Iraganari buruz, orainean
Poema-liburua aurkeztu du Tere Irastortzak: Mundua betetzen zenutenAsteazkena, 2015-10-07Poema-liburu bat kaleratu du Tere Irastortzak, Mundua betetzen zenuten, Pamiela etxearen eskutik. Atzo aurkeztu zuten, Donostian. Heriotzari buruz hitz egiten badu ere, bizitzaz beste hainbeste jarduten du Irastortzaren liburu berriak. Izan ere, autoreak ez du asmo izan liburu gehiegizko tragediaz edo fribolitatez hitz egitea, gure gizartean egin ohi den moduan, heriotzaren gaiari gagozkionean. Poemak idazteko bidean, lagun egin diote beste autore batzuek ere heriotzaz idatzitakoek. Jose Angel Irigarai editorearen esanetan, beste mugarri bat da Irastortzaren literatur ibilbidean, bizitza ulertzen saiatzeko eta esanezina esaten saiatzeko ariketa poetiko zorrotza.

Mugarri poetikotzat du Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editoreak Tere Irastortzaren poema-liburu berria. Izan ere, ale berri bat dakarren aldiro, Irastortzen asmatzen omen baitu existentziari dagokion horri mundu bat topatzen, hizkuntza eta iruditeria poetiko zehatz batekin xehe-xehe egiten. Liburuan hildako batzuk badaude ere, bizitzari kantu bat da egiatan liburua, bizitzaren onak eta txarrak kontuan hartzen dituena, noski, baina lantururik gabe.
Tere Irastortzak berak azaldu zuen liburuaren osaera. Batetik, hasieran, badaude poema espresionistagoak, egoera jakin batzuk adierazten dituztenak. Maite izandako norbait hil zaion edozeinek ezagutzen dituen egoerak dira horiek, eta heriotzaren ebidentzia mamitzen duten egoerak dira, zartakoak, inarrosaldiak. Bestetik, mendian galduta aurkitzen garenean bezala, geure bidea berriz topatzeko moduko poemak daude, zenbakituak (1,2,3,4), grafikoagoak. Bukaera aldera, norbere burua hobeto kokatuta, sosegu antzeko bat iristen da poemetara. Geu hilko garela irudikatzearekin bat, ingurukoei arrasta bat utziko diegula guk ere, geuri geure hildakoek utzi bezala: geureen moduko keinuak esango dituztela, akaso geuren moduko hitzak... Irastortzak ez ditu poemak pertsonalizatu izan nahi, hari edo besteari eskaini, ulertzen baitu gisako egoerak bizitzari berari eta ondorioz bizidunei dagozkiela, eta nahiago izan du modu orokorragoan islatu sentimendu horiek, modu irekiagoan, nahi bada.
Aurkezpenarekin amaitzeko, eta azaltzen saiatutako akaso poemek eurek azalduko luketela hobekien pentsatuta, liburuko bi ale irakurri zituen Irastortzak: