Albisteak

«Ibaia» argitaratu du Uxue Alberdik, «Zirroborroak eta gero» proiektuko fabula berria

Asteartea, 2021-06-29

Uxue Alberdik Ibaia izeneko fabula argitaratu du «Zirriborroak eta gero» egitasmoaren barruan, Paula Estevezen irudiekin, Usurbilgo hirigintza feminista gaitzat hartuta. Bihar Elgoibarren aurkeztuko du, Iban Urizar musikariarekin batera.

Uxue Alberdik Ibaia izeneko fabula argitaratu du «Zirriborroak eta gero» egitasmoaren barruan, Paula Estevezen irudiekin. Usurbilgo hirigintza feminista hartu du gaitzat.

Azala kreazio espazioak hauspotzen du «Zirriborroak eta gero» egitasmoa, etorkizun posibleei buruzko fabulak sortzeko helburuarekin. Uxue Alberdik, bada, Ibaia izeneko fabula sortu du, Paula Estevezen irudiekin, Usurbilgo hirigintza feminista gaitzat hartuta. Hala dio fabularen sinopsiak: «Kaleak, etxeak, plazak, leihoak moldatu zituzten, espazioa antzaldatu portaerak eraldatzeko. Luz eta Izaro arkitektuak zaharrak dira orain eta hiltzeko prestatzen ari dira iraganaren memoria gordetzen duen zingiran. Bertako guztiek ez zuten alabaina iragan horren parte hartzerik nahi izan». Ipuina osorik irakur dezakezue Zirriborroak eta gero proiektuaren webgunean.

Bestalde, bihar, hilaren 30ean, Alberdik bere lana aurkeztuko du Elgoibarren, Iban Urizar musikaria lagun duela. Arratsaldeko 7etan izango da, Kultur Etxeko sotoan. Sarrera eskuratzeko, deitu 943 741 626 telefonora edo idatzi elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera.


 

Orain arteko uzta

Orain arte, sei fabula argitaratu dituzte Araba bildumaren barruan: Katixa Agirreren Loratze-perimetroa —Errekaleor auzo okupatuaz, Josune Urrutiaren irudiekin—, Iban Zalduaren Bisita bat arma museora —Gerrarako Eusko Label Plataformaz, Gorka Olmoren irudiekin—, Danele Sarriugarteren Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan? —kutsadura luminikotik abiatuta, Maite Caballeroren ilustrazioekin—, eta, Karmele Jaioren Eskailerapekopandemia garaian abiatutako zaintza-sareez, Raisa Álavaren marrazkiekin—, Belen Gopeguiren Izan ginen munduaz –La Equidad olio-errota kooperatiboaz, Natalia Carreroren irudiekin—, eta Patxi Zubizarretaren Oraina inoiz ez zen hain etorkizun izan – Behingoz hezkuntza interesatu zitzaien –Ramon Bajo eskolari buruz, Irati Egurenen marrazkiekin–.

Gipuzkoako bildumari dagokionez, Harkaitz Canon abiatu zuen. Kintsugi plazaratu zuen, Goiener energia-kooperatibaren lanean oinarrituz. Azkenik, Iban Zalduak bere fabulari buruz kontatu zizkigunak irakur ditzakezue hemen:  «Utopia anbiguoen bidetik jotzen saiatu naiz».


Albiste honen uberan

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)