horrela, idazleak ezagutzera emateko egitasmoak, monografiak,  literatura zaletasuna indartzeko lehiaketak, ikerketak, bekak eta abar abian jarri ahal izango dituzte.
  • Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIEk argitaratzen dituen argitalpenetako testu-multzoez baliatzeko adostasuna erakusten dute bi erakundeek.

XXI. mendeko erronkak

Ubedak hainbat kezka eta galdera jarri zituen mahai gainean. Hauxe nabarmenetako bat: zein da EIEren funtzioa gaur egun? Euskaltzaindiaren eredua aipatu zuen: “Lan eta espezializazio ildo asko, jende diferente ugari, eta zuen artean gorabeherak izango dituzuen arren, Euskaltzaindiak elkarte bezala bete behar duen helburua oso garbi [dago]. Eta kaleko jendek ere, gorabeherak gorabehera, [ongi daki] zer eskatu behar zaion Euskaltzaindiari”. Argitasun horrek inbidia ematen dio Ubedari, eta horixe opa dio elkarteari berari.

XXI. mendeari begira, bi kezka aipatu zituen EIEko lehendakariak: bata, definizio estu samar baten arabera definitzen dugula nor den idazle eta nor ez. “Guk 300 bazkide baino gehiago ditugu Idazle Elkartean, eta idazle horiek mota guztietako idatziak sortzen dituzte, nork bere esparruan. Baina nor da idazle? Edo, nahi bada, nori aitortzen dio gizarteak idazle etiketa? Labur esanda, fikzioa idazten duenari. Gainerakoak azpi kategoriaren batean edo beste etiketaren baten pean sailkatzen dira automatikoki (haur literatura, gidoilari, zutabegile...)”.

Teknologia da Ubedaren beste kezketako bat. Edo, zehatzago esanda, teknologia berriek aldatu egin dutela idazleen lana bera, eta horren ondorioz, langintza bera birdefinitzeko erronka azaleratu da. “Idazketak eboluzionatu egin du, molde berriak eta hibridazioak sortu dira, bai teknikaz bai euskarriz ere, generoen arteko mugak ere apurtu edo lausotu egin dira, eta idazle elkarteak, Andres Urrutiaren hitzak nire eginez, idazlearen definizioa XXI. mendera ekartzen eta elkartearen beraren funtzioa birdefinitzen asmatu behar du”.

Elkarlana, bide

Bidea luzea izanik ere, lehendakariak argi dauka batzera jo behar dutela, “batetik, ofizio eta jardunen arteko mugak gero eta lausoagoak direlako  (eta idazleak transbertsalak direlako). Baina bestetik, gizartean eragiteari dagokionez, ezer gutxi izango garelako, elkarlanerako gai ez bagara”.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)