Albisteak

'Fotogramak' liburua aurkeztu du Goiatz Labandibarrek

Osteguna, 2016-04-28

Duela gutxi elkarrizketa egin genion Goiatz Labandibar idazleari Hitzen Uberanen, Hala bazan... klixk! proiektuaren harira. Proiektu horrekin badu zerikusirik Fotogramak lan berriak, hemen ere narrazioak direlako ardatza, eta irudi bat dutelako oinarrian. Fotogramak lan berrian, leku eta garai anitzetara bidaiatzeko aukera eman digu egileak. (Argazkia: Hitza).

Duela aste batzuk mintzatu ginen Goiatz Labandibarrekin Hala bazan... klixk! proiektu-argitalpenari buruz, eta bere narrazio bat plazaratu genuen Amuak atalean. Elkarrizketa hartan aurreratu zigun egileak Fotogramak liburu berriaren etorrera: "11 narraziok osatutako ipuin-bilduma izango da. Guztiak daude oinarrituak argazkietan. Eta, oraingoan ere erabaki inkontziente bat bada ere, emakumezkoak izango dira protagonista".

Pasa den ostiraleran aurkeztu zuen Goiatz Labandibarrek Donostian Fotogramak, Elkar argitaletxearen eskutik.

Sinopsia: Zinemagilea balitz bezala, zenbait argazki ezaguni mugimenduaren ilusioa eman die Goiatz Labandibarrek ipuin bilduma honetan. Modu horretan bidaiatuko du irakurleak hainbat leku eta garai jakinetara: 60ko hamarkadako AEBko hippy giroa, 50eko Hegoafrikako apartheida, Espainiako Gerra Zibileko Bartzelona edota modaren hiriburua izan den Paris. Eta argazkilariaren begirada gaindituz, bizitza berri bat eman die fotograma horiei; interpretazio berri bat eginez, kontakizun berri bat asmatu du.bKazetariak ezin du, berez ikusten duenaz haratago, lekukotasun pertsonalik eman; fikzioak ordea, eman dio Goiatz Labandibarri istorio propioak sortzeko bidea. Idatzizko istorio hauekin batera, ipuin bakoitzari dagokion fotograma jasotzen duen atari digitala sortu dugu, hala nola, argazkiaren jatorrizko izena eta irudi hori betikotu duen argazkilariaren nondik norakoak. Osagarriak dira biak ala biak, hitza eta irudia; ipuin hauen irakurketan urrutiago joateko modua eskainiz.

Proposamen berezia egin die egileak irakurleei: testuak irakurtzearekin batera webgune berezi batean ikus ditzake narrazioek oinarri dituzten irudiak.

Goiatz Labandibar Arbelaitz (Oiartzun, 1985). Kazetaria da ikasketaz eta komunikazio arloan lan egiten du. Irakurketa taldeak dinamizatzen ere badihardu. Igartza beka irabazita, Geltokiak edo Helduta entzuteko abestiak (2013) izan zen bere lehenengo liburua. Hala bazan... klixk! (2014) proiektu literarioa ere landu zuen, Donostia 2016 eta Wroclaw 2016k emandako Artisten Mugikortasunerako beka bati esker.

34_Fotogramak_AZALA.indd

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)