Albisteak

“Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak” liburu kolektiboaren aurkezpena Hernanin

Asteartea, 2013-10-08

Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak artikulu-bilduma aurkeztuko du EDO! argitaletxeak urriaren 10ean, ostegunean, 19:30ean Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Isa Castillok eta Iratxe Retolazak koordinatu dute liburua. Liburua bezala, aurkezpen ekitaldia ere kolektiboa izango da, gogoetak, kantuak eta antzezpenak lagun. Parte hartzaileen artean Anari, Kattalin Miner, Josune Monton eta Gorka Setien egongo dira. Ekitaldian EDO!ren lehen urteko ibilbidea ere ospatuko dute.

Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak artikulu-bilduma koordinatu dute Iratxe Retolazak eta Isa Castillok. Liburuaren izaera kolektiboaren isla da parte hartzaileen zerrenda luzea:

Egileak: Amaia Alvarez Uria, Judith Butler, Virginie Despentes, Amaia-Aimar Elosegi, Mari Luz Esteban, Ainhoa Güemes, Medeak, Raquel (Lucas) Platero, Beatriz Preciado, Javier Sáez eta Itziar Ziga.

Itzultzaileak: Josebe Alkorta, Garazi Arrula, Irene Hurtado de Saratxo, Miren Agur Meabe, Ainara Sarasketa Alberdi, Asier Sarasola, Danele Sarriugarte eta Ińaki Segurola.

Gorka Setien idazle eta irudigileak sortu du liburuaren azala.

Gorputz ikusezinak ikusgarri

Honako hau irakurri daiteke liburuaren kontrazalean:

Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak egitasmoa gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko urratsa baino ez da, isilarazitako gorputzei ahotsa emateko saio txiki bat baino ez. Horretarako, pentsamendu (trans)feministarantz hurbiltzen diren gogoetak eta diskurtsoak bildu ditugu. Edozein modutan, gure helburua ez da izan (trans)feminismoan ekarpen berriak egitea, ez eta testu esanguratsuenen bilduma egitea ere.

Bestalde, ikusgarri egin nahi izan dugu, pertsona, jende, talde eta mugimendu ugariren kezka-iturri dela (trans)feminismoa. Ekintza eta pentsamendu (trans)feminista garatzen, eraikitzen eta hedatzen ari diren pertsona eta kolektibo batzuk bildu ditugu, eta irakurlea ohartuko denez, askotarikoak dira ahots horiek.

Aurkezpena eta ospakizuna

Hernanin egingo den urriaren 10eko hitzorduan liburua aurkezteaz gain, Argitaletxea EDO!ren lehen urteko ibilbidea ospatzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek. Aurkezpen ekitaldian Isa Castillok eta Iratxe Retolazak proiektu kolektibo honen nondik norakoak azalduko dituzte, eta ondoren, irakurraldiak, gogoetak, antzezpenak eta kantuak eskainiko dituzte kide hauek: Anari, Kattalin Miner, Josune Monton, Gorka Setien ...

Argitaletxea EDO! proiektuko lehen labealdia itxi dute Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak ale berri honekin. Argitaletxea EDO! proiektua bera izaera kolektiboarekin sortu zen 2012an. Harpidedunak eta bazkideak lortzeko kanpaina hasi zuten proiektuaren berri eman orduko, eta deialdiak edukitako erantzun zabalari esker bost titulurekin osatu da lehen labealdi hau: Gari Garaialderen Zu ikusteko bidean, Charlotte Perkins-Gilman-en Hormako paper horia, Samara Velteren Eta Karmele?, Maite Gurrutxagaren Alderik alde eta Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak.

Albiste honen uberan:

Hormako paper horia. Ana I. Morales-i elkarrizketa

Alderik alde liburuaren aurkezpena

Eta Kamele? Samara Velte-ri elkarrizketa

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)