Albisteak

Hamabi ilustratzailek berpiztuko dute Errauskine

Astelehena, 2016-09-19

Pasa den astean jakinarazi zuten zer ilustratzailek hartuko duten parte Marrazioak egitasmoaren aurtengo edizioan.

Galtzagorri elkarteak antolatzen ditu Marrazioak topaketak, Gipuzkoako Aldundiak eta Komikiguneak babestuta. Literaturaren eta ilustrazioaren arteko zubiak sendotzea dute asmo, eta ilustratzaileei bideratutako 40 orduko ikastaroa da. Aurten, urriaren 26tik 30era bitarte egingo dute, Donostiako Komikigunean, Harkaitz Cano eta Ignasi Blanchen gidaritzapean. Leloa: ...eta Errauskine bere errautsetatik berpiztu zen.

Marrazioak-en ekitaldi berri honetan, historian zehar arteak egin duen emakumearen errepresentazioa hartuko da irteera puntutzat, arreta berezia ipiniko zaio XX. mendeko ikonografiari, eta ikasleekin elkarlanean berrinterpretazio bat proposatu.

Uztailean zabaldu zen parte-hartzeko deialdia, eta orain egun batzuk jakinarazi da horren emaitza. Hamabi ilustratzaile hautatu dituzte: Begoña Durruti, Belen Lucas, Garazi Berrizbeitia, Ainara Altuna, Yera Sánchez, Concetta Probanza, Nagore Txintxurreta, Ibone López, Maite Gurrutxaga, Ainara Azpiazu, Nekane Fernández eta Idoia Beratarbide.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)