Loraldia jaialdiaren 7. edizioa egingo dute martxoaren 9tik 28ra: Sormenari zor!
Asteartea, 2021-02-23Zazpigarren aldiz, Loraldia jaialdia antolatuko dute Bilbon, «Sormenari zor» lemapean. Martxoaren 9tik 28ra egingo dituzte ekitaldiak, hiriko hainbat lekutan. Jarraian bildu ditugu literaturari dagozkionak.

Loraldia jaialdia antolatu dute martxoaren 9tik 28ra. Albiste honetan bildu ditugu literaturari dagozkion ekitaldiak; gehiago jakiteko, jo Loraldiaren webgunera.
Zoriontsuak izatea aukeratu genuen
Martxoak 9an, 19etan, Bilboko Itsas Museoan.
Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuari buruzko solasaldia, Mikel Ayllon egilearekin, eta liburuan oinarritutako Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana, Irati Onaindia eta Aritz Bengoa aktoreekin, Igor Arzuagaren musikarekin eta Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean.
«Elkar ezagutu genuen egunean, hotz egiten zuen, otsailaren 7 guztietan bezala. Zure begiekin akordatzen naiz. Batez ere. Jende zoriontsuak izan ohi duen distira zeukaten egun hartan. Zoriontsuak ginela ematen zuen. Baina nola heldu ginen haraino? Zein da zoriontsua izateko ibili beharreko bidea?»
Ayllonek, duela gutxi, bere liburu kutunak gomendatu zizkigun. Hemen irakur dezakezue.
Odolekoak
Martxoak 15, 19etan, Elkar dendan (Poza lizentziatua kalea)
Odolekoak Antxiñe Mendizabalen azken liburua da. 1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen digu nobelak, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia, nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka. Ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria. Liburu aurkezpen honetan Alaine Agirrek gidatuko du solasaldia.
Hemen irakur dezakezue eleberriaren harira Mendizabali egin genion elkarrizketa.
Abere ba: Ulu ala ele
Martxoak 16, 19etan, Bidebarrieta liburutegian
Musika, hitza eta irudia batzen dituen ikuskizun poetikoa. Palindromoak (ezker-eskuin zein eskuin-ezker testuek eduki berbera dute) izango ditugu abiapuntu. Bigara bikote sortzaileak Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia liburu xarmangarria kaleratu zuen iaz eta orain ikuskizun bihurtu du. Proiektua modu esperimentalean garatu da eta hitzen jokoa eta musika uztartu da. Amorante eta Okene Abrego musikariekin batera sortutako esperientzia poetiko bat izango da. Palindromoen simetria grafikoa eta hotsezkoa agertu eta harek dakarren hitzen topaketa parodiatzen duen emanaldia. Musika, hitza eta irudia, aurreraka eta atzeraka.
Hemen irakur dezakezue Bigara proiektu kideei egin genuen elkarrizketa.
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Martxoak 20, 17:30etan eta 19:30etan, Bilboko Itsas Museoan
Obra honek iraganerako eta ametsen mundurako bidaia bikoitza proposatzen digu. Errealitatea eta literatura txirikordatzen dira antzezlan honetan. Gertakariak eta amets idatziak: etorkizunaren igarle bihurtuko zirenak.
Hasierako aurkezpenean Joseba Sarrionandiak euskaratu zuen Fernando Pessoaren O Marinheiro, koadro bakarreko drama estatikoa aitzakiatzat hartuz, bi idazle horien (eta hirugarren baten) arteko harremanaren ikuspegi berri eta ustekabekoa eskaintzen da. Marinela obrako hiru dontzeila-beilarien arteko biren eskutik jasoko dugu hori guztia.
Bi baino ez dira egongo agertokian, hirugarrenaren aulki hutsaren ondoan. Jadanik ez dagoenaren absentzia fadoaren tristeziaz betetzeko eta haren ametsak are presenteago egiteko.
Berriak babestutako ekintza.
Parte-hartzaileak: Mikel Antza, Ainhoa Alberdi, Erika Olaizola eta Idoia Beratarbide.
Esaten dugun argia
Martxoaren 22an, 19etan, Bira! kulturgunean.
Esaten dugun argia Karlos Linazasoro idazlearen poema liburu berria da. Bizitzaren ospakuntza bat dakarkigute poema hauek, maitasunez eta argitasunez beteak, eta egilearen trebezia teknikoaren berri ematen digutenak, hainbat poesia-molde landuz: sonetoak, haikuak… Horietako zenbait irakurriko ditu egileak, Joxan Goikoetxea musikariaren laguntzarekin.
Opeileko erlea
Martxoak 28, 12:30etan, Bilboko Guggenheim museoan
«Geroa. Gero urruna: 5540. urtea». Aro horretan kokatu du Unai Elorriaga idazleak ikuskizun honen testuaren abiapuntua. Berriro ere etorkizunaz hausnartuko dugu festibalari amaiera ematen duen emanaldian. Aurreko sei esperientzietan bezala, idazle bati jarri diogu erronka eta Unai Elorriagak onartu du sormen berri honen ardura. Testu literario honen bidegurutzean bi bertsolari arituko dira zuzenean: Jone Uria eta Oihana Iguaran. Joseba Santxok gidatuko ditu inprobisazioak. Eta sormen lan honi soinu banda jartzeko Fernando Velazquez ekarri dugu. Partitura berri bat idatzi du, etorkizunaz mintzo den diziplina arteko ikuskizun berri honi begira.
Elorriagak, duela gutxi, bere liburu kutunak gomendatu zizkigun. Hemen irakur dezakezue.
Bilbon barna bidaiatzeko aukera
Ekitaldiez gainera, Bilbon barna bidaia berezi bat egiteko aukera eskaintzen du aurtengo Loraldiak. Irati Agirreazkuenagak, Mikel Ayllonek, Igor Arzuagak sortu dute «Maskararen azpiko karmina pandemia sasoietarako audiogida». Norberak audio pieza jaitsi, eta ere kabuz egin dezake bidaia. Hona informazio gehiago: «Fikziozko kontakizun baten bidez, Bilbotik paseatzeko gonbita egingo dizuegu, hiria ezagutzeko aitzakian. Arriaga plazatik abiatuko gara eta Isozaki dorretan bukatu. Baina bidaiaren benetako helmuga, ordea, gutako bakoitzaren beldur eta izu ezkutuenen gordelekua izango da. Pandemiak gure mugimenduak eta gure aurpegiak mugatu ditu. Maskaren azpian ezkutatu behar ditugu orain sudurrak, masailak, ahoak, kokotsak. Ia berdindu egin gaituzte denak. Baina, zer dago maskara horien azpian? Norenak dira begi izutu horiek? Nora begira daude? Kaleak adierazpide artistikorako espazio bihurtu ziren aspaldi. Pandemia sasoietarako propio sorturiko ikuskizuna da, kalean eta bakarka bizitzekoa, kaleaz eta bakardadeaz gogoeta egiteko».