Albisteak

Hiriaren idazle

Ostirala, 2016-06-17

Paul Auster idazle estatubatuarraren hamaika obra dauzkagu euskaraz. Alberdania eta Txalaparta argitaletxeek ekarri dituzte gehienak, eta itzulpen-ahalegin horri erreparatuko diogu erreportaje honetan.

1947an jaio zen Paul Auster, New Jerseyn. Hala ere, New York hirira joan zen unibertsitateko ikasketak egitera, Columbia unibertsitatera, eta orduz geroztik, hiri horretan bizi da. Ez da xehetasun hutsala, izan ere, New York hiriak sekulako garrantzia eta presentzia dauka Austerren lanetan. Gaztaroan, Frantzian ere bizi izan zen, Parisen, 4 urtez. 1974an itzuli zen jaioterrira, eta hantxe geratu.

1985ean argitaratu zuen lehenengo eleberria, eta, orotara, hamabostetik gora eleberri kaleratu ditu. Lehen hiru eleberriek sorta bat osatzen zuten, New Yorkeko trilogia, hain zuzen ere, eta liburu horiei esker lortu zuen sona. Euskaraz, hainbat lan dauzkagu irakurgai. Alberdania etxeak plazaratu ditu Brooklyngo erokeriak (2006), Bidaiak scriptoriumean zehar (2007), Gizona ilunpean (2008), Ikusezin (2009) eta Sunset Park, jakina. Oskar Aranak itzuli ditu horiek denak. Txalaparta argitaletxeak, berriz, bi obra plazaratu dizkio: Kristalezko hiria (2006), Harkaitza Cano itzultzaile; eta Neguko egunerokoa (2015), Arana itzultzaile.

Erreportaje honetan, Austerren hiru lani erreparatuko diogu.

Brooklyngo erokeriak

Alberdania etxeak (eta ezein etxek) Austerri euskaratu zion lehenengo eleberria da hauxe. Lan sonatuenetako bat du, eta gogo beroz hartu zuten irakurle euskaldunek. Aritz Galarraga kritikariak, adibidez, azkenaldian egindako plazeren zerrenda sartzeko moduko irakurralditzat jo zuen.

Laburpena:

Nathan eta Tom osaba-ilobak dira. Osaba dibortziatuta dago eta bizitzan gorabehera franko bizi izan eta gero, ezertan askorik sinesten ez duela, biriketako minbiziaren putzutik burua ateratzen aurkitzen dugu bere haurtzaroko Brooklynen. Bakarrik. Iloba, berriz, ikasle garaian oso gora igo behar zuela ematen zuena, behera-behar geldiezin batean dago. Bakarrik hau ere. Brooklynen, halabeharrez. Hirukotea osatzen duena, Harry, iragan iluneko arte faltsutzaile izandakoa da, eta, gaur egun, Tomen ugazaba, bigarren eskuko liburu-denda batean. Hiru hari nagusi horiekin zutean, eta zeharka sartzen diren hainbat eta hainbat pertsonaia eta kontakizun gogoan erraz gelditzen direnekin osatzen du Paul Auster-ek tapiz bizi eta ero hau.

Eleberri distiratsua da Brooklyngo erokeriak (Auster-en lehen lan euskaratua), etsipena maitasun bihurtzen dakiena, argia, bizkorra, barre-eragile sotila; gauzatzen diren eta zapuzten diren ametsen gainean diharduena.

Xehetasunetan ei dago istoriaren gakoa eta indarra. Galarragak, berriro:

Baina Brooklyngo erokeriak nobelaren sekretua xehetasunetan datza. “Zergatik luzatzen naizen xehetasunetan?” galdetzen dio irakurleari Nathan narratzaileak, “bada istorio honen egia xehetasunetan datzalako, eta istorioa gertatu zen bezalaxe kontatzea beste aukerarik ez daukadalako”. Gertaera itxuraz ezdeusak ezdeusa dirudien beste gertaera batera eramaten du narrazioa, doiki harilkatutako kontakizuna osatu arte. Detailez betetako narrazio honetan, gainera, ez da inongo momentutan irakurlearen pazientzia proban jartzen, jolas neurtua baita Austerrena: narrazioaren tempo-a maisuki maneiatuz, haria, unea nahieran luze-laburtuz, uneoro istorioak eskatzen duen neurrira.

brooklyngo-erokeriak

Sunset Park

2010ean argitaratu zuen Austerrek Sunset Park eleberria, eta urte horretan bertan iritsi zen euskarara.

