Itzulpenak barra-barra (II)
Asteazkena, 2019-11-27Pasa den astean ahotan hartu genituen Katakrak argitaletxean eta Literatura Unibertsala bilduman kaleratu berri diren itzulpenak; nolanahi ere, ez dira aurtengo bakarrak. Aurtengo uztan, Elkarrek, Igelak eta Txalapartak ere euskaratu dituzte hainbat lan. Jarraian xehatu ditugu horiei buruzkoak.
Klasikoak eta berriak
Joannes Jauregi gure kolaboratzaileak elkarrizketa egin dionez Igelako editore –eta itzultzaile– Xabier Olarrari, aitzakia baliatu eta hemen bildu dizkizuegu argitaletxe horrek aurten ekarri dituenak. Lau dira denera. Horietako bi, klasiko esaten zaienetakoak, Robert Louis Stevensonenak biak: Catriona bata, eta Ballantraeko premua bestea. Xabier Olarrak itzuli ditu biak, eta bigarrena berrargitalpen bat da, 1994an kaleratu zuten lehen aldiz.
Bestalde, narratiba garaikideari ere egin diote lekua Igelakoek, ohi duten bezala. Batetik, irailean, Bihotza nora, zu hara izeneko eleberria ekarri zuten, Susanna Tamarok idatzi eta Fernando Reyk itzulia. Amona baten eta bere bilobaren arteko harremana du hizpide liburuak, zeina duela 25 urte kaleratu baitzen estreinakoz Italian. Argitaletxeko webgunean dioenez, “Amona Olgak, jakinik ez duela luzaroan iraungo, etxetik urrundu berria den neskatoari bere bizimoduaren zenbait gertaera argitu nahi dizkio, adin zail horretako bien arteko gaizki-ulertuak eta harremanaren nondik norakoa hobeto ulertzen lagunduko diolakoan”.
Bestetik, Gaël Fayeren Ene herri txikia kaleratu dute, Irati Bereauk itzulita. Gabriel umearen ikuspuntutik kontatu du Fayek historia: “Aita kolono frantsesa eta ama Burundin bizi den ruandar tutsi emigratua izanik, 1994ko hutuen eta tutsien arteko gerra-genozidio-txikizio erabatekoan harrapaturik suertatu zen umea zelarik”. Nobelak arrakasta handia bildu du Frantzian eta hainbat hizkuntzara itzuli da.
Liburuaren harira, zera idatzi zuen Hasier Rekondo literatur kritikariak Berrian: “Nobelara (…) etorrita, bitxiena sarrazkiez harago kontatzen dena da. Auto laguntza liburu teraupetikoen garaian, Fayek benetako literatura eraiki du sabana odoleztatuetatik, alta bada, umorerako prestutasuna galdu barik. Eta agian horrek egiten du nobela afrikar, europearrok nekez ulertu baitezakegu umorerik gabe ezin daitekeela aurre egin bizitzak eskaz iraun dezakeenean. Memoriaren bidez testigu izatea erraza da, dena galdu ondoren kolorez eta bizi grinez narratzea bestelako kontua da. Narratzaile bikainek bakarrik egin baitezakete”.
Pragakoak
Euskal irakurleak bazuen lehenagotik ere Leo Perutzenak irakurtzeko aukera: 2003an, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Bederatzietatik bederatzietara lana euskaratu zuen Anton Garikanok. Orain, gainera, ezagutza horretan sakontzeko bidea zabaldu zaio, Gauez harrizko zubiaren azpian ekarri baitute, lau eskutara, J. M. Olaizola Txilikuk eta Joxe Mari Berasategik. Elkarrek argitaratu du.
Hamabost kontakizunek osatzen dute liburua –hamalau gehi epilogoa–, eta denak daude kokatuta Pragan, XVI. mendearen amaiera aldera. Hasiera batean eman dezake ipuinak guztiz direla independienteak, baina aurrera egin ahala azaleratzen doaz haien arteko loturak, izan ere, “argumentu ondo lotua duen zinezko eleberri historiko bat” baita hauxe.
Galeano gehiago
Fikziotik kanpoko eremura etorrita, Txalapartak, Eduardo Galeanoren Emakumeak argitaratu du. Mikel Vilchesek itzuli du, baina ez da Galeanori euskaraz irakur diezaiokegun lehena. Txalapartan bertan, Hitz ibiltariak –Gerardo Markuletak itzulia– eta Ispiluak. Mundu ia ororen historia –Xabier Alegriak ekarria– plazaratu dituzte, eta gehiago ere ekartzeko asmoa agertu dute.
Antologia bat da Emakumeak, autorea hil ostean apailatua. Fidel eusten dio, hala ere, Galeanoren langintzari, desjabetuen historia kontatzeari. Antologia honetan “izenburuak dioen bezala, bi aldiz ezabatutako horien ahotsa dakar, emakumeak baitira kontakizun bilduma honen muin eta bizkarrezurra. Batetik, jardun publikoa egin duten emakumeak jasotzen dira liburuan, Rosa Luxemburg, Rigoberta Menchu eta Frida Kahlo esaterako; bestetik, mundu osoko hainbat emakume ezezagunen iraultzak eta balentriak”.
Saiakera feministak
Azken urteotan zabaldu den joerari bati segika, aurten ere izango da saiakera feministarik euskarari ekarritakoen uztan. Adibidez, Feminismoa % 99ren alde: Manifestu bat izeneko liburu laburra itzuli du Danele Sarriugartek, eta Txalapartak eman du argitara. Manifestu garaikide hori sei eskutara idatzi dute Nancy Fraser, Cinzia Arruzza eta Tithi Bhattacharya pentsalariek, eta aldarrikatu dute, gaur egungo krisi sozial, politiko, ekologiko eta ekonomikoaren aurrean, oposizio bateratua egin behar duela ezkerreko feminismoak.
Azkenik, ezin ahaztu. Simone de Beauvoirren Bigarren sexua itzuli du Irene Arraratsek. Liburu mardula da Bigarren sexua, mugarrietan mugarri. Eskafandra bildumak argitaratu dute, eta etzi aurkeztuko dute prentsaren aurrean. Horren harira, itzulpen feministei buruzko erreportaje bat osatu du Kattalin Miner kolaboratzaileak, eta ostiralean bertan jarriko dugu irakurgai.
Bien bitartean, hementxe uzten dizuegu Arraratsek gaiaz berriki argitaratu duen artikulu bateko pasarte bat
“Generorik gabeko saiakera bat da Bigarren sexua. Beauvoirrek ez du sekula genero hitza erabiltzen, eta beharrik ere ez, ederki laburtzen baitu pare bat esalditan: «Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da. Ezein destino biologikok, psikikok, ekonomikok ez du definitzen gizaki emeak gizartean duen irudia; zibilizazio osoak sortzen du gizonaren eta zikiratuaren tarteko emaitza hori, femeninotzat jotzen den hori». Esentzialismoa da emakumeentzat prestatutako presondegia, eta Beauvoir miaka ari da espetxe horren zoko guztietan, biologiaren eta historiaren datuak emanez, beren hotzean, eta kultur aparatu patriarkalaren amarru guztiak agerian utziz, beren gordinean”.