Isa Diazek "Sano erradikal" poesia liburua plazaratu du
Osteguna, 2020-07-09Isa Diazek "Sano erradikal" poesia liburua plazaratu berri du Alberdania argitaletxearen eskutik. Bertan, bizitzaren aldeko aldarri politiko bat, edo bizi-pozaren ospakizuna: "Ijijiii!" oihuaren energiarekin dantzan jarritako iraultzarako interpelazioa.

Sano erradikal honen aurretik bi liburu ezagutuak genizkion Isa Diazei, bi sariketen eskutik argitaratutakoak: Ura badoa maldan behera (1996an, Arabako Foru Aldundiaren eskutik) eta Ontzi iluna (1998an, Kutxaren eskutik, osorik irakurri daiteke sarean). Orduz geroztik isilune luzea, nahiz eta bere poemak irakurri ahal izan diren hain bat lan kolektibotan. Honatx aurkezpenean esandako batzuk, eta aurkezpena bera:
Isilaldiaz: “Isilune luzea izan da argitaratu gabe, baina urte hauetan guztietan jarraitu dut idazten. Arrazoia? Bizitza, bizitzak berak eramaten gaitu bide batzuetatik. Denbora aurrera doa eta gu harekin ,eta horri esker ere gaur hemen gaude liburua aurkezten”.
Tituluaz: “Hitzaren adiera ezberdinekin jolastu du. sano “oso” da, eta erradikala “erroa”ri egiten dio erreferentzia. Hau bada mundua errotik aldatzeko nire aldarria, proposamena, denok behar duguna, bestelako mundu bat posible bada, eta izan behar da guztiz bestelakoa”
Tituluaren azpititulua oihu bat da, “Ijijiii!”, sorginen oihua gogora ekartzen duena: “hemen bada konplizitate bat eta interpelazio bat. Konplizitate bat islatzen dena liburu osoan, konplizitate hori laburbilduko nuke beste hitz batean: sonoritatea, soinua, kantua. Eta interpelazioa: munduaren beste erdi horri egindakoa, komunikazio hori behar dugu, beharrezkoa dugu. “Ijijiii!” oihu hori bada konplizitatea, zabaldu dudana hasierako poemarekin, eta sarreran dagoena aitzin-solas moduan”
IJIJIII!
Liburu hau hiretako dela
goza dezanank
ohean
komunean
edo baratzean
horizontal
trans-bertsal
bertikal
nahi dunank bezala
baina goza ezank.
Liburuak sei atal ditu: “hau poesia da, hitza da, metafora da, sinbologia da. Zenbakiek ere sinbologia bat dute, eta niretzat sei zenbakiak oso markatua: alde batetik edertasuna da, bizitza bera da, muturretan dagoenaren arteko batze bat, sei ere bada karbonoaren zenbaki atomikoa. Liburu honetan egiten dudan bizipozaren aldeko aldarriarekin eta oihuarekin bat egiten du: bizipoza, indarra, barrea, osatzaile delako, osasuntsua delako, osatzaile delako, eta zaintzaile ere bai. Gure mundu berri honen oinarrian egin behar litzateke hori, mundu berri bat, sano bat. Ilustrazio erradikal berri bati egiten diot diosala.”
Edertasunaz eta poesiaz: “Edertasunak letra larriz ez du zerikusirik polita denarekin, egiarekin baizik. Orduan, edertasunarekin hunkitu eta egia jasotzen dugu eta ezagutzen dugu, egiak minarekin, saminarekin eta horrorearekin ere badu zerikusia, baina ez badira edertasunaren bitartez azaltzen ezin ditugu ulertu. Hori da nik edertasunari ematen diodan esanahi zabala, eta nik uste dut hori dela gainera sormenaren helburua, jo behar dugula horra, sormenaren edozein adierazpideetan: poesian, pinturan, antzerkian… hemen mina dago, horrore pixka bat ere egon badago, badago zapalkuntza baten salaketa, oihuak badaude, baina horiek guztiak saiatu naiz edertasunaren bidez azaltzen. Bestela mina handiegia da eta ezin dugu egia hori barneratu.”
Jai giroaz, ospakizunaz, festaz: “Nabarmentzen dut liburuan indar bereziz: bizitza ederra ere, bada.”