Albisteak

Igandean abiatuko da Eztena jaialdia

Ostirala, 2020-09-04

Irailaren 6an abiatuko da Errenteria/Oreretako Eztena arte eszenikoen jaialdia, eta irailaren 12a arte iraungo du. Bertan euskal teatroko antzerki motarik "arriskatuenei" erakusleihoa eskainiko diete antolatzaileek. Igande honetan Gasteizko Tripak kolektiboaren Urruna antzezlana izango da ikusi ahal izango den lehenengo lana.

Eztena arte eszenikoen jaialdiaren XII. edizioa antolatu du Mikelazulo kultur elkarteak, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.

Bere hasierako helburuei fidel, Eztenak aurten ere Euskal Herrian sortzen diren diren proposamen arriskatuenei jarri die arreta, euskal eszenari, eta oro har, sorkuntzari beste begirada mota bat zabaldu nahian. Aurten, bi ardatz izango ditu jaialdiak:

-Euskal teatroko belaunaldi berrien lanak erakustea. Eztena jaialdia antolatzen dugunon ustez, azken garaietan azaleratzen ari diren belaunaldi berrietako sortzaileen artean proposamen interesgarri eta arriskatu asko dago, lagundu, bultzatu eta ezagutu beharrekoak. Bereizgarri gisa, dramaturgia berriek protagonismo handia dute proposamen hauetan, eta baita “gorputzaren politikek” eta generoari loturiko gaiek ere. Haiekin osatu dugu aurtengo egitarau osoa: Formol kolektiboa, Tripak kolektiboa, Erika Olaizola eta Kamikaz kolektiboa, Hatxe taldea, Jon Ander Urresti, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua.

-Errenteriako 700. urteurreneko ekitaldiekin bat eginez, Eztenaren barruan ez ohiko laborategi bat antolatu dugu, Sra Polaroiska kolektiboaren eskutik: kolektiboko kideek ikerketa bat egin dute udan zehar, herriko Gamon Zumardiko dantzaldi ezagunak ardatz hartuta. Horretarako, hainbat dokumentu aztertzeaz gain, dantzaldiak ezagututako herritarrak elkarrizketatu dituzte. Horretan guztian oinarrituta laborategi parte hartzaile bat gidatuko dute irailaren 7tik 12ra, eta horren emaitza jaialdian ezagutu ahal izango dugu, performance ireki batean.

Ardatz horiez gain, ekimen hauek ere emango dira jaialdian:

-Bi konpainia egongo dira aste osoan zehar sormen prozesuan dauden bi proiekturen egonaldiak egingo dituzte haien egileek: Formol kolektiboak batetik, Jon Ander Urrestik bestetik. Egonaldien amaieran, erakustaldi irekiak egingo dituzte, publikoarekin sormen prozesua partekatzeko.

-Tripak kolektiboak, bere emanaldia eskaintzeaz gain, performance ikastaroa eskainiko du: “Tripak kalera: antzerki tailer esperimentala”.

Bizi dugun garairako gogoeta

Egitaraua aurkeztearekin batera, Eztenako antolatzaileek gogoeta ere plazaratu dute:

"Eztena jaialdia normalean ekainean antolatzen dugu eta aurten, beste ekitaldi askorekin gertatu den bezala, koronabirusaren krisialdiaren ondorioz irailera pasatu behar izan dugu. Neurri handi batean berrasmatu egin behar izan dugu egitaraua, eta hainbat ekitaldi errotik berplanteatu. Zentzu horretan, bi gauza adierazi nahi genituzke: batetik, jendarte gisa ezin garela lokartu, kultura beharrezkoa dela, badaudela moduak egungo egoeran ere kultura antolatzeko eta babesteko, borondatea eta baliabideak jartzen baldin badira. Beharrezkoak dira zaintza sareak kulturan ere eta, zentzu horretan, adierazi nahi dugun bigarren gauza: gure esker ona Errenteriako Udalari, inplikazioagatik eta berrantolaketa posible egiteko agertutako babesagatik."

