Albisteak

“Eztena-liburuak” proiektua jarri dute martxan

Asteartea, 2018-06-12

Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkarteak antolatu ohi duen Eztena arte eszenikoen jaialdiak 10. urteurrena ospatuko dute aurten. Hori dela eta, ez ohiko hitzordua izango dute aurtengoa: batetik sari banaketa baten gala parodikoa egingo dute ekainaren 16an, eta bestetik liburu bilduma berri bat jarri dute martxan.

Hamar urtez antolatu dute Errenteria/Oreretan Eztena arte eszenikoen jaialdia, Mikelazulo kultur elkartearen eskutik. Jaialdiak oso filosofia argia defendatu du hasieratik: “arriskuak hartzen dituzten proiektuen, sortzaileen eta antzerki moten erakusleiho izatea, izan edukietan egindako hautu ideologikoengatik, dramaturgia berriei erreparatu izanagatik, edo proiektuaren autogestio mailan ahalegina egin izanagatik.”

Eztena jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten, eta gogoeta prozesuan harrapatu ditu Eztenako antolatzaileak: “borondatezko lanean oinarritzen diren proiektuek beti izan ohi dituzte nekeak, gorabeherak, oinarriak berrikusteko beharrak... etapak bete egiten dira, eta gu geu horren inguruko gogoetan genbiltzala, aurten zer edo zer ezberdina egitea pentsatu genuen”. Normalean formatu ezberdineko lanak programatu izan dituzte lau egunez herriko gune ezberdinetan, eta gogoetarako zein sortzaileen arteko topagunerako guneak eskaini. Aurten egun bakarra iraungo du jaialdiak, eta ekitaldia ere bakarra izango da: “ekainaren 16an Eztena-Gala izenekoa antolatu dugu Niessen antzokian. Hilabeteak daramatzagu lanean, kasik ohiko formatuan astebeteko jaialdia antolatzea baino lan gehiago eman digu!”.

Eztena-Gala sari banaketen nolabaiteko parodia izango da, 3-4 ordu iraungo dituena. Horretarako era horretako sari banaketen elementu guztiekin egingo dute jolas, eta publikoa zein gonbidatuei “elegante” joateko eskatu diote, bakoitzak hitz hori bere modura ulertuta “Aurtengo gala Eztenaren 10 urteak ospatzeko antolatu dugu, eta ekitaldiaren ostean festa handi bat izango da. Horregatik, Eztenatik hamar urtetan Eztenatik pasa den jende oro saritzea erabaki dugu, inolako salbuespenik gabe: aktoreak, teknikariak, sukaldariak, laguntzaileak, publikoko kideak...”.

Eztena-Galara publiko gisa joateko aukera dago, doan, baina aldez aurretik gonbidapena eskatuta esteka honetan: http://www.eztena-jaialdia.info/

Liburu bilduma berri bat

Aurtengo ekitaldi ez ohikoak beste ardatz bat izango du: Eztena-Liburuak proiektua jarri dute martxan aurten, jaialdiak dituen helburu berdinekin “arriskuak hartzen dituzten proiektu eta sortzaileen lanaren ikusgarritasuna eta transmisioa bultzatu nahi dugu bilduma honekin”. Nolabaiteko “gerrilla-liburuak” izango dira, xumeak, txikiak, baina beren neurrian eragin handia izan dutenak. Madrilgo La cuarta pared gune alternatiboak aspaldi plazaratutako “Coadernos de teatro y danza” bezalako proiektuak izan dituzte inspirazio iturri.

Sei liburu plazaratuko dituzte aurten, Eztenatik pasatako sei proiekturen testuak, hiru euskaraz eta hiru gazteleraz.

Euskarazko liburuak hauexek zango dira:

-Zapatak, Joxemari Carrererena. Antzezlan hau 2009an estreinatu zen Eztena jaialdian bertan, eta egun oraindik ere antzezten da. Ainhoa Alberdi aktoreak eta Ainara Gurrutxaga zuzendariak eraman zuten oholtzara, eta haien arteko elkarrizketa bat ere badakar liburuak, sortze prozesua gogoetagai.

-Aitaren larrua, Tripak kolektiboarena. Gasteizko lau sortzailek elkarrekin sortutako lehen lanaren testua. Lan esperimentala izan zen Aitaren larrua, beste arte diziplina batzuen eraginpean sortutakoa, eta bertan testuaz gain sormen prozesuari buruzko gogoeta labur bat ere plazaratu dute.

-Ametsen faktoria, Jose Martin Urrutia “Txotxe”rena. Txotxe euskal antzerki zuzendari eta idazle ezaguna izan da euskal teatroan, urte luzez Durangoko Karrika antzerki taldearekin elkarlanean jardun dena. Txotxe aurten zendu da, eta hori dela eta haren lana omentzea eta aldarrikatzea du xede liburu honek.

Gaztelerazko hiru tituluak, berriz, honakoak:

-Ella y él: Ficciones, Legaleon-T.rena. Irungo talde mitikoak orain arte izen horrekin sortu duen azken lanaren gidoia.

-Tres Pedradas, Javier Barandiaranena. J.B. Pedradas izen artistikoarekin sortutako trilogiako hiru gidoiak irakurri daitezke bertan: “Pepinos podridos en el frigo”, “No estoy para nadie” eta “Aquí va a venir un cataclismo”.

-Abandónate mucho, Las XLena. Andaluziako taldeak musika eta antzerkia uztartzen zituen lan umoretsu eta probokatzailea sortu zuen. Ikuskizuneko hitzak eta letrak biltzen ditu lan honek.

Liburuak ekainaren 16an bertan erosi ahal izango dira Eztena-Galan, eta ondoren helbide honetan: eztena@liburuak.eus

Informazio guztia hemen:

http://eztena.liburuak.eus/

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)