Albisteak

Maiatz aldizkariaren 70. zenbakia kalean

Asteartea, 2020-07-07

Azkenaldiko gertaerek kutsaturik, COVID-19a Maiatz aldizkariko literatur lan ugariren lerro artera hedatu da. Ez hori bakarrik, bertan behera geratutako ekitaldi oldean zen Maiatzaldia ere, baina kasu honetan, zorionez, paperak ekarri digu txertoa: aldizkariaren 70. zenbaki honi esker ezagutu ahal ditugu hainbat idazlek jardunaldiotarako prestatuak zituzten lanak.

Hauek dira Maiatz aldizkariko zenbaki berrian parte hartu duten idazleen izenak: Joxe Luis Agirretxe, Maialen Etxegoin, Eric Dicharry, Amaiur B. Blasco, Juankar Lopez Mugartza, Xerar Urrutia, Joseba Aurkenerena, Jose Mujika (Joseba Aurkenerena itzultzaile), Lander Zurutuza, Itxaro Borda, Nicole Etxart, Manex Ernaga, Rakel Pardo, Piarres Trounday, Jakes Lafitte, Jean-Louis Davant, Francis Basterot, Txomin Hegi, Lucien Etxezaharreta. Horiez gain, Jakes Lafittek Grazia Deledda eta Montherlant itzuli ditu.

Maiatzaldiko testuen egileak: Sabin Oregi, Leire Zabala Telleria, Kavafis (Joxemari Sestorain itzultzaile), Fito Rodriguez, Auxtin Zamora, Marisa Arruabarrrena Elizalde, Madi Zubeldia, Bittor Albizu, Eukene Lizeaga Tamayo, Patziku Perurena, Josu Delgado Rozas, Xanti Begiristain Madotz, Ainara Maia Urroz, Anne Fruchon, Mikel Taberna Irazoki, Juankar Lopez Mugartza.

maiatzMaiatz aldizkariko aitzin solasa:

Ez genuen eskapurik aurten COVID19 birusarengatik. Eta zenbaki honek haren aztarna dauka, menturaz doi bat piztua. Heriotzaren hegal ilunak jo ditu euskal bazterrak beste munduko toki asko bezala. Kultur eremuan ondorio lariak jasaiten ditugu, udaberriko hainbeste ekitaldi ezabaturik, liburu saltokiak itxita, posta zerbitzuak maingu ta etxeetan konfinaturik. Horrek bere gogoetaldiak ere sortzera bultzatzen ditu, lehentasunak, lagunekiko loturak ta biziaz maoz ditugun espantu handiegietaz. Web gune eta sareek zerbait soleitu dute segur baina orain irauteko eta sorkuntzarako bideak zilatu behar.

Abdelkader pastorala ere birusak ezabarazi du, baina Jean-Louis Davanten obra hunkigarriak bere oihartzuna dauka hemen: bakea nola eraiki, galde hori betikoa gizonen botere gose ezin aseagatik. Hemen ere lan berezi bat, olerki sail bat Francis Basterotek ondua euskaldun bilakatzeko bidean. Ingalaterratik gure jendarte tinkoari Manex Ernagak deiadar ezti baina indartsua botatzen du ere.

Natura eta memoria! Bizi zalu presatu ezaxolak desmasia larriak hedatzen dituela bazter orotan, Gaztelugatxe Bizkaiko kostaldeko perla edo Hazparneko zapatagintzako memoria sail berdinean dira.

Aurten bosgarren Maiatzaldia bidean jarria genuen baina dena atzeratu eta bestelakatzeko giroan sartu gara. Hemen Maiatzaldirako bildu testuak sartzen dira itxaropenez beteak. Muga itxi digute eta horrek askori oroitzapen ilunak ekartzen: estatuek beren omnipotente izatea goraki erakusten digute, helikoptero, armada eta poliziak gure xendretan sartuz eta kontrolatuz, nor den hemen nagusi erakutsiz.

Poesia indarrez guziari ihardesle gelditzen da, bihotzak berotzen ditu, ametsak goxatzen, maitasuna hedatzen eta barruko hitzekin mintzatzen.

Maiatz elkartea bere 40 urteetara heltzen ari da, sortzeko esperantza beti hor dago eta horrek beti aintzina joatera gomendatzen gaitu.

Maiatz aldizkariak urtean bi zenbaki plazaratzen ditu, bakoitza 10 euroan. Harpidetzeko: maiatz@hotmail.fr

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)