Izenburu zaharrak azal berritan
Osteguna, 2019-12-19Neguko txanpan, dena ez da nobedade; bi liburu berrargitaratu dira aurten: Jose Saramagoren Lisboako setioaren historia (itzultzailea: Jon Alonso) eta Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan.

Lisboako setioaren historia
Orain dela 30 urte, 1989an, iritsi zen estreinakoz euskarara Jose Saramagoren Lisboako setioaren historia, Literatura Unibertsalaren bilduman. Aurten, Elkar argitaletxeak kaleratu du berriro, azal berriarekin, Urrezko Bildumaren barruan.
Jon Alonso itzultzaileak hitzaurre jakingarria idatzi zuen liburuaren atarian, eta honela laburbildu zituen idazlearen eta liburuaren beraren bertuteak.
Lisboako Setioaren Historia honek sormen literarioari buruzko ohar jakingarriak eskaintzen ditu —ikusi denez, idazlearen betiko kezka bat—, agian ondorengo esaldi honetan laburbil litezkeenak: hitzak, hitz guztiak, airean dira, hartu eta erabiliko dituenaren zain. Hori dela eta, Jose Saramagok ederki erakusten digu bere hitzarekiko ardura noraino iristen den. Berak aitortzen duen bezala, hitzaren atzean usnaka ari den ehiza-zakurra da, eta hitzaren atzean ibiltze honetan, denetariko aleak harrapatzen ditu. Horregatik, Portugaleko herri-literaturako esaerek, hala idazle klasikoen nola Europako, Portugaleko zein mundu guztiko tradizio modernoaren erreferentziek, Bibliako aipuak eta Koraneko surek, horiek guztiek leku bat aurkitzen dute bere prosaren barruan, ez aipu bereizien antzera, baizik eta bere prosa labainkor eta jorian txertaturik. Testuartekotasun aberats hau dela-eta nazioarteko kritikak agurtu zuen liburu hau, bere garaian, postmodernismo literarioaren adibiderik gorena bezala.
Azukrea belazeetan
Garai bertsuan atera zuen Inazio Mujika Iraolak bere opera prima: Azukrea belazeetan (Erein, 1987). Handik 32 urtera, argitaletxe berak berritu du edizioa, eta kalean dago jada.
Iratxe Retolaza literatur kritikariaren arabera, 80ko hamarkadako euskal narraziogintzaren ikur bilakatu da liburua. Hala dio Retolazak:
Literatur lan horrek 80ko hamarkadako narraziogintzaren hiru ezaugarri garrantzitsu biltzen ditu: batetik, euskal literatura eta mendebaldeko literatura elkarrizketan jartzeko gogoa agerikoa da; bigarrenik, elkarrizketa horren eraginez, errealismo magikoaren zantzuak ageri dira narrazioetan; eta, hirugarrenik, Azukrea belazeetan bildumako narrazio aleek unibertso literario bakar bati egiten diote erreferentzia, narrazio-sare konplexua osatuz, eta elkarri erreferentzia egiten dioten pertsonaiak zein giroak sortuz.