Albisteak

Irailaren 25etik 27ra, hitza izango da giltza

Astelehena, 2020-09-14

"Atea" izango du gaia, "Hitza da giltza" leloa. Literaturia literaturaren jaialdia irailean izango da aurten, Zarautzen, 25etik 27ra. Ohiko moduan egitarau anitza osatu dute, liburua eta literatura euskarri anitzetan plazaratzeko: liburu-azoka, solasaldi, antzerki, kontzertu... Guztiekin helburu bakarra, euskal literaturari jendartearen atea zabaltzea. Aurten bizi dugun egoera ez ohikoa dela eta, Ahotsenearen egitarauari lotuta barruan egingo dituzte azken liburu nobedadeen aurkezpenak.

"Hitza da giltza". Lelo horrekin berarekin ari ziren lanean antolakuntzako kideak, koronabirusaren krisiak eztanda egin aurretik. Maiatzean antolatzekoak ziren Literaturia, baina, beste hainbat kultur ekitaldirekin gertatu den bezala, uda ostean egin behar izan dute hitzorduari eusteko ahalegina. "Hitza da giltza" izango da, beraz, irailean; eta akaso, ezustean, espero baino zentzu beteagoa hartu du leloak, kulturak bizi dituen zailtasunen testuinguru ez ohiko honetan. Ahalegin horen isla dira, hain zuzen ere, antolakuntzako kideek zabaldu berri dituzten hitzak:

"Azken urteetan bezala, Literaturia jaialdiaren 2020ko edizioa ere Zarautzen izango da, herriko hainbat gunetan. Urtero bezala, udaberrian hasi behar zuen euskal literaturari eskainitako jaialdiak, baina, COVID-19aren pandemia tarteko, atzeratu egin behar izan zen, nahi bezala ospatzeko modurik ez zegoela eta.

Literaturiako antolatzaileon asmoa izan da Literaturia bertan behera ez uztea, uste baitugu ezinbestekoa dela krisi garaietan ere kultura egiten eta sustatzen jarraitzea. Hori dela eta, maiatzetik irailera atzeratu genuen, egoera hobea izateko esperantzaz. Hala ere, maiatzean, 2020ko Literaturiaren jatorrizko datan, Iban Zalduak idatzitako eta Julen Ribasek ilustratutako ipuin labur bat argitaratu genuen, Berriarekin elkarlanean, egun horietan Literaturiari keinu egiteko, jaialdia bera momentu horretan ezinezkoa zen arren.

Aurtengo edizioak, beti bezala Zarauzko Udalarekin eta Zarautz Kulturaren laguntzaz antolatuak, badakar hainbat berrikuntza. Musika plazatik Lege Zaharren enparantzara mugitu dugu ohiko liburu azoka, eta, bertan, lehen aldiz karpa bat jarriko dugu, azoka bertan egiteko, Udalak hobekuntza horretarako dirulaguntzaren aurrekontua handitu izanari esker. Gainera, aurten Ahotsenea sortzaileen gunea ere izango dugu Literaturian. Azkenik, lan eskerga egin da jaialdi osoan zehar COVID-19aren pandemia dela-eta hartu beharreko segurtasun eta osasun neurri guztiak beteko direla bermatzeko, bai ekitaldietan bai azokan.

Urte honetako ekitaldiak bi gunetan egingo dira: Modelo Aretoan eta Lege Zaharren enparantzan, eta, azken edizioetan bezala, bi omendu izango ditugu bertan: Leire Bilbao idazlea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE). Egitarau oparoa eskainiko dugu aurten ere, Zarautz euskal letren plaza bilakatzeko hiru egunez."

 

EGITARAUA OSORIK:

Irailak 25, ostirala

Modelo Aretoan:

20:00 – Manifestua. Garazi Arrula

20:15 – Modelo baten bizitza sekretua antzerki-performancea

Metrokoadroka – Sarrera 7 €, 2 euroko liburu bonua opari

Irailak 26, larunbata

Lege Zaharren enparantzan:

12:00 – Azokaren irekiera, EIZIEri Literaturiako oroigarria emanez

12:00-13:30 – Liburu azoka

16:30-19:30 – Liburu azoka

Egun osoan liburu aurkezpenak, Ahotsenearen eskutik

Modelo Aretoan:

11:00 – Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa

Mariano Hurtado eta Nerea Ariznabarreta

12:30 – Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko

Idoia Santamaria, Beñat Sarasola eta Isabel Etxeberria

18:00 – Kax-kax-kax! ikuskizuna

Katixa Agirre eta Maite Larburu

22:00 – Manipulazio estrategiak diskoaren aurre-estreinaldia

Petti – Sarrera: 5 €, 2 euroko liburu bonua opari

Irailak 27, igandea

Lege Zaharren enparantzan:

11:00 – Liburu azoka

Modelo Aretoa

11:00 – Ateko zirrikitutik ipuin kontaketa

Leire Bilbao

12:00 – Leire Bilbaori omenaldia

12:30 – Literateak mahai ingurua

Miren Amuriza, Antton Olariaga eta Aitor Arregi. Mikel Soto moderatzaile.

17:00 – Letragintza: hitza musikaren giltza?

Anari eta Ruper Ordorika. Jon Eskisabel moderatzaile.

Ikus HEMEN Hiru Damatxokoek kartelarekin batera egindako aurkezpen lana.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)