Albisteak

Irati Goikoetxeak irabazi du Igartza saria

Asteazkena, 2019-09-18

Irati Goikoetxeak irabazi du Igartza saria, Herriak ez du barkatuko proiektuari esker. Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak ematen dute beka-sari hori, idazle gazteen lana laguntzeko. Goikoetxearengana jo dugu, saria jaso osteko lehen irudipenak biltze aldera.

Pozik eta gogoz jaso du Irati Goikoetxeak Igartza saria. Albistea eman berritan jo dugu berarengana, eta hauxe kontatu digu.

"Uste dut herritar bakoitzak bizikidetza osasuntsu baten eraikuntzan agente aktiboak izan behar dugula; hau, eta umiltasun osoz, nire ekarpen literarioa izango da".

Igartza saria jaso berri duzu, Herriak ez du barkatuko proiektuari esker. Aspalditik zenerabilen buruan proiektu hori?

Aspalditik nuen aukeratutako gaiaz, azken hamarkadetan terrorismoak eta indarkeriak eragindako minaz eta sufrimenduaz, bainarik gabeko min humanoaz, alderik, alderaketa eta justifikaziorik gabeaz, idazteko gogoa. Etxean txikitatik hezi gaituzte naturarekiko, gizartearekiko eta pertsonekiko konpromisoan, baita orain garatzera noan gai honetan ere. Azken bi urteotan, gainera, Nafarroako Gobernuan Bizikidetza atalean egiten ari naizen lanak gaian oraindik eta gehiago murgiltzeko aukera eman dit. Proiektu gisa Igartzara aurkezteko ideia berriagoa da. Azken urteotan Igartza Saria gertutik bizi izan dut, baina ez dut nire burua erronka horretan inplikatzeko beharrik sentitu edo egokierarik ikusi. Maiatzean konturatu eta neure buruari esan nion “35 urte betetzera noa… eta egin nahi dudan hori Igartzaren bidez egiten saiatzen banaiz? Saiakera bat egin nahi badut azken aukera izango da”. Neure buruari erronka bota nahi izan diot eta lortu dut proiektua garatzeko aukera.

Aurrez ere publikatua duzu ipuin-liburu bat, eta literaturarekin lotutako hainbat proiektutan zabiltza. Zein da zure erronka kasu honetan?

Erronka neure buru-sormen-emozioak eleberri baten idazketan murgiltzea da. Idazketa diziplina iraunkorragoa eskatuko dit eta esperientzia berri bat izango da niretzat. Horretaz gain, eta lehendik egindakoaz gainera, aukeratutako gaiaren inguruko lanketa pertsonal eta kolektiboa egin nahiko nuke eta horrek uste dut pertsonalki asko aberastuko nauela.

Gaiari dagokionez, uste dut herritar bakoitzak bizikidetza osasuntsu baten eraikuntzan agente aktiboak izan behar dugula, hau, eta umiltasun osoz, nire ekarpen literarioa izango da.

Beasaingoa izanda, ilusio berezia egin al dizu Igartza saria jasotzeak?

Igartzak jatorrizko kokagunea Beasain duen arren, egin duen ibilbide luze eta oparoagatik, iruditzen zait Igartzak lortu duela Euskal Herri mailako errekonozimendu bat, esango nuke Igartza Beasainena bai, baina batez ere, euskal literaturarena dela. Igartza Saria jasotzeak ilusio berezia egin dit, Igartza Saria bera berezia dela iruditzen zaidalako. Egia da antolatzaileen artean dauden herriko alkatearen edo CAFeko euskara arduradunaren poza, elkarren ezagutza badugulako aspalditik, gertutik sentizea oso ederra izan dela. Oso gozoa da idatzi nahi dugun gazteoi Igartza Bekak eskaintzen digun aukera; eskertzekoa da Beasaingo Udalak, Elkarrek eta CAFek egiten duten ahalegina eta lana. Herritar asko inguratu da modu berezi batean zoriontzera eta erabat eskertuta naukate.


 

Autoreari buruz

Beasainen 1984an jaioa. Matematikako irakaslea da Goikoetxea, bertso jarrietan nahiz literaturaren arlo ugaritan nabarmendutakoa, eta Segura Irratian “Itaka” izeneko kultur saioaren gidaria. Hainbat ipuin sariketa irabazi izan ditu, eta ipuin-liburu bat argitaratu du: Andraizea (Erein, 2014). Hementxe irakur dezakezue liburuaren harira gure atarian egin genion elkarrizketa. Gaur egun, Nafarroako Gobernuan bizikidetza alorrean ari da lanean.


 

Proiektuari buruz

Hona hemen proiektu irabazlearen laburpena:

41 urte ditu Oihanak, eta duela 22 urte aita galdu zuen, ETAk erailda. Bi seme-alabaren ama da, 14 eta 5 urte dituztenak, eta bere alaba txikiaren galderak tarteko hasiko da hogeita bi urte lehenagoko gertakariak berritzen. Ezberdinen arteko bizikidetztzaren aldeko jarrera erakusten du nobelak, gizarte hobe baten aldeko lanketan biktima asko egiten ari diren lana, minaren aitortza, enpatia eta solidaritatea, iraganaren transmisio gorrotorik gabea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)