Laburpena:

Sunset Park, New Yorkeko auzo pobre baten izena da. Badago han, Green-Woods hilerriaren ondoan, etxe bitxi bat, etxe bakarra, AEBetako mendebaldeko larre eta ordokietatik hartu eta New Yorken txertatua ematen duena, zurezkoa. Lau squatter gazte bizi dira bertan. Bizitzan eta gizartean bidea ireki nahian ari dira gazteak. Azken depresio ekonomiko honen pean New Yorkeko gazte batzuek bizitzan aurrera egiteko egiten duten ahalegina kontatzen du eleberriak. Maitasun debekatuak, zorigaiztoak, belaunaldien arteko etenak, krisi sozial nahiz pertsonaletan aurrera egiteko baliabideak, New York... eta Austerren eleberrietan ohikoak izaten diren hainbat osagai ditu kontakizunak. Kontakizunaren egitura bera ere jostagai izan du idazleak. Itzal-argiak ditu kontakizunak, ez da dena iluntasuna, ez da dena argitasuna. Maitasunaren indarra eta beharra antzematen da gertaeren eta pertsonaien hautu eta ibileren azpitik.

Saioa Ruiz kritikariari sobera ezkorra iruditu zitzaion lan hori:

Sunset Park New Yorkeko auzo txiroetako bat baino askoz ere gehiago da; “Munstro ero eta suntsitzaile” (153. orrialdean) horretan txertatutako mikro mundu bat. Bertako etxe abandonatu batean, okupa bizi diren lau gazteen bizitza hondatuaren gordelekua da. Iraganeko gertakari batek ihes egitera bultzatuta, sorterrira itzuli berri diren izaki zaurituak dira. Idazlearengan ohikoa izaten den kontakizun gainjarririk gabe, ongi bereizitako atalez atal, pertsonaia bakoitzaren iragana zabalduz doa. Horrela gorpuztu egiten da hain ezaguna zaigun unibertso austeriarraren konstelazio sare tipikoa: Brooklynen girotu izana, familia barruko tragediak, gizakiaren ahultasuna gogorarazten duen ustekabeko heriotzaren presentzia etengabea, erruaren zama, maitasun erlazio ustelduak eta, noski, testuartekotasun izugarri aberatsa (beisbola, zinea, literatura). Hankaz gora dagoen mundu batean, borrokarako pizgarririk gabeko errealitatean, Wiliam Wyler-en Gure bizitzako urterik onenak (The Best Years of Our Lives, 1946) filmaren presentzia obsesiboak gobernatzen du. Iraganeko gerra batetik eratorritako soldaduen antzera, etorkizunean sinesterik ez duen gazte talde baten erretratu ezkor aski exageratua iruditzen zait”.

sunset park

Neguko egunerokoa

Iaz ekarri zuten Txalaparta argitaletxeak eta Oskar Arana itzultzaileak Austerren azken lanetako bat: Neguko egunerokoa. Autobiografiatzat jo daiteke obra hori. Halaxe azaldu zuen Aranak, atari honetan egin genion elkarrizketan:

(...) autobiografia da, beste lan horiek baino nabarmenago, ziur, zeren asmoa hasiera-hasieratik aitortzen baitigu, neguan sartzera doala diosku, eta beste hau ere bai: “hitz egin orain, berandu izan baino lehen, izan itxaropena hizketan jarraitzeko esatekorik gehiago ez dagoen arte. ...hobe istorioak oraingoz alde batera uztea eta saiatzea aztertzen zer izan den gorputz honen barruan bizirik izatea, bizirik zeundela oroitzen duzun lehenbiziko egunetik gaur arte”. Istoriorik ez, beraz. Fikzio autobiografikoa barik, biografia literaturizatua da hau, edo, ondo esan duzun bezala, memoria ariketa bat. Baina hartzen duen epeagatik eta asmoagatik eta linealtasun bere gisako batengatik (ez baita guztiz lineala kontakizuna), autobiografia peto-petoa dela esango nuke. Eta literaturizatua, jakina, ez asmo historiko edo psikologiko batekin egina, ez egiak eta datuak egiaztatzeko egina, baizik eta irakurle literaturzale batentzat idatzia.

