Literaturiak egitaraua eta aurkezpen-bideoa zabaldu ditu
Webgune berria eta aurtengo edizioaren lemaren berri ere eman duteOsteguna, 2015-03-19Maiatzaren amaieran egingo dute Literaturia literatur-jaialdia. Hainbat urtez Larrabetzun antolatu ostean, bigarren edizioa du aurtengoa Zarautzen. Talde eragileko Ana Galarragak hainbat zertzelada jakinarazi zizkigun orain aste batzuk, ekimenaren nondik norakoez. Egitarauaren berri xeherik, ostera, ez zigun eman. Herenegun zabaldu zuten webgune berria, eta bertan ikus daiteke zer-nolako errezitaldi eta ekintzak prestatu dituzten maiatzaren 29-31ko astebururako.

Odolean daramate. Literatura. Eta lema horixe ipini diote aurtengo Literaturiari, talde eragilearen lanari esker eta odol-emaileen errezitaldi, saio, poteo eta abarren bitartez gauzatuko den hiru eguneko jaialdiari. Era berean, ardoa izango dute aurtengo jaialdiaren ardatz, ardoa idazle askoren inspirazio-iturria izan denez.
Orain aste batzuk talde eragileko Ana Galarragak jakinarazi zigunez, asko ikasi dute iaz jasotako kritiketatik. Izan ere, bigarren edizioa du aurtengoa Literaturiak Zarautzen. Horren aurretik, Literatura Eskolarekin lotuta antolatzen zen Literaturia, Larrabetzun. Iaz lekukoa hartu zuen Zarauzko talde batek, aurreko Literaturiak bere etapa amaitua zuela pentsatuta. Galarragaren esanetan, taldearen helburuetako bat izan da kanpotik datozenei Literaturian murgiltzea erraztea.
Herenegun webgune berria jarri zuten martxan, eta bertan informazio lagungarria topa daiteke: ostatuak, garraio-erraztasunak, harremanetarako informazioa... Horrez gain, Edorta Jimenezekin batera grabatutako aurkezpen-bideoa eta egitarau osoa ere eman dute argitara. Biak ala biak aldatu ditugu hona.
Aurkezpen-bideoa
Egitaraua
MAIATZAREN 14AN (OSTEGUNA)
19:00 – Literaturia 2015en aurkezpena eta Bernardo Atxagaren hitzaldia, Jose Luis Padronek aurkeztuta, Garoa liburu dendan.
MAIATZAREN 29AN (OSTIRALA)
19:30 – Literaturia 2015en irekiera, Modelo aretoan.
20:00 – Porto ikuskizuna, Harkaitz Cano eta Mursegoren eskutik, Modelo aretoan.
MAIATZAREN 30EAN (LARUNBATA)
Goizez eta arratsaldez, liburu azoka Zigordia kalean (udaletxe aurrean) eta liburu aurkezpenak Garoa liburu dendan.
10:00 – Poesia azpititulatzeko tailerra, Modelo aretoan.
12:00 – Erractus ikuskizuna, Danele Sarriugarte, Jule Goikoetxea eta Kattalin Minerren eskutik, Modelo aretoan.
17:00 – Celosamente Gordearen azken emanaldia, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir musikariekin, Modelo aretoan.
19:00 – Edorta Jimenezen ikuskizuna, Modelo aretoan.
20:00 – Poteo literarioa Jon Alonsorekin, herrigunean.
22:00 – Bertso saio literarioa, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Mantxi eta Unai Iturriaga bertsolariekin, Putzuzulo gaztetxean.
MAIATZAREN 31N (IGANDEA)
Goizean zehar, liburu azoka Zigordia kalean (udaletxe aurrean) eta liburu aurkezpenak Garoa liburu dendan.
11:30 – Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ikuskizuna, Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik, Modelo aretoan.
12:30 – Hiruko solasaldia Arantxa Urretabizkaia, Karmele Jaio eta Arantxa Iturberekin, Modelo aretoan.
13:30 – Vermut literarioa Pagadirekin, herrigunean.
17:00 – Itxaro Bordaren errezitaldia, Itxaso Gutierrez musikariak lagunduta, Modelo aretoan.