Liburuaren Eguna ospatzeko modu berriak, Garoaren eskutik
Asteazkena, 2020-04-15Datorren astean, hilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatu behar zen... Baina aurtengo osasun-larrialdiak goitik behera aldatu du dena. Horren harira, hainbat egitasmo sortu dira. Gaurkoan, Zarautzko Garoa liburu-dendaren proposamenaren berri dakarkizuegu. Irudia: Garoa.

Apirilaren 23a egun berezia izan ohi da literaturzaleentzat, izan ere, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen baita. Ekitaldi bereziak eta azokak antolatu ohi dira, besteak beste. Nolanahi ere, osasun-larrialdiak goitik behera aldatu du egoera. Horren harira, proposamen alternatiboak sortu dira.
Esaterako, Zarautzko Garoa liburu-dendaren egitasmoaren berri izan dugu. Liburu-denda sortu zenetik, hauxe da liburuaren egunean ateak itxita izango dituzten estreinako aldia, eta argi adierazi dute, data sinbolikoa izateaz aparte, berebiziko garrantzia duela salmentan ere. Horregatik asmatu dute eguna ospatzeko modu alternatibo bat.
Garoako liburu-dendariek galdetegi bat prestatu dute – “ez larritu, ez dizugu galdera aldrebesik egingo”, diote beren webgunean argitaratu duten oharrean–, eta erantzunetan oinarrituta, liburu bat hautatuko diote bezero bakoitzari. Itxialdia amaitu ostean, dendatik pasa eta bertan jaso eta ordaindu ahal izango dute bezeroek liburua, eta liburuaren egunean egiten den deskontuarekin –%10–.
Liburuarekin batera iruzkintxo bat gehituko dute, bertan azalduz zergatik hautatu duten ale hori. Eta, aurretiaz, hautatu dugun liburuaren inguruko pistaren bat emango dute emailez, “zizka-mizka gisa”.
Garoako kideek nabarmendu dute liburu hauek “perlak” izango direla: “Argitalpen berriak izan daitezke edo denboran zehar ahaztuak geratu direnak. Irakurlearen begiradetatik at, apalategietan izkutatutako perlak”. Bestalde, bezeroak jada irakurria badu kasuan kasuko liburua, Garoakoek beste bat gomendatuko diote.
Interesa baduzu, hemen bete dezakezu Garoa liburu-dendakoek prestatu duten galdetegia.