Albisteak

Komikiak Durangoko Azokan

Igandea, 2019-12-08

Ez dakigu zein neurritan diren komiki, nobela grafiko, narrazio ilustratu edo ilustrazio narraztien liburen datu ekonomikoak esanguratsuak edo pisuzkoak. Nola eta den ere, duela urte batzuk moda zirudiena egonkortze bidean dela dirudi, literatur zalerik irudi(men)zaleenen gozamenerako. Euskararen iruditeria tituluz titulu joan da osatzen eta zabaltzen azken urteetan, eta aurten ere ez da titulurik faltako Durangon. Artikulu honetan gogora ekari ditugu azkenaldian plazaratu diren titulu batzuk.

Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe: Joana Maiz (Harriet)

Erresistentzia da Joana Maizen gakoetako bat. Joseba Larratxe eta Yurre Ugarteren lehenengo nobela grafikoaren protagonistak uko egingo dio euskal historia kanonikoaz diharduen gidoia filmatzeari, eta castingean baztertutako atsoa berreskuratuko du: etxetik kaleratua izatekotan den andre zaharra. Hala, bizi-une ezberdinetan dauden bi antigona elkartuta, erresistentzia da, bientzat, jarrera askatzaile bakarra.

Hitzen Uberanen honela eman genizuen liburuaren berri: Iritsi da Joana Maiz.

joana maiz

Harkaitz Cano eta Adur Larrea: Antzara eguna (Txalaparta)

Polita, garai baten isla, memoria historikoa... eta humanitatea. Santi Brouarden heriota (basa) baino gehiago, pertsonaren bizitza du ardatz liburuak. Adur Larreak eta Harkaitz Canok fikzioaren bidez lortu dute Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak biltzea, ekinbide publikoa eta bizitza pribatua jostea, iragana eta oraina lotzea, garai baten kontaketa bizia marrazteko.

antzara-eguna-txalaparta-eus

Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado: Amets alokatuak (Ikastolen elkartea / Xabiroi)

Xabiroi-ren eskutik bi egileak egiten ari diren elkarlanean urrats bat gehiago: "Etorkizun hurbil batean, jendeak bere gau horretako ametsak alokatuko ditu, orain hoteleko gela bat hartzen duenak bezala...".

amets alokatuak

Iñaki Martiarena "Mattin": Belardo: ba al zatoz? (Berria)

2000. urteko urriaren 20an, Euskaldunon Egunkaria-ko Xingola gehigarrian, Belardok argia ikusi zuen lehen aldiz. Gero, BERRIA sortuz geroztik, Mantangorri gehigarria izan du habia gure belar meta arloteak. Iñaki Martiarena Mattin-ek urteurrenaren aitzakia dela-eta idatzi eta marraztu du komiki liburu hau.

Urte hauetan guztietan, Belardok zertxobait aldatu du tankera, baina, funtsean, orrialdeok betiko gatza eta piperra dituzte. Asteroko txiste edo ateraldietatik haratago, sortzaile donostiarrak kontakizun luze bat sortu du: Belardo kalera jaitsi da, eta adiskide berriak egin ditu. Presa, zarata… Kaleko bizimoduari neurria hartu ezinik dabil gure belar meta kuttuna.

IKUS albistea Berrian.

belardo

Mark Bellido eta Judith Vanistendael: Salto (Astiberri) (Itzulpena)

Abiapuntu deigarria du lan honek: "Mark Bellido gidoigilearen esperientziaren emaitza da Salto, ETAren berunezko urteetan bizkartzain jardun baitzuen, eta Judith Vanistendael belgikarrak ekarri du marrazkitara. “Askatasunaz idatzi nahi nuen. Askatasunaz, hitz larritan; edo, hobeto esanda, askatasun faltaz. Ez dakidanez kontatzen nik neuk bizi izan ez dudan zerbait, lau urte eman nituen Euskal Herrian, bizkartzain lanetan, ETAk mehatxatutako politikariak zaintzen, han kokatu nahi bainuen kontakizuna. Askatasuna ez ezik, izena bera ere galdu nuen han”, azaldu zion Bellidok Enriqueta de la Cruzi, Crónica Popular astekarian."

Salto_eus

Mk Deville eta Christophe Girard: Virginia Hill, emakume libre baten egunkaria (Harriet)

Harriet argitaletxearekin zabaldu dugu zerrenda hau, eta argitaletxe bereko itzulpen batekin itxiko dugu. Miel A. Elustondok egin duena, hain zuzen ere. Honatx sinopsia dioena:

"Amerikako Estatu Batuak, 1930etik 1950era bitarteko mafia. Prostituzioa. Krimen organizatua. Drogak. Las Vegas. Hollywood.

Giro horrexetan nabarmenduko da Virginia Hill, Chicagoko prostituta apal bat. Arrakasta izango du eta hiriko mafiaren mahaian toki bat ere irabaziko du.

Guztiz leial izango zaio organizazioari. Emakume zoragarria da Virginia, eta lanerako nahiz atseginerako tresna gisa darabil bere gorputza. Mexikotik Txinara Korsikatik barrena egiten den droga-trafikoa sendotzen lagunduko du.

Emakume librea, gizonen mundu batean. Edo horixe pentsatzen zuen, bederen, Virginia Hillek.

Larrutik ordainduko zuen bere garaiari aurrea hartu izana."

virginia hill

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Hona nik egin dudan zerrenda (itzulpenak alde batera utzita, euskaraz sortuak baino sartu gabe), eta hau ere ez da osoa izango seguru asko:

    ASKOREN ARTEAN: Tupust!. Tafalla, Txalaparta, 2019; koordinatzailea: Amets Gurbiola (2019-03-27).

    ASKOREN ARTEAN: Zart!. Iruñea, Nafarroako Komiki Azoka, 2019 (2019-08-24).

    ASKOREN ARTEAN (Maria Orcasitas-Vicandi, Andrea Perales Fdez. de Gamboa eta Ángela García Mardones): Errebelde 50 bider. Donostia, Erein, 2019.

    ASKOREN ARTEAN (Xabier Etxeberria, Martin Etxeberria, Aritz Trueba): Buyan. Zarautz, Turko Comicks, 2019 (2019-10-12).

    BALLESTEROS, Amaia / ZABALA, Juan Luis: Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna. Bilbo, Euskaltzaindia, 2019 (2019-10-04 azken orrialdean).

    CANO, Harkaitz / HOLGADO, Iñaki: Amets alokatuak. Donostia, Ikastolen Elkartea, 2019 (2019-10-11).

    CANO, Harkaitz / LARREA, Adur: Antzara eguna. Tafalla, Txalaparta, 2019 (2019-11-20).

    MANZANA, Silvia / PALACIOS, Naiara: Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak. Domostia, Silvia Manzana eta Naiara Palacios (egile editore), 2019.

    MATTIN (Iñaki Martiarena): Belardo. Ba al zatoz?. Andoain, Berria, 2019 (2019-11-15).

    PAYA, Xabi / GALLEGO, Patxi: Nori?. Andoain, Bertsolari (Bertsolari aldizkarian), 2019 (2019-11-27).

    UGARTE, Yurre / JOSEVISKY (Joseba Larratxe): Joana Maiz. Donostia, Harriet, 2019 (2019-10-31).

    ZALDIEROA (Patxi Huarte): De Rerum Natura 8. Donostia, Elkar, 2019.

    2019-12-08 21:46Juan Luis Zabala