Albisteak

Goiatz Labandibarren "Salaketa" antzezlanaren irakurketa dramatizatua Bilbon

Osteguna, 2020-02-06

Goiatz Labandibarren Salaketa antzezlanaren irakurketa dramatizatua gaur Bilbon, Lautan Hiru antzerki jaialdiaren barruan. Lan honek aurtengo Cafe Bar Bilbao lehiaketa irabazi du, eta Gaizka Chamizok eta Mikel Martinezek irakurriko dute. Goiatz Labandibarri elkarrizketa laburra egin diogu, jarraian irakurri dezakezue.

Cafe Bilbao saria jaso berri duzu Salaketa antzezlanarekin. Orain arte narratzaile gisa ezagutu zaitugu, lehenengo antzezlan idatzia duzu hauxe?

Aurretik noizbait probatu izan dut gidoiren bat idazten -baten bat beste lagun batekin batera idazten- , baina gehiago izan dira jolas gisako denborapasak. Hala bazan... klixk! proiektuan ere narrazio batek nahiko kutsu teatrala zeukan ("La grande solitude"), baina narrazio izaten jarraitzen du. Hala ere, oraindik esperimentatzaile gisa ikusten dut nire burua mundu honetan.

Zer nolako harremana izan duzu orain arte antzerkiarekin?

Batez ere, ikusle harremana izan dut. Umetan, pare bat urtean antzerki eskolak hartu nituen ikastolan, baina gehiago ez. Ikusle bezala, beti gustatu izan zait antzerkira joatea. Oiartzunen hileroko antzerki programazioa antolatzeko taldean nabil duela urte batzuetatik hona.

Zaila izan zaizu, narraziogintzan zure ahotsa landu ostean, antzerkirako ahots mota bat bilatzea?

Nahiko argi neukan zer zen kontatu nahi nuena, eta absurdora eraman nahi nuela istorioa. Eta, egia esan, nahiko erraza suertatu zait, eroso sentitu naiz gidoia sortzen.

Antzerkian "argumentua" baino gehiago "egoera" ian ohi da abiapuntua. Zuk ere halaxe jarri duzu obra honen abiapuntua: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Nondik nora sortu zitzaizun abiapuntu hori?

Askotan pentsatu izan dut egoera horretan, eta idatzi behar nuela zerbait horren inguruan. Igarleek badute nolabaiteko "estatus" bat gure gizartean, pizten dute jakinmina. Agian, igarle batengana joatea ez da hain ohikoa, baina nork ez du irakurtzen horoskopoa? Eta horoskopoa seriotan irakurtzen dugu, sinestuz (edo sinestu nahian behintzat). Ideia hori banuen burutan, eta ezertan hasi gabe nintzela, Clarice Lispector idazle brasildarraren biografia irakurtzen ari nintzela, tankerako zerbaitekin egin nuen topo: Lispector "engantxatua" zegoen igarleengana, ia egunero joaten zen etorkizuna irakur ziezaioetan, eta liburu horretan Lispectorren ondoan hegazkin bidaia bat egin zuen emakume batek gogoratzen zuen nola, bidaia terrible hartan, hantxe bertan hilko zirela pentsatzen ari zela, Lispector esan zion: "Lasai, niri igarleak ez dit esan hegazkin istripuan hilko naizenik eta". Kasualitate bat izan zen egoera horrekin topo egitea, baina aurretik burutan neukan egoera horrekin perfekto lotzen zen.

Ironia eta umorea, absurduaren eragina... zailagoa zaizu narraziogintzan horiek lantzea? Zentzu horretan, zer ematen ditu antzerkia idaztean naraziogintzak ematen ez dizuna?

Uste dut narrazioetan ere ironia franko erabiltzen dudala. Hala ere, egoera honen inguruan zerbait idatzi behar nuela eta, lehendabizi narrazio bat idazten hasi nintzen. Eta ez nuen aurkitzen tonua: oso iluna zen, ilunegia, oso dramatikoa... Absurdotik baino, gehiago zeukan paranoiatik. Horregatik, beste forma bat eman behar niola erabaki nuen, eta antzerki forma aproposa izan zitekeela iruditu zitzaidan: bi lagunen arteko elkarrizketa batean tonua askoz umoretsuagoa eta ironikoagoa izango zelakoan. Eta hala izan da.

Azkenik, gaur bertan zure obraren irakurketa dramatizatua egingo dute bi aktorek. Zure hitzak beste bi gorputzek oholtzaraturik. Zer nolako sentsazioa ematen dizu horrek?

Izugarrizko poza. Ez da lehenengo aldia nik idatzitako zerbait oholtza gainera eramango dutena (iaz Oiartzungo bi aktore gaztek -Lohizune Telletxea eta Luix Mitxelenak- Fotogramak liburuko "Behin mundua berea izan zen" narrazioa moldatu eta taularatu baitzuten) baina bai nik propio horretarako sortutako gidoi bat dramatizatuko dena. Pena dut ezingo naizela bertan izan, beste hitzordu bat dudalako ordu berean beste toki batean. Ea ibilbide baten hasiera den...

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)