Albisteak

Harkaitz Canoren “antologia apetatsu bat”

Asteazkena, 2018-09-19

Txalaparta argitaletxeak Harkaitz Canok idatzitako ipuinen bilduma bat aurkeztu du gaur: Mecanografiak. Irati Jimenez idazleak egin du aukeraketa lana eta  kazetarien aurrean eginiko agerraldian aitortu duenez, “fikziozko literaturaren liluraz berriro maitemintzeko balio izan dit”.

“Normalean, irakurle bezala, denetarik irakurtzen duzu”. Azken bolada honetan ordea, Harkaitz Canoren liburuetan murgilduta egon da. “Bere literaturaren oso barruan egon naiz”, aitortu du Irati Jimenezek. “Horrek bertigo moduko bat sortu zidan, zer aukeratu ez nekiela. Asko zegoen aukeratzeko”.


Intuizioz eginiko aukeraketa

Radiobiografiak (Elkar, 1995) liburua plazaratu zuenetik hona, Harkaitz Canok ipuin ugari plazaratu ditu han hemenka. Bilketa lana egiteko orduan, “intuizioz edo bulkadaz erabaki dut zer aukeratu eta zer ez”. Irati Jimenezen helburua ez zen “perspektika akademiko batetik eginiko tesi bat egitea edota bere obra guztia jasoko zuen antologia bat osatzea”. Harkaitz Canoren “narraziogintzaren ikuspuntu zabal bat ematea izan da nire asmoa”.


Oparotasunaren erakusgarri

Irratirako eginiko idatziak, prentsan plazaraturikoak, narrazio liburuak, enkarguak... Urteotan molde eta joera ezberdineko ipuinak plazaratu ditu Harkaitz Canok eta oparotasun hori islatzen saiatu da Irati Jimenez. “Irakurleak denetarik topatuko du liburuan, irakurriak eta irakurrigabeak ere bai. Bere literaturaren antologia apetatsu bat, denetarik emango diena eta, zorte pixka batekin, gehiago irakurtzeko gogoa ere bai”.

Liburuaren aurkezpenean esan zituenak topatuko dituzue ondoko bideoan:


Harkaitz Cano: "Sentsazio kontrajarriak izan ditut"

Harkaitz Canok 1995etik hona idatzitako hainbat ipuin jaso dira Txalapartak plazaratu duen liburuan. Idazleak, halabeharrez, atzera begira jarri behar izan du eta horrek bertigo pixka bat eman diola adierazi du. "Idazle batek berrirakurri behar du bere lana asko argitaratu aurretik. Eta ahal bada, inoiz ez argitaratu ondoren”. Hori da Canok duen teoria. “Baina praktikan huts egiten dugu”, berrargitalpenak edo antologiak tarteko. Mecanografiak (Txalaparta) liburuko ipuinen berrirakurketa lana egiterakoan, sentsazio kontrajarriak izan dituela adierazi du. Gaurko aurkezpen ekitaldian eman du sentipen horien berri:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)