Maddi Zubeldiak bere lehen nobela plazaratu du: Deserria haurtzaro (Elkar)
Asteazkena, 2017-04-05Maddi Zubeldia Arozena (Donostia, 1961) Ziburun bizi da. Seaskako irakaslea da eta azken 5 urteak Azkaingo ikastolan egin ditu. "Deserria haurtzaro (Elkar) eleberriaren bidez, lehen asmoa aspalditik barnean neraman korapilo minbera askatzea izan dut", email bidezko elkarrizketa honetan aitortu digunez. "Eta deserriaren gaia tratatzea ere interesgarri iruditu zait". Liburuaren azalak argi iradokitzen duen bezala, haur baten ikuspegitik landu du deserriaren ingurukoa.

Maddi Zubeldia Arozenak Deserria haurtzaro (Elkar) nobela plazaratu berri du, baina idazteko joera lehenagotik datorkio. EKE-ren Sormena lehiaketako olerki sailean bi aldiz saritua izan da. Kantagintzan ere badu bide bat egina. H-Eden taldearekin bi disko plazaratu ditu: Hamaika aztarna (2013) eta Intimitartean (2015). Eleberriaz eta bestelako sormen lanez ondoko adierazpenak egin dizkigu.
Deserria haurtzaro nobelarekin agertu zara euskal letren plazan. Zer kontatu nahi izan duzu nobela honen bitartez?
Eleberri honen bidez, lehen asmoa aspalditik barnean neraman korapilo minbera askatzea izan dut, eta ondoren deserriaren gaia tratatzea interesgarri iruditu zait, haur baten ikuspegitik harturik.
Elkar argitaletxearen prentsa-oharrean irakurri dugunez, "irria negarrarekin nahastea lortzen duen nobela" osatu duzu. Historia eta fantasia dosiak ere badituela eleberriak. Estilistikoki nola definituko zenuke?
“Deserria haurtzaro” ez da komedia, ezta nobela historikoa ere. Ez da fantasiazko literaturan sailkatzekoa ere. Zer ez den zehaztea zer den argitzea baino errazagoa dela ohartzen naiz! Saiatuko naiz azaltzen halere.
Narrazio hau bi zatitan banatua da. Lehen zatian gipuzkoar familia baten eguneroko penak eta pozak agertzen dira. Landesetako herri txiki batera 1967an etorkin gisa joandako Ana neskatilak egoerari nola egiten dion aurre kontatzen dut. Parte hori autobiografikoa da.
Fantasia heldu da haurraren barne munduan sartzeko gisan, eta haurrak bizi dituen ‘amets-bidaiak’ izanen dira bigarren partearekin zubi eginen dutena.
Bigarren zatian, historiarekin eginen du topo irakurleak, Frankoren garaian gertaturiko haur lapurtuen gaia sartzen baita, kontakizuna bukaeraraino eramanik, 2012ra.
Estilistikoki definitzeko, lotua, logikoa da nire ustez. Hirugarren pertsonan idatzia da eta kostunbrismo ukitua ere badu momentuka.
Euskal Kultur Erakundearen "Sormena" lehiaketako olerki sailean, bitan izan zara saritua. Poemez osaturiko liburua izango da plazaratuko duzun hurrena?
Nork daki? Halako lanari lotzeko gogoa banuke bai noizbait, baina ez da baitezpada berehalako asmoa.
Kantugintzan ere bazabiltza. H-Eden taldearekin bi disko egin dituzu. Zein sormen esparruan zaude erosoen, kantuan ala idazten?
Kantugintza idaztea ere bada. Hori bai, formatuaren aldetik, ohitura handiagoa dut eta “sintetikoago” idazteko joera dudanez, aiseago ari naiz.
Baina idaztea beharrezkoa izan dut beti, eta eleberria bukatzea sekulako erronka izan da niretzat. Momentu lapurtuetan idazten aritu naiz, lanak eta familiak libre uzten zizkidan unetxoak baliatuz, eta luzea izan da; batez ere erdia idatzia nuela dena galdu bainuen (gako batean neukan eta... izorratu zitzaidan). Ondorioz, etsitua egon nintzen hainbat hilabetez, eta azkenean berriz hastea erabaki nuen. Bukatu dudanetik, garaipen moduko bat bizi dut. Ni ez naiz oso mendizalea, baina hau nire lau milakoa dela erraten ahal dut.
Beraz argitaratua izanen zela jakitean, pentsa dezakezu zer nolako poza hartu dudan.