Albisteak

"Beti itzultzen da iraganeko zerbait"

Julen Belamunok lehen ipuin liburua plazaratu du: Ukabilak eta loreakAsteazkena, 2015-02-18

Senarraz aspertuta, abentura zirraragarri batean katramilatu den emakumea; arrakastaren gazi-gozoetan, aspaldi galdutako aitaren oroitzapenari aurre egin behar dion zinemagilea; errebantxa-konbatearen aurrean, bizitzaren borrokan ere zirt-zart egin behar duen boxeolaria… Julen Belamunok argitara eman dituen lehen narrazioak dira hauek. “Gehienak gaur egungo istorioak dira”,  hala azaldu du liburuaren aurkezpenean. “Beti itzultzen da iraganeko zerbait. Eta horrek astintzen du pertsonaien egoera”.

“Asko estimatzen da batasuna ipuin liburuetan”, Julen Belamunok dioenez. Ukabilak eta loreak (Elkar) liburuko ipuinek, ordea, batasunik ez dutela azaldu du. “Ipuin bilduma bat da. Hautaketa bat egin dugu eta zortzi ipun jaso ditugu liburu honetan”.

Hari edo ardatz jakin bateko ipuinak ez izan arren, badaude konstante batzuk liburuan. Kokapenean, esate baterako. “Zortzitik bost Gasteizen daude kokaturik”.

Gehienak gaur egungo istorioak dira,  horra egileak aipatu duen beste konstantea. “Beti itzultzen da iraganeko zerbait. Eta horrek astintzen du pertsonaien egoera. Badago joko hori, iraganarena. Azken batean iragana beti hor dago, ez da hiltzen. Beti dago presente”.


Pertsonaiak nahikoa ahulak

Ipuin bilduma izanik ere, pertsonaia gehienak nahikoa ahulak direla aitortu du. “Beren bizitzaren jabe izan nahiko lukete, baina inguruko indarrek astintzen dituzte. Kosta egiten zaie beren bizitzan zentratzen, eta zailtasunak dituzte beraiek nahiko luketen bizimodua egiten. Gauza gehienak ez daudela euren esku, ingurukoen esku daudela sentitzen dute, eta horiek erabakitzen dutela beraien bizimodua”, Julen Belamunok aipatu duenez. “Azken zuzenketak egiten konturatu nintzen ipuin batzuetan, pertsonaia bere buruarekin aurrez aurre gelditzen dela”.


Bi sari jaso ditu aurretik

Duela hamar urte hasi zen ipuinak idazten. Eta epe honetan, Julen Belamunok bi sari jaso ditu, biak Ignacio Aldecoa lehiaketan. Eta saritutako ipuin horiek ere bildu ditu Ukabilak eta loreak (Elkar) bere lehen liburuan. Liburuko lehena eta azkena dira saritutakoak, zehatzago esanda.

Sari horiek akuilu izan ziren eta idazten jarraitzeko indarra eman zioten. “Bi sari jaso nituen, eta orduan pentsatzen hasi nintzen  akaso argitaratzeko modukoak zirela nire ipuinak, eta harrokeria pixka batekin aukeratu nuen argitaletxe handiena, Elkar. Ikaragarrizko suertea izan dut, lehenbiziko atea jo eta oso harrera ona egin didate. Eta eskerrak eman nahi dizkiet argitaletxeari eta Xabier Mendiguren editoreari. Hasi berri batentzat, seguridade handia da horrelako editore bat aldamenean izatea”.

Erantsi dugun bideoan, zortzi ipuinen zertzelada nagusiak eskaintzen ditu.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)