Joseba Larratxe: "Oso marrazki sinple eta eskematikoekin komiki bikainak egin daitezke"
Komikia, mugimendu ikusezina ikastaroa eskainiko du TolosanOstirala, 2015-09-18"Komikia boladan datorren espresio modu artistikoa dela jakina da, baina zergatik? Non egon da ezkutatuta orain arte? Zeintzuk dira bere narrazio tresnak eta nola eraikitzen da komiki bat?". Tolosako Liburutegian eskainiko duen ikastaroan, galdera hauek guztiak argitzen saiatuko da Joseba Larratxe komikilaria. Ikastaroa ez da soilik teorikoa izango. Aukeran, marraztu ere marraztuko dute izena ematen dutenek. Urriaren 5ean hasiko da eta bi hilabeteko iraupena izango du. Joseba Larratxek berak eman dizkigu ikastaroaren xehetasunak.

Bigarrenez antolatu duzue komiki ikastaroa Tolosan. Iazkoaren ildo berbera jarraituko al du aurtengoak?
Pasa den urteko esperientziatik ikasitakoarekin aldaketa batzuk egingo dizkiot gai zerrendari. Baina funtsean ildo beretik joango da tailerra. Baliteke aurreko urteko inork berriro etorri nahiko balu errepikakorregia egitea. Dena den, pasa den urtekoa bikaina izan zen! Oso talde polita bildu ginen. Arlo ezberdinetako jendea apuntatu zen eta bakoitzak balore ezberdin bat ekartzen zuen tailerrera. Nik, nere partetik, uste dut komikienganako zaletasuna trasmititzea lortu nuela.
Komikia, mugimendu ikusezina. Hitzaldi baten kutsua hartu diogu ikastaroaren izenburuari. Zentzu batean hala izango da, teorikotik ere izango duelako ezta?
Bai, saio bakoitzak bi parte izango ditu: lehena teorikoa, komiki bat egitearen prozesuko parte jakin bat jorratuko dugu. Eta bigarren partean ikasitako hori praktikan jartzen saiatuko gara. Horrela, ikastaroaren bukaeran, ikasle bakoitzak komiki labur bat eginda izatea da helburua. Baina tartean komikiaren historia eta izaerari buruz hitz egiteko denbora ere izango dugu.
Hortik dator gehiago izenburua. "Mugimendu ikusezinak" bi ideiari egiten die erreferentzia: batetik, komikiak denbora eta mugimendua modu abstraktuan irudikatzen dituelako (benetako mugimendu eta denboraren iraganik gabe), eta bestetik, komiki zaletasuna lur azpiko mugimendua izan delako, publiko orokorrarentzako ikusezina.
"Helburua istorioak kontatzea da"
Marraztea gustuko dutenentzat, irudi bidez istorioak azaltzeko gogoa dutenentzat… Nori zuzendua dago ikastaroa? Izena ematen duenak, marrazkilari profila izan beharko luke halabeharrez?
Ez halabeharrez, baina egia da marrazteko zaletasun minimo bat izateak gauzak erraztuko zituela. Azken finean, kurtso honek marrazketa erabiliko du tresna modura, baina ez da helburua izango. Oso marrazki sinple eta eskematikoekin komiki bikainak egin daitezke, medioaren helburua istorioak kontatzea delako. Askoz garrantzia handiagoa emango diogu biñeten sekuentziari eta hauek orrialdean osatuko duten konposaketari marrazkiari berari baino.
Hemengo eta kanpoko argitalpenetan ageri da zure sinadura. Azken aldian, Argian ikusi ditugu zure lan asko. Lan egiteko garaian, "komikiaren bolada" hori ere igarri duzu zuk?
Baliteke irudiz saturatutako gizarte honetan marrazketak berezko duen balioa berreskuratzen joatea poliki-poliki. Badirudi jendeak gero eta gehiago apreziatzen duela gure lana, eta horrek bere eragina dauka lan eskaintzan.
Komikia: mugimendu ikusezina ikastaroa
“Komikia boladan datorren espresio modu artistikoa dela jakina da, baina zergatik? Non egon da ezkutatuta orain arte? Zeintzuk dira bere narrazio tresnak eta nola eraikitzen da komiki bat? Bigarren urtez, galdera guzti hauen erantzunak jorratuko ditugu modu teoriko zein praktikoan Komikia: mugimendu ikusezina ikastaroan”.
Ikastaroko gidaria: Joseba Larratxe “Josevisky” komikilaria.
Noiz: Urriaren 5ean hasita bi hilabetez, astelehenero 18:00etatik 20:00etara.
Non: Tolosako Liburutegian.
Matrikula: 20 euro.
Izena emateko: gazteria@tolosa.eus