Albisteak

Koldo Mitxelenaren bizitzan oinarritutako album ilustratua argitaratu dute

Ostirala, 2016-09-09

"Koldo" album ilustratua argitaratu berri du Errenteriako Udalak, Joxemari Carrerek idatzia eta Idoia Beratarbidek ilustratua. Jarraian entzun ditzakezue egileen hitzak osorik.

 

Koldo Mitxelenaren bizitza osoaren prozesua islatzen duen album ilustratua da Koldo. Irudimen handiko haurra izan omen zen Koldo Mitxelena, eta hari horri egin dio tira Joxemari Carrere ipuin kontalari eta idazleak testua sortzeko: "uste dut Koldo Mitxelenak bere lana egin ahal izateko irudimen handia behar zuela izan. Euskararen eta hizkuntzaren gaineko lan handi horri ekiteko aurretik bere buruan irudikatu behar izan zuen guztia: bere desioak, ametsak, kezkak... Koldo, ipuinak hori proposatzen dio irakurleari, alegia, irudikatutako mundu horren barrena bidaiatzea. Hizkuntza, edozein delarik ere, bidaia eder baten gisa hartuz, hainbat lurralde zoragari eta harrigarri ezagutuko ditugu".

portadaesk

Idoia Beratarbide ilustratzaileak izan du bidaia imaginarioa irudiz jasotzeko erronka. Bere ekarpenak hitzek diotena marrazteaz baino, irudiz zabaldu egin dute, hitzaren eta irudiaren bideek elkar osatu dezaten "hamabi ilustrazorekin osatua dago album hau. Ilustrazioaren oinarria erretratuak dira. Erretratu hauek argazkietatik abiatuta sortuak dira, eta collage bidez eraikitako elementuekin osatzen dira".

Bi egileek nabarmendu zutenez, lan honek haiek sinatzen duten arren lan talde oso bat egon da tartean, bereziki Elixabete Perez Gaztelu adituaren laguntza eskertu zuten.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)