Eztenakide egiteko aukera

Eztena jaialdian duela urte batzuk Eztenakideen figura sortu zen, publikoaren ideia aktibo bat sortu eta bultzatu nahian: "publikoak iritzia dauka, kritikoa izaten daki, ez da hartzaile pasibo hutsa". Zentzu horretan, esperientzia ezberdinak sortu izan dituzte, ideia hori sozializatzearren. Aurten beste bide bat hartuko du ekimenak: Eztenakideen zerrenda eguneratuko dute aurten eztenakide egiten direnekin. Eztenakide txartela ateratzen dutenek, parte hartzeko bi aukera izango dituzte:

-Eztenakide txartela. Jaialdian zehar egongo diren emanaldietan aurkeztu dezakete txartela. Emanaldi bakoitzeko zigilu bat jarriko zaie txartelean. Bost emanaldi ikusten dituztenek antzerki liburu bat jasoko dute opari, eta sei ikusten dituztenek jaialdia pasa eta gero “antzezlan sorpresa” bat ikusi ahal izango dute aurrerago, antzokian, esklusiban.

-Eztenakide sarea. Txartela hartzerakoan, Eztenakide sareko parte izateko gonbitea jasoko du (borondatezkoa): Aurtengo zerrenda berrituarekin “Eztenakideen zaintza sarea” osatuko dute. Publikoaren eserlekuetatik euskal teatroa bultzatzeko eta babesteko, bakoitzak bere ahalen neurrian. Hasteko eta behin, urtean zehar Eztenan ikusitako taldeen jarraipena egiteko informazioa partekatuko da, haiei emanaldien inguruko iritziak bidaltzeko aukera, emanaldi berrien berri… sare sozialetan ere eztenakideen artean elkarlana egitea bultzatuko da, sortzaileen eta publiko aktiboaren hartzeko komunikazioa bultzatuz.

Sarrerak nola eskuratu

Sarrera guztiak doakoak dira, baina aurretik erreserbak hartu beharko dira, Errenteriako Udalaren bitartez: kulturako bulegoen harreran, astean zehar 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Egunean bertan ere sarrerak eskuragarri egongo dira ordubete lehenagotik beti ere erreserbatik aurretik ez balira agortu.

Eztena.eus webgnetik bideratu daitezke eztenakide txartelerako eskaerak, eta erreserben eskaerak ere.

eztena 2020

EGITARAUA

Irailak 6.

-19.30, Niessen auditorioan, EMANALDIA.

Taldea: TRIPAK.

Lana: Urruna.

Irailak 10.

-18:30, Niessen entsegu gelan, EGONALDI IRTEERA.

Taldea: Jon Ander Urresti.

Obra: Baserri galduen gorputz biziak.

-19:30, Niessen auditorioan, EGONALDI IRTEERA.

Taldea: FORMOL.

Obra: Album.

Irailak 11.

-19:00, Niessen auditorioan, EMANALDIA.

Taldea: Xanti Agirrezabala.

Obra: Satiro.

-20:30, Niessen auditorioan, EMANALDIA.

Taldea: Maite Aizpurua.

Obra: Erresistentzia arazo fisikoa da.

Irailak 12.

-17:00, Niessen auditorioan, EMANALDIA.

Taldea: Kamikaz kolektiboa, Erika Olaizola.

Obra: Panpina.

-19.00, PERFORMANCEA.

Taldea: Sra. Polaroiska.

Obra: En busca del baile perdido /Dantzaldi galduaren bila.

-22:00, Niessen auditorioan, KONTZERTU-EMANALDIA.

Taldea: Hatxe.

Obra: Panpin hautsien dantza.

Antzerki-performance IKASTAROA:

-Egunak: irailak 10-12.

Norentzat: irekia, izena eman behar da aurretik.

Taldea: TRIPAK kolektiboa.

Tailerraren izena: "Tripak kalera: antzerki tailer esperimentala"

EGONALDIAK:

Irailaren 4tik 12ra bi proiektu egongo dira egonaldiak egiten, eta amaieran saio irekiak eskainiko dituzte:

-Taldea: Jon Ander Urresti (irailaren 7tik 12ra Niessen entsegu gelan)

Obra: Baserri galduen gorputz biziak.

-Taldea: FORMOL (irailaren 4tik 12ra Niessen auditorioan)

Obra: Maketa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)