Maiatz argitaletxearen nobedadeak
Asteartea, 2021-03-30Maiatz argitaletxeak Amaiur Epher, Emilio Lopez Adan eta Frantxoa Caseten lanak argitaratu ditu.

(Iturriak: Maiatz, Xofaldia produkzioak).
Hauek dira Maiatz argitaletxeak ateratako liburu berriak:
PROFETEN IRUZURRA, Amaiur Epher
Amaiur Epher garaztarraren fikziozko lehen liburua gure mundu modernoa jorratzen duena, umorez eta ziztaz hainbat erreferentzia baliatuz, funtzionario galdu baten alegorairekin.
Honek ez du eleberri baten biribiltasuna helburu. Alderantziz, garaztarra genero literario ezberdinekin jostatzen da (narrazioa, egunkari ezkutua, poesia, testu dramatikoa, parodia...) panfleto usaineko testua eskainiz.
Kapituluz kapitulu, irakurleak Alexanderren ibilbide gorabeheratsua segitzen du. Indibidualismoak eta neoliberalismoak eragin kalteak, pertsonaiak bizi sentimentalean edo proiektu ezberdinetan ezagutu porrotak, umore garratzez eta ironia handiz tratatuak dira hemen.
Zergatik profetak jomugan? Alexander iruzurgileen kontrako gurutzadan higatzen da, hauen kide izateko arriskua hartuz beharbada. Erlatibista izan gabe, agnostiko. Orojakileen aurrean, barbaro. Nihilismoa saihestuz, humano.
Liburutegi hauetan eskuragarri da jada (lista luzatuko da ondoko asteetan):
- Baionako Elkarren.
- Donibane Garaziko Maison de la pressen.
- Donapauleko Bertso Amikuzen.
BORROKA ARMATUA EUSKADIN 1967-2011 Emilio Lopez Adan "Beltza"
Hiru liburuki gotorretan (orotara 2500 orrialde) Emilio Lopez Adanek urte askotako ikerketa lan zabal baten emaitza eskaintzen du, Euskal Herriko Historian hainbat datu eta elementu oinarrizkoak jarriz. Hainbeste urtez euskal munduak pairatu egoeraren argibideak aurkitzen ahal dira.
Banaketarako arazoak dira denbora hauetan baina liburua aurkitzen ahal da, momentuko, Baionan Elkar-en, Hendaian Berriketa prentsa dendan, Baigorrin Oronos saltokian, Donapaleun Bertso Amikuze eta Maison de la Pressen Donostian Hontza eta Kaxildan, Iruñan Katakrak eta Karrikirin.
Nola liburuak pizuak diren, postaz bidaltzea garestia da baina Maiatzen lokalean eskura daitezke, aski da hitzordu baten finkatzea mailez (maiatz@hotmail.fr).
ESPERANTXAK ERRAN DEIT Frantxua Caset
Frantxua Caset, Domingo Garat pastoralaren idazleak eskaini lehen liburua, zuberotarrez idatzia. Poesia obra bere iloba Sandrinen pintura ederrek apaintzen dute.