Albisteak

Hatsa Elkarteak Olerki Bilduma berria aurkeztu du

Igandean elkartu zen parte hartzaile ugari Larraldean Astelehena, 2012-04-02

Igandean aurkeztu zuen Hatsa elkarteak aurtengo Olerki Bilduma, hamalaugarrena. Ohiko moduan, liburuko parte hartzaile ugari bildu zen Senpereko Larraldean. Elkarrekin bazkaldu ostean liburuko poemak errezitatu zituzten.

Hatsaren Olerki Bilduman parte hartzea irekia izanik askotariko idazleak topatzen ahal ditu orriotan irakurleak: poesiazaleak ezagun izango dituen izenak, Hatsa bilduman soilik argitaratu duten jendearenak, edo hainbat ikastoletako ikasleenak, esaterako.

Ohi bezala apirileko lehen igandea aukeratu zuten Hatsakoek liburua aurkezteko. Larraldean bildu ziren berrogei bat lagun hamalaugarren alea dastatzera, tartean liburuan parte hartutako idazle ugari. Haien artean zen Gabriel Korta idazle errenteriarra, zeinak bildumako sar-hitza idazteko ardura izan duen aurten. Honako hau:

Parnasoa ez da nire mendia.
Nire mendia,
muino txiki bat da.
Lehia ez dut gogoko.
Hatsaren poesiak,
ematen digu urtero,
gure poemak
kaleratzeko aukera.
Nahi duenak
parte hartu dezake.
Aukera zabala da.
Nik ez dakit zer den poesia.
Nik ez dakit
zer den poeta izatea.
Agian arimaren egoera bat.
Edo jarrera bat.
Poetak iruditzen
zaizkit batzuetan,
Dionisiotarrak
eta beste batzuetan
Apolotarrak.
Maiz iruditzen
zaizkit poetak
artistak direla.
Filosofoak ere bai
batzuetan.
Nik ez dakit zer den poesia,
baina gertatu egiten da,
eta esaten dut:
hau poesia da.
Baina zer da poeta izatea?
Misterio bat!

Gabriel Korta

Gabriel Korta eta Auxtin Zamora 'Hatsaren poesia' olerki bildumaren aurkezpenean.

Aurtengo talde-argazkia, Senpereko Larraldearen parean.

Ohiko moduan bazkalostean liburuko poemak errezitatu zituzten bertaratutakoek. Argazkian Lucien Etxezaharreta, Juan Ramon Makuso, Joan Mari Irigoien eta Imanol Irigoien.

Andoni Salamero errezitatzen, Ainara Maya, Graxi Solorzano eta Josu Jimenez-Maia entzuten.

Errezitaldiaren ostean Allende Arnaizek liburuko testuekin egindako ikus-entzunezko lana proiektatu zen, aurki Maiatz jardunaldietan ere ikusi ahal izango dena.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)