Albisteak

Karlos del Olmo: “mundua gaur egun mundua da itzulpengintzari esker”

Osteguna, 2012-12-20

Pasa den larunbatean Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean elkartu ziren Literatura Eskolako kideak. Karlos del Olmo gerturatu zitzaien eskola gidatzera, gai hau zutelarik xede: Euskal itzultzaile aitzindariak. Nor izan ziren gure lehen itzultzaileak? Zer ekarri zuten euskarara? Zergatik? Albiste honetan topatuko duzue egun horretako kronika ttipia.

EIZIE eta Literatura Eskolak elkarlanean antolatu zuten abenduaren 15eko saioa. Karlos del Olmo idazle eta itzultzaileak gidatu zuen, itzultzengintzaren beraren oinarrian dauden kezka eta oinarriak azaleratuz.

Egun idazletzak bilakaera teknologikoaren eraginez ezagutu dituen aldaketa sakonak aipatuz hasi zuen saioa del Olmok. Baliabide elektronikoek, ordenagailuek, Internetek… berebiziko iraultza suposatu dute oinarrizko lan dinamikan hala sormen propioko idazleentzat nola itzulpengintzan dabiltzanentzat. Hortik atzera egiten hasi eta testuinguru historiko bakoitzean itzulpengintzak izan dituen erronkak aztertzeak askorako eman dezakeela ikusi zuten eskolakideek del Olmorekin “historia azaltzeko harreman ekonomikoak erabiltzen dira maiz, baina kulturan oso inportantea da itzulpengintza ere”. Itzulpengintzak sekulako garrantzia izan du ez soilik literatur erreferentzien partekatzean, baita ere giza harremanetan “mundua gaur egun mundua da itzulpengintzari esker, bestela isolamendua sortzen baita. Itzultzea kulturen arteko trasbasea egitea da”.

Bestetik, sarritan aipatzen da, ez arrazoirik gabe, gurea bezalako gizarteetan denok garela neurri batean itzultzaile. Baina bada oraindik harago doan itzulpengintzaren zentzu bat ere “sormenak asko du itzultze ariketatik. Idazten ari zarenean zure idazle kuttunak ere ari zara itzultzen ezinbestean, beste mundu bat ari zaigu iristen beste hizkuntzetatik edo hizkuntza bereko beste egileetatik”. Haiek barneratzea norberaren lanaren itsasoan isurtzen den beste itsaso bateko ur apurtxoa da “nik idazteko orduan hizkuntz baliabide eta erreferentziak bilatzen ditut, eta erreferentzia unibertsalak norberaren hizkuntzan edukitzeak asko laguntzen du”.

Baina bada gehiago ere: idazleak berak buruan duen irudia hitzetara eramaten duenean ere, itzuli egiten du. Oro har itzultzailea ere bada idazlea, batzuetan ahaztu egiten dugun arren “itzultzea berridaztea da, beraz, itzultzea idaztea da, itzultzailea ere bada idazlea. Itzulpengintza neurri handi batean teknika da, baina baita artea ere. Ekintza moduan gauza komun asko dituzte idazteak eta itzultzeak”.

Ugazabak

Idazleak bi ugazaba dituela esan ohi da: bere burua batetik, irakurlea bestetik. Itzultzailearen kasuan aldatu egiten da hori: idazlea izango du itzultzaileak gogoan batetik, irakurlea bestetik. Euskal itzultzaile aitzindariek bere gain hartu behar izan zituzten lehen erronken artean egon zen garbizalekeriarena “arazo bat sortu zen horrekin. Nola izan fidel idazlearekin eta era berean irakurlearekin, euskarak zeukan egoera soziolinguistikoan? Oraindik neurri batean badago hori”.

Bestetik, hizkuntza txikia izateak itzulpengintzaren zentzu propio bat dauka, hizkuntza 'handien' egoeraren aldean “hizkuntza handiak esportatzaileak dira batez ere, ez dute hainbesteko beharrik itzultzeko. Gu hartzaileak gara, eta hori ona da, baina arriskua dago asko hartu eta gutxi emateko”. Euskal itzultzaile aitzindarien joerak eta hautuak ulertzera jotzeko tenorean, itzulpengintzaren oinarrian dauden bulkadak ulertzera jo zuen del Olmok “zergatik hasi ziren itzultzen? Batetik eskuzabaltasuna aipatu behar genuke, hau da, edonork inoiz senti lezakeena: egile kuttun bat komunitate kideekin konpartitzeko oinarrizko nahia. Bestetik, helburu ultilitarista izan daiteke motorra: Biblia, kontu politikoak zabaltzea.... transmisio ideologikoa bermatzea funtsean”.

Metaforak itzuli behar diren ala ez, naturalizazioaren eragina jatorrizko erreferentziak kultura propiokoekin ordezkatuz (Orixeren itzulpen batzuk gogoan), itzulpen lanean sor daitezkeen interferentziak edo nahigabeko maileguak... asko izan ziren mahai gainera atera ziren azpigaiak. Karlos del Olmok aipatu zuenez euskararen kasuan oso zurrunak gara oro har “nire ustez desdramatizatu behar da. Geure buruari eta besteei gehiago barkatu behar diogu, gauden estandarizazio unean zaila da muga zurrunak jartzea. Testu bat zuzentzea bera ere nolabaiteko itzulpena egitea da, sistema batetik bestera egiten dena. Horrek arrisku bat dakar beti: estandarrak sortuz aberastasuna gal daiteke. Zergatik sortu eredu zurrunak eta ez aukera ezberdinak?”.

Karlos del Olmok laburbildu zuenez, idazterakoan etengabe ari gara itzulpen ariketa bat egiten “hizkuntzatik hizkuntzara, baina baita ere sistematik sistemara, batuaren eremutik euskalkietara, ahozkotik idatzizkora... Literatura berez minoritarioa bada literatura itzulia oraindik are minoritarioagoa. Irakurtzea gauza intimoa da, beraz desdramatizatu beharra dago”.

Itzultzaile aitzindarien lana gogoan,‘behartasuna’ eta ‘aukera’ren artean ezberdintzeko orduan bere garaiaren testuinguruan ulertu behar diren hautuak egin zituzten askotan “itzulpen perfektua ezinezkoa da, baina itzulpen txar batek ere egin dezake nolabaiteko ekarri bat. Hala ere irakurle perfektua ere ez da existitzen, liburua idazleak nahi lukeen bezala irakurtzea ezinezkoa delako”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)