Hezurren erretura argitaratu du Miren Agur Meabek
Asteazkena, 2019-05-15Hezurren erretura izeneko liburua argitaratu du Miren Agur Meabek, Susa argitaletxearen eskutik. Narrazio-bilduma bat da, baina "nobela bezala" ere irakur omen daiteke, batasun handia du-eta. Atzo aurkeztu zuen lana Meabek, Susa argitaletxeko editore Leire Ziluagak lagunduta.
2000. urtean, azala izan zen –Azalaren kodeapoema-liburua–; 2010ean, berriz, eskuak –Bitsa eskuetan, poema-liburua–; handik hiru urtera, begiari erreparatu zion –Kristalezko begi bat, eleberria–, eta, mende berriko bigarren hamarkada amaitzear dela, are barrurago jo du Miren Agur Meabe idazleak, hezurretara. Hezurren erreturanarrazio-bilduma aurkeztu zuen atzo.
Hain justu ere, baziren sei urte Meabek helduentzako literatura deitzen dugun horretan azken lana argitaratu zuenetik, arrakasta handiz argitaratu ere. Kazetariak kontatu egin ditu armiarma atarian liburu horren harira idatzi ziren kritikak: hamasei dira.
Gainazaletik hasita, barrura bidean, Meabek aurreko liburuekin abiatutako bideari heldu dio, bizitzaren etengabeko aldaketaren “miaketan”. Lan honetan, metafora gisa balio dute izenburuko bi elementuek: “hezurrak” dira bizitzan pilatutako minak, pisuak, pozak eta abarrak. Erretura, ordea, idazkuntza bera da. Hezurren eraldaketa. Meabek azaldu duenez, idazlea “ez [baita] pertsona bera liburua hastean eta amaitzean”.
Bi plano, batasun handia
Leire Ziluaga editoreak azaldu ditu liburuari buruzko hainbat zertzelada. Hasteko, Meaberen beraren literatura definitzeko proposamen bat luzatu du: “hitz zehatzaren bilaketa” da, bai eta, horrekin loturik, “kontatu nahi dena kontatzeko behar den formaren bilaketa” ere.
Hogeita bat narraziok osatzen dute liburua, eta batasun handia dute denen artean. Bi planotan kokatzen dira narrazioak: batetik, ume bat ikusiko dugu, neskato bat, hazten. Bestetik, emakume helduago bat agertuko zaigu, 55 urtekoa, haren kezkak, grinak eta damuak. Emakume horren bizitzan oso presente dago idazkuntza; are gehiago, harentzat, idazkuntza eta bizitza bat eta bakarra dira. Idazkuntza da “bizitzaren alde iluna erretzeko” tresna. Bateko eta besteko narrazioak ordena jakin batean antolatuta daude: txandaka, orainaldiko bat lehenik, eta aspaldiko bat jarraian, liburua osatu arte.
Bi planotan kontatuta badago ere, liburuak batasun handia du. Batetik, protagonista bera da denbora guztian, eta pertsonaiak ere errepikatu egiten dira han eta hemen, liburuari koherentzia emanez. Bestalde, tonuak ere batasun handia ematen dio liburuari, Ziluagaren esanetan. Nolanahi ere, pasarte guztiak irakur daitezke bereiz, autonomoak dira.
Liburuan hainbat gai agertzen dira, besteak beste, memoria eta horrek irudimenarekin duen lotura eta gorputzaren grinak eta minak. Narrazio-moldeak ere ugari dira: egunerokoak, gutunak, ametsak, lezioak… Ziluagaren arabera, Meabek, hala, landu nahi izan ditu emakumeek jorratu izan dituzten eta tradizioan literatura gisa hartu ez diren genero narratiboak.
Memoria fikzionatuak, hiru oinarri sendotan bermaturik
Autoreak osatu ditu Ziluagak abiatutako hariak.
Lan hau egiteko, hori oinarri funtsezkori heldu dio Meabek: batetik, motibazio (auto)biografikoa izan du, eta liburukoak memoria fikzionatu gisa har litezkeela esan du. Nolanahi ere, Joseba Sarrionandiaren aipu bat jarri du liburuaren hasieran, eta hala, ohartarazi du idazketarako baliatzen den edozerk uzten diola berehala erreal izateari. Sarrionandiak dioen moduan, agian ametsak baitira norberaren oroitzapenak ere. Bigarrenik, eguneroko bizimoduaren epika, lirika eta dramatika aipatu ditu Meabek. Autorearen iritzian, edozein esperientzia birbalorizatu daiteke, eta literaturara ekarri. Eguneroko gauza txikiak oso presente daude Hezurren erreturan. Azkenik, Meabek aitortu du ipuinari buruzko kontzeptu klasikoa dilatatu duela. Izan ere, ipuinen mugak malgutu ditu, narratibitate potentzialak bilatu, eta, finean, istoriorik gabeko istorioak sortu ditu.
Ziluagak lehenago aipatu moduan, Meabek konfirmatu du protagonista bakarra dutela narrazio guztiek. Nolanahi ere, bere belaunaldiko beste neskato batzuen bizipenak ere bildu dituela esan du, eta oso “adoragabetzailea” suertatuko litzaiokeela baldin eta jendeak, liburuan, egilea baino ez balu ikusiko.
Irudiak
