Hatsa 2012: Andoni Salameroren iritzia
Astelehena, 2012-05-07Andoni Salamero idazleak iritzi artikulua bidali digu, Hatsa elkarteak antolatutako olerki bildumaren harira.

Festa honetan esku hartzeko ez dago egin behar handirik bideratu beharrik, nahiz eta, sarri, berori egitea, askorentzat, zaila den, alegia, olerki bat idaztea, baina sentiberatasunaren adierazle gizaki oro denez, ahaleginik egin behar genuke hitz batzuk idazteko, bihotzez esandako hitzak, zinezkoak, barru-barrutik adierazteko, horren beharrean gara, inoiz baino gehiago. Olerkitxo bat, ez da behar ederki atondu eta jantziriko poema izatea, HATSA ELKARTEAk eta bere inguruan elkartzen diren/garen olerkariok guztiz estimatzen dugu jendearen jarduna, hain zuzen lan ausartik baitago horren atzean, norbera den bezala agertzea, inongo aurreiritzirik gabe. Elkar hartze on horretan gustura entzuten eta miresten dugu ahalegina, hain zuzen poesia ez baita aldaretan dagoen ezer, bizian dagoen hori baizik, eder zaiguna, samurtasunez goratu eta gozatzen duzuna POESIA da, eta zein zu baino hobeto berataz aritzeko eta horren berri gu guztioi adierazteko. Nik jendea hurrengo hitzordura gonbidatuko nuke, hurrengo urteko bilera berri batera, hamabosgarren liburua aurkeztuko dugu orduan, izango duzu zuk zeresan handirik aditzera emateko, gu, behintzat, horren iritzikoak gara. Ezer idatzi nahiko ez bazenu, baina sentitzeko gune bat izan,zatoz giroaz gozatzera, bizitzera, atseginez dastatzera eta zuk zeuk iritzia eman, izan bizitako horrexen aitorle eta lekuko. Azkenik, eskerrak ematen dizkizuet irudiz irudi, hitzez hitz HITZEN UBERA honetan gertatutakoaren berri emateagatik, estimatzen da zuon lana. Bestelako euskal komunikabideek honen inguruko zabalkunde egokiagoa egitea oso estimatuko nuke, hain zuzen egiten den lan eskerga eta itzelaren isla zintzoa izatea estimatuko nukelako, eta ondorioz laguntza handiagoa emango geniokelako HATSA ELKARTEAri eta poesiaren samurtasuna zabaltzen lanean diharduten LARRALDEAko bertako lagunei. Zuoi guztioi besarkada handia eta POESIA bizia bada, beza guztiongan POESIAk oles egin, bizi dadin POESIA.
Andoni Salamero
Artikulu honen uberan:
Hatsa Olerki Bildumari buruzko albistea