Komiki bila dabilenarentzat
Astelehena, 2015-12-07Ez du beste lurralde batzuetan duen oihartzuna. Uzta ere, urria izan ohi da. Akaso horregatik. Hedabideok ez dugulako lan hauetan behar bezala erreparatzen. Baina oihartzun gutxi badu ere, eta uzta urria bada ere, komikiak bizirik jarraitzen du gurean. Komiki bila dabilenarentzat, erreferentzia hauek batu ditugu. Faltako da baten bat. Baina hizpide hartu ditugun guztiak 2015. urtean eman dira argitara.

Kortsarioen ostatua (Xabiroi), Dani-Fano-Guillermo Gonzalez
Komiki liburu hau sei istorio laburrez osatzen da, eta sei kontakizunak euskal kortsarioen istorioetan oinarrituta daude. Atal bakoitzaren bukaeran azalpen historiko batzuk agertzen dira. Errealitatea oinarri hartuta, fikziozko lan bat osatu dute Dani Fanok eta Guillermo Gonzalezek. Marrazkilari handia bada ere, honakoan idazle lanetan aritu da Dani Fano, eta Guillermo Gonzalezek irudikatu ditu Fanoren sei istorioak.
De Rerum Natura 6 (Elkar), Patxi Huarte Zaldieroa
Patxi Huarte Zaldieroak eguneroko errealitate aldakorrari txinpartak ateratzen jarraitzen du: kultura, politika, erlijioa, gizartea, hizkuntza... edozer izan liteke gogoeta harrigarri, dibertigarri edo hunkigarri baterako bide. Gainera, azkenaldian, bere asmamenari talde-lana erantsi dio, twitter-en ikusitako ekarpenik interesgarrienak marrazki bihurtzen baititu, euskaldunen auzolanaren adibide ederra ekarriz.
Ilargiraino! (Ataramiñe), Mikel Orbegozo
Preso nago eta Preso nago 2 komiki-liburuetan hormaz barruko bizimoldea irudikatzetik begia kartzelaren beste aldean finkatzera igaro da Ilargiraino! lan berrian. Prentsaurrekoan, Mikel Orbegozoren ama Marian Etxarri izan zen liburuaren nondik norakoak azaldu zituena: “Beti presoei buruz idatzi du, eta orain bisitan goazenei buruz. Errespetua ematen zion lan honek eta maiz ordu biak arte egon da esna, lanean. Gu oso islatuak ikusten gara lan honetan”.
Justin Hiriart (Erein), Gregorio Muro-Francisco Fructuoso
Justin Hiriart sailak Gregorio Muro Harrieten gidoia eta Francisco Fructuoso Esparzaren marrazkiak ditu, eta betiko abenturazko komikien itxura du. Euskal baleazale talde baten ibilien berri izango dugu orriotan. XVII. mendearen hasiera aldean, Kanadako kostaldean barna mugitzen dira baleazale horiek, eta era guztietako abenturak biziko dituzte, pirata ingelesekin, abenturazale frantsesekin eta indigena indiar eta eskimalekin gurutzatzen baita haien patua.
Berrargitalpen baten aurrean gaudela esan daiteke. Izan ere, Justin Hiriart 1982 eta 1988 urteen artean egin zen, eta bost alek osatzen dute, nahiz eta haietatik hiru besterik ez ziren argitaratu album-formatuan. 1988an Alfred sarirako izendatu zuten –gaurko Fauve d’Or–, Angoulêmeko Nazioarteko Jaialdian.
Nork (Bertsolari), Xabi Paya-Patxi Gallego
2013ko abenduaren 15a: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala bukatu berri da, BECen. Andoni Egañak txapela jantzi berri du, bosgarrenez, eta, azken agurra abesteko mikrofonoari oratu dionean, kamera guztiak begira dituela, ziplo jausi da lurrera, deskarga elektriko batek jota antza denez.
Fikzio horretatik abiatzen da Patxi Gallegok eta Xabi Payak ondutako komikia, thriller-aren bidean garatzen den eta herri kulturari (bertsoa, telesailak, literatura, pornografia...) hamaika erreferentzia egiten dizkion eleberri grafikoa.
‘Nork’ komikian, Patxi Gallegok irudikatu du Xabi Payaren gidoia.
Dublindarra (Astiberri), Alfonso Zapico
Alfonso Zapico komikigile asturiarra hiru urtez aritu zen jo eta su Dublindarra sortzen. Nobela grafikoak James Joyceren bizitza du ardatz, eta hark bizi izandako hainbat pasarte, elkarrizketa eta abentura kontatzen ditu, XX. mendeko pertsonaia hura taxutuz. Bego Montorio Uribarren eta Eskarne Mujika Gallastegi arduratu dira itzulpen lanaz.