Txalaparta argitaletxekoek honelaxe azaldu dute lanaren sorburua:

2011ko otsailean, Paul Auster idazle brooklyndarra bere bizitzaldiaren neguan sartzen hasia zela igarrita, bizitza horren kontakizunari ekin zion denboraren lerro kronologikoari jarraituz, jazoera batzuk, leku batzuk, eta egoera batzuk hautatuz. Austerren bizialdiak hartzen duen historiaren tarte horretan Amerikako Estatu Batuetan izandako aldaketa sozial eta kulturalaren nolabaiteko lekukotza da liburu hau. Baina, kanpoko gertaerei bezainbeste edo gehiago begiratuz barneko gertaerei, sentimenduei, gertaera haietako bakoitzean Auster izan zen ume, gazte eta helduarengana samurtasun berezi batekin hurbildu da. Gertaerek utzitako arrastoetan barneratu eta haien pisua, esanahia, maia dezifratuz, halabeharraren bihotzean eta zentzuan azterka aurkitzen dugu idazlea neguko eguneroko honetan.

NegukoEgunerokoa

Hiriaren idazle

Ezin Austerri buruz aritu, eta New York aipatu ez. Hauxe esan zigun Aranak:

Badira hiriari buruz espres esandakoak, hari egindako aitortzak, beraren eta New Yorken arteko harremanaren zer-nolakoak, zeren, horixe baita berezitasuna, New York gertaleku eta sorleku baino areago, idazlearen harremanetako baten sujeta delako. Eta harreman horrek sentimenduak eragiten ditu, maitasuna aitortzen zaio, harengan zertzuk diren eder eta itsusi, samur eta zail, azaltzen da. Eta, New York, ia- ia pertsonaia bat da bere kontakizunetan. Hemen ere bai.

Bestetik, zer dute Paul Austerrek eta New Yorkek elkarren arteko, edo elkarren antzeko? Dinamismoa, aipatuko nuke, bere prosa dinamikoa da oso, nekez pausatzen da leku batean, abiadan doa. Hiria ere halaxe doa. Eta, gero, halabeharrerako, bakardaderako eta kointzidentziarako habia oso aproposa ematen du hiri horrek. Hori ere presente dago liburu honetan,.... Bere bizitzan, hobeto esanda.

XX. mendearen idazle

Idazleari berari buruz, ordeaz, zera azaldu zigun Aranak:

Bai, etiketa bat den aren, posmodernoa dela esaten denean, beharbada arrazoi dute, baldin eta esan nahi badute subjektibitatea dela kontakizunetan eta ikusmoldean nagusitzen den ikuspuntua: urbanoa erabat; niaren iragazkitik iragaziak gertaerak, pentsamenduak, deskribapenak, usteak, aieruak; erreferente sozial, ideologiko, erlijioso edo filosofiko sendorik eza eta gertaeren jario halabeharraren mendekoa; porrota, erortzea, galtzea, aldakortasuna, bururatzen zaizkit, beharbada, Austerrek horretatik zer duen pentsatzeko orduan. Idazlea ez da arrotz inguruan gertatzen diren gertaera sozial eta politikoekiko, eta hautua ere egiten du horiek epaitzean, baina, beharbada, gertaerei begiratzeko euskarriak singleak dira, salbu eta subjektibitatea bera. Ezinbestekoa da hori idazle batengan, areago Austerrengan. XX. mendeko fenomeno erraldoi, masibo eta globalen oihartzuna badago bere lanean, noski. Bere istorioen gertalekuaren mikrokosmosean beste gertaera makrokosmiko horien oihartzuna badago, nola ez, baina Auster, ezer bada, kontatzailea da, kontakatilua ere bai, aldika, eta, jakina, pertsonaien inguruan kanpoan gertatzen direnak ere kontatu behar. Horrek ere eder egiten du, nire usterako, kontakizuna. Giro bat aurkitzen du irakurleak. Giro horretan sartzen da. Giroak, hiriak, beste idazle batzuen lanekin alderatuta, presentzia nabarmenagoa du, nire iritzian.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)