Albisteak

"Hitzak hots" literatura eta musika lana plazaratu du Pamielak

Osteguna, 2020-10-29

Bost idazleren zortzi testu plazaratu ditu Pamielak, liburu eta DVD formatuan. Antton Valverdek eta Anjel Lertxundik edukitako bulkadatik jaio zen duela urte pare bat proiektua, zuzeneko emanaldi batean Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren ahotsak elkartuta.

«Zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan?», galderari erantzunez gomutan hasi ziren Anjel Lertxundi idazlea eta Antton Valverde musikaria. Hortik abiatuta testuak begiratzen hasi, Lertxindik Valverderi amuak bota, eta hainbat poema musikatu zituzten. Hortik abiatuta Chillida Lekun emanaldia egin zuten, orain Hitzak hots lanean liburu eta DVD formatuan aurkeztu dutena. Honatx proiektuaren azalpena, Lertxundiren beraren hitzekin:

Hitzak_hots_fitxa

«Antton Valverdek bost poeta, bost emakume musikatu ditu bere kontzertu berrirako. Bost poetika, bost ikuskera eta zortzi poema, eta haiekin sortutako zortzi kantu. Bost poeta, zortzi poema, musikari bat, zortzi kantu. Euskal konpas ezagunean bezala, zortziko bat osatzen du kontzertuak: 5/8.

Kontzertuan zehar, zortzi poemen maila ezagutu ahala, galdera baten oihartzuna –hitzak hots– ibiliko zaigu airean: entzundakoak entzunda, zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu eta poema gutxi euskal kantagintzan?

Galdera horixe egin genion Anttonek eta nik elkarri orain pare bat urte: zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan? Hortik abiaturik, lanean hasi ginen, galderari erantzuteko modu aktibo batean. Poeta emakume batzuk aipatu nizkion, liburu batzuk ere bai aholkatu eta liburue- tako poema batzuk seinalatu. Hortik abiaturik, Anttonek bere selekzioa egin zuen poema gustukoenekin, bere musikara egokitzen zirenekin. Ordutik, gaur entzungo ditugun zortzi poemek bi musika dituzte: poeta bakoitzak eman ziena bere garaian eta Antton Valverdek emandakoa.»

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)