Bego Montorio Uribarren eta Eskarne Mujika Gallastegi arduratu dira itzulpen lanaz.
H28 urtekaria (Autoekoizpena), askoren artean
Asisko, Marko, Zaldieroa, Axpi, Joseba Larratxe, Iren, Unai Iturriaga, Eñaut, Patxi Gallego, Laure Gomez, Sustrai Errolan… Urtarrilean hasi zen komikigile talde bat aldizkari satirikoa ateratzen, eta geroztik, hilero plazaratu dute ale bat Interneten. Orain arte egindako lanen aukeraketa batekin urtekari modukoa atera dute paperean.
Asylum (Cear), Javier de Isusi
Marinak 94 urte ditu eta oroitzen da Otxandiotik Bartzelonara, Bartzelonatik Frantziara, eta Frantziarik Venezuelara egin behar izan zuen bideaz. Erbeste hark bat egiten du Sanza, Aina, Chris eta Imeldaren erbesteekin, ihesi doazelarik gerratik eta indarkeriatik, ezkontza behartuetatik, sexu-esplotaziorako salduak izatetik, homofobiatik eta feminizidiotik.
Javier de Isusik erbestearen berri eman asmoz osatu du lan hau.
Argazkia: Javier de Isusi marrazkilariaren Asylum komikiaren aurkezpena.
BioGrafikoa Gabriel Aresti (Erroa), Adur Larrea
Adur Larreak idatzi eta marraztutakoa da Gabriel Arestiren inguruko liburua. Idazlearen sendia eta Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ekimena izan da biografia grafiko hau plazaratzearen ideia. Bilbotar idazlearen izena eta bere lanak ezagutzera emateko asmoz eman dute argitara.
Azaroaren 19an aurkeztu zen komikia.
Asterix eta Obelix, Zesarren papiroa (Salvat)
Jean Yves Ferri-Didier Conrad
Aurrekoa atera eta bi urteren buruan argitaratu dute Asterix eta bere abenturakide Obelixen istorioak biltzen dituen zenbaki berria: Zesarren papiroa.
Komiki-sortaren 36. zenbakia da hauxe, eta Jean Yves Ferri (testua) eta Didier Conrad (marrazkiak) egileen eskutik dator. Euskarazko egokitzapena egiteaz Maialen Arzallus itzultzaile eta bertsolaria arduratu da.
Diamanteak, urrea eta ikatza (Athletic Fundazioa)
Unai Iturriaga-Alfonso Zapico
Athletic Fundazioak Letrak & Futbola literatura, komikia, kazetaritza eta futbola topaketak antolatu zituen azaroaren hasieran.
Eta okasiorako bi komiki ere argitaratu zituzten, bat gaztelaniaz (Santiago García eta Pablo Ríosen El portero) eta bestea euskaraz: Diamanteak, urrea eta ikatza izenekoa.
Unai Iturriagak idatzi du gidoia eta marrazkiak Alfonso Zapicorenak dira. Argazkia: mugalari.info
Oletakorta (REAS-Alboan), Amaia Ballesteros
REAS Euskadik eta Alboan Fundazioak, Amaia Ballesteros komikilariak Parrapean 2015 euskal komiki jardunaldietan aurkeztu zuen Oletakorta, eta argitaratzeko garaian REAS Euskadi eta Alboan Fundazioaren laguntza izan du.
Komiki honek ekonomia solidarioan oinarrituriko proiektu bat martxan jarri nahi duten bost lagunen abenturak kontatzen dizkigu.
Argazkia: Amaia Ballesteros autorea eta Guillermo Otano, Alboan Fundazioaren ordezkaria.
Euskal Herriko Historia Ilustratua 2 (Txalaparta)
Joseba Asiron-Martin Altzueta
Nolakoa izan zen euskal Estatuaren sortze unea, Eneko Aritza errege bihurtu zutenekoa? Zertarako erabili zen egiazki Leireko monastegiko kripta? Historiografia ofizialak Navas de Tolosako guduari buruz kontatzen digunaz haraindi, zer gertatu zen benetan? “Gure Historia Ilustratua”-ren bigarren liburuki honek Nafarroako erresuma independentearen lehen urteetako ilusioa islatu nahi izan du.
Denak ez dira egongo. Eta artikulu honetan dauden guztiak ez dira akaso "komiki" izango. Beste erreferentziarik balego, pozik jasoko genuke hitzenuberan@gmail.com helbidean.
Beste behin ere, artikulu hau osatzerakoan oso lagungarria egin zaigu Komikeri bloga. Euskaraz argitaratzen diren komiki guztien berri eman eta baita aurretik argitaratu izan diren euskal komikiak berreskuratu, aztertu eta ezagutzera emateko asmoz zabaldu zen bloga.