Albisteak

«Lau eskutara» literatur ikastaroa antolatu dute Orion

Astelehena, 2021-10-25

Txakur Gorria sormen kolektiboak literatura ikastaroa eskainiko du azaroan Orion; ostirala (hilak 29) da izena emateko azkenengo eguna.

Urola Kostako udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek sormen-literatura tailerra antolatu dute elkarlanean. Euskaraz sortzeko eta idazteko interesa duten herritar guztiei bideratutako egitasmoa da. Hamabi orduko ikastaroa izango da; hiruna orduko lau saiotan banatua.

Saioak azaroko larunbatetan izango dira –azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an–, aurrez aurre, Orioko Salatxo aretoan, goizeko 10etatik 13etara bitarte.

Txakur Gorria Kolektiboak eskainiko du ikastaroa, «lau eskutara» izenburupean. Hain zuzen ere, ideia huts batetik abiatuta, proiektu bat gauzatzera arteko prozesua modu kolektiboan elkarrekin egiten duten lau emakumek osatzen dute Txakur Gorria. Eta jarduteko modu hori ardatz hartuta landuko da ikastaldia. Sormena lantzeko, lau helduleku izango dituzte parte-hartzaileek: hitzak, irudiak, gauza txikiak eta kolektibotasuna.

Urriaren 29ra arte eman daiteke izena ikastaroan. Plaza kopurua mugatua izango da eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko.

Argibide gehiago jasotzeko edo izena emateko, jo honako helbide hauetara:

Urola Kostako Udal Elkartea, Euskara eta Komunikazio Zerbitzua

  • Tel. 943890808
  • jorella@urolakosta.eus
  • harrera@urolakosta.eus


Albiste honen uberan

Iaz, Txakur Gorria kolektiboko kideei elkarrizketa egin genien Errealitateak liburuaren harira. Besteak beste, autoedizioaz eta kolektiboan jarduteaz mintzatu ziren:

«Autoekoizpena aukera handi bat izaten ari da. Autonomia handia ematen digu, guk nahi duguna egin dezakegu, eta askeago sentitzen gara ideia bat bururatzen zaigun unetik inprentara arteko bide horretan»

«Kolektibotasunak ahalduntzea ekarri digu. Atzera begira jarriz ohartzen gara bakarka egitera ausartuko ez ginatekeen gauza asko egin ditugula elkarrekin eta, zentzu horretan, ez dugu uste lau emakume sortzaile elkartu izana kasualitatea denik»

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)