Hil honetan amaituko da Agustin Zubikarai sarira lanak aurkezteko epea
Astelehena, 2020-09-07Urtero legez, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Agustin Zubikarai saria antolatu dute, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Aurten, gainera, hogeigarren edizioa dute. Sari honek nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko du: interesa dutenek hilaren 30era arte aurkez dezakete beren proposamenak. Jarraian bildu ditugu sariaren oinarriak.

Hona hemen Agustin Zubikarai sariaren hogeigarren deialdiaren oinarriak:
1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).
4. Proiektuak, 2019ko irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroa.eus
5. Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2019ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.
6. Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.
7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.
8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
9. Dirulaguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.
10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Aurreko urteetako irabazleak
Hogei urteotan, uzta oparoa eman du Agustin Zubikarai sariketak. Sari horren abaroan idatzitakoak dira, besteak beste, honako liburu hauek: Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz, Katixa Agirreren Amek ez dute eta Garbiñe Ubeda EIEko lehendariaren Hobe isilik.
Iaz, berriz, Idoia Garzesek eskuratu zuen saria, Mendiko gaitza izeneko proiektuari esker. Autorearen arabera «eleberri beltzaren ezaugarriak ditu proiektuak: krimena argitzeko beharra, errealismoa, eta idazkera eta elkarrizketa zuzen eta biziak. Baina ez da oso kanonikoa, hasteko protagonista emakumea delako eta nahiko berezia gainera».
Hain zuzen ere, Arlet Anaut deitzen da Garzesen proiektuko pertsonaia nagusia: «Punky bat [da], destroier bat, haize kontra doana beti. Mendizale porrokatua. Buruargia, ironikoa eta intuizio handikoa. Baina akaso hasi beharko nuke esaten Asperger sindromea duela. Hau da, giza elkarrekintzarako eta komunikaziorako “zailtasunak” dituela (…) Gainera autoritatearekiko alergia patologikoa du». Dena ondo bidean, aurki kaleratuko da Garzesen lana.