Larunbatean hasiko da "Hitzen Lihoa" ekimena Oiartzunen
Asteazkena, 2020-12-02Duela hiru urte abiatu zen ekimena, Xabier Lete omentzeko asmoz. Ordutik urtero gai bat izan da jardunaldien ardatza, aurten, "Sorkuntza kolektiboa". Egitarauaren barruan, Lete bera omenduko dute, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean, literatur ibilbide baten bitartez; Txakur Gorria kolektiboak Oiartzungo sortzaileekin sortutako lana plazaratuko dute; Metrokoadroka kolektiboak "Site Specific" emanaldi bat eskainiko du herriko elizan; 2001ean Txalaparta argitaletxeak plazaratutako Gutiziak liburuaren irakurraldi kolektiboa egingo dute; arte munduko hainbat kolektibo gonbidatu dituzte mahai-inguruan sorkuntzaz gogoeta egitera.

Honatx antolatzaileek zabaldutako informazioa:
"HITZEN LIHOA 2020: SORKUNTZA KOLEKTIBOAK IZANGO DIRA ARDATZA
Xabier Leteri keinu bat ere egingo diogu haren heriotzaren 10. urteurrenean
Hitzen Lihoa ospatuko dugu abenduan Oiartzunen. Aurtengoan, sorkuntza kolektiboak izango ditu ardatz egitarauak. Maiz, sortzaileak bakarrik imajinatzen ditugu lanean, oso bakarkako lana balitz bezala, eta ez du zertan hala izan. Errealitate hori azalera ekarri nahi dugu.
Euskal Herrian sorkuntza kolektiboko esperientzia asko izan dira, baina Hitzen Lihoak gaur egunari begiratuko dio, batez ere.
“XABIER LETEN BARRENA”, IBILBIDE BIOGRAFIKO BAT
Xabier Lete poeta eta kantariaren heriotzaren 10. urteurrena izango da datorren abenduaren 4an. Aurten Hitzen Lihoak ez du Lete ardatz izango, baina keinu bat egin nahi izan diogu gure herriko sortzaile handiari. Izan ere, ez du alferrik gure zikloak/taldeak haren poesia batetik hartu izena. Nork ez du ezagutzen Xalbadorren heriotzean kanta? Hitzen Lihoa iruten/bere barnean irauten/oinazez ikasia…
Xabier Leten barrena Elizalde auzoan barrena Leteren bizitza eta obra ezagutzeko ibilbidea izango da. Hauxe izango da aurtengo Hitzen Lihoa-ko lehenengo ekimena. Ibilbide biografiko goxoa izango da, mimoz osatua eta sorpresaz zipriztindua: Leteren kantuak edo hari buruzkoak, poesia irakurketak, antzerkia, bertsoak… jantziko dute Eider Bergaretxek gidatuko duen ibilbidea.
Xabier Leterekin zuzeneko harremana izan zuten edo haren bizitza eta figura ederki asko ezagutzen duten lagunek kokatuko gaituzte Xabier Lete bizitu zen Oiartzunen: Joxe Angel Arbelaitz; Eugenio Arozena; Alex Gurrutxaga; Arantxa Lete; Jon Martin; Lourdes Otegi; Ainhoa Urien eta Antton Valverdek.
Bestetik, ibilbidean barrena herriko artisten kolaborazioak izango dira: Joxe Leon Amigorena; Ane Badiola; Aintzane Galardi; Oier Guillan; Lartaun abesbatza; Oihana Lekuona; Alaia Martin; Jon Martin; Olarri dantza taldea; Elixabete Perez Gaztelu eta Lohizune Telletxeak hartuko dute parte.
Ibilbidean parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, Oiartzungo Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri beharko da turismoa@oarsoaldea.eus-era idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.
Herriko ikasleek ere izango dute Xabier Leten barrena ezagutzeko aukera. Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko DBH 3. Eta 4. mailako ikasleek Eider Bergaretxerekin egingo baitute bi egunetan.
OIARTZUNGO “HIZTERIA KOLEKTIBOA”, HERRITARREN ARTEAN OSATUTAKO LIBURUXKA
Txakur Gorria taldekoen laguntzarekin, oiartzuarrok sortutako hiztegia izan da Hizteria Kolektiboa. Asmatutako hitzak, definizioak eta ilustrazioak sortu dituzte 57 oiartzuarrek. Parte-hartzaile bakoitzak, hiru sormen ariketa egin ditu: hitz bat asmatu, beste batek sortutako hitza definitu eta hirugarren bat ilustratu.
Abenduaren 10ean Txakur Gorriakoek oiartzuarrek era kolektiboan sortutako lana aurkeztuko dute eta beraien lan-moldea azalduko dute. Hizteria kolektiboa-n parte hartu duten guztiei liburuxka bana oparituko die Hitzen Lihoak.
Heriko haurrek ere sortu dute euren Hizteria kolektibo propioa. Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako LH 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek taldean hitzak asmatu, definitu eta ilustratu dituzte. Lan horiek erakusketa gisa erakutsiko dira udaletxeko areto nagusian astebetez (abenduaren 10etik 18ra).
“GAUR ATZO ZEN”, ARTISTA PLASTIKOEN ERREALITATEA EZAGUTZEKO
Gaur taldea arte garaikide euskaldunaren historian mugarria izan zen. 60. hamarkada aztoratu zuten zuten Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Zumeta etabarrek. Ziurrenik, euskal arte modernoa ezin da haiek gabe ulertu. Baina kolektiboan sortzea ez da atzean utzi Euskal Herrian.
Gaur atzo zen mahai-inguruak artista plastikoak eta kolektibotasuna izango ditu hizpide. Artista kolektiboen egungo kezka, ildo estetiko, antolaketa eta harreman moduetara gerturatzeko solasaldia izango da Ainara Lasak gidatuko duena eta OKELA Sormen Laborategiak, Tractora Koopek eta Itzal Aktiboak parte hartuko dutena.
“TXOLARTE”, BEHIN BAKARRIK EGINGO DEN ANTZERKI EMANALDIA
Behin bakarrik egingo den antzerki-performance bat sortu du Metrokoadroka kolektiboak Hitzen Lihoarako. Oiartzungo istorietan oinarritua eta San Esteban elizako espaziora egokitutako lana izango da, umorez eta poetikotasunez josia.
Agendetan, hemeroteka ahaztuetan, funtsean kulturaren erraietan, hamaika istorio geratu ohi zaigu jaso gabe: hala kulturgintzan nola arte diziplina bakoitzean, eta herri bakoitzeko auzolan ahaztuetan. Txolarte emanaldian istorio horietan jarriko da arreta, Oiartzungo elizan site specific performance bat taularatuz, artisten ekintzak herriko historia eta istorioen zerbitzura jarrita.
“GUTIZIAK”, IRAKURKETA JARRAITUA
Iaz Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox-en irakurketa jarraitua egin genuen Hitzen Lihoan. Esperientzia ederra izan zen, eta horrek animatuta, aurtengoan ere irakurketa jarraitua antolatu da. Gutiziak liburua aukeratu da horretarako: kolektiboan idatzia (29 idazle emakumeren istorio bana biltzen du) eta kolektiboan irakurria.
24 oiartzuarrek parte hartuko dute irakurketa jarraitu honetan eta Doneztebe plazatik entzun ahal izango da.
HITZEN LIHOAREN IBILBIDEA
2018an hasi zuen Hitzen Lihoak ibilbidea. Kulturzale eta kulturgile batzuk elkartu ginen, Oiartzungo herriari (eta Euskal Herri osoari) eskaintza egiteko asmoz: kultura sustatzea, transmisioa egitea eta sortzaileei leku bat eskaintzea izan dira Hitzen Lihoaren asmoak sortu zenetik.
Lehendabiziko urte hartan (2018an), Xabier Lete izan zuen ardatz Hitzen Lihoaren egitarauak. Bigarren urtean, iaz, sortzaile emakumeak izan ziren protagonista. Aurtengoan, esan bezala, sorkuntza kolektiboa izan da gure ardatza.
Hitzen Lihoak jarraitzeko bokazioa dauka. Horregatik, aurten ofizialki kultur elkarte ere bihurtu da.
Oiartzuar guztiak eta -bizi dugun egoerarengatik-, mugakide diren herrietako herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera. Ziur ederrak izango direla, eta erruz gozatuko dutela.
EGITARAUA:
Abenduak 5, larunbata:
Xabier Leten barrena -ibilbide geografikoa-
Landetxe plaza, 11:00
(Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da: turismoa@oarsoaldea.eus
Abenduak 10, osteguna:
Oiartzungo Hizteria kolektiboa-ren aurkezpena
Udatxeko areto nagusia, 19:00
Abenduak 10etik 18ra:
Haurren Hizteria kolektiboaren erakusketa
Udatxeko areto nagusia
Abenduak 11, ostirala:
Xabier Leten barrena -ibilbide geografikoa-
Landetxe plaza, 11:00
Abenduak 12, larunbata:
Txolarte antzerki-performancea
San Esteban eliza, 19:00
(Sarrerak: 5 euro. Garmendi txokolategian)
Abenduak 13, igandea:
Irakurketa jarraitua: Gutiziak
Udaletxeko areto nagusia, 11:00
Abenduak 14 eta 15, astelehana eta asteartea:
Xabier Leten barrena -ibilbide geografikoa- ikasleentzat
Elizalde auzoan