Maiatzaldia gaur Baionan, Hatsaren poesia tailerra urriaren 24an Senperen
Osteguna, 2020-10-15Datozen egunetan Ipar Euskal Herriko literatur zaleek non aukeratu izango dute: gaur bertan Maiatzaldia Baionan izango da, Iruñetik pasa ostean. Hilaren 24an Hatsaren poesia tailerrak berrabiatuko dituzte, Juankar Lopez Mugartzak gidatutakoarekin. (Argazkian: J.Lopez Mugartza).

Urriaren 8an Iruñean antolatu ostean, gaur Baionan izango da literatur Maiatzaldia ekimena. Hauxe izango da egitaraua, Euskal Museoan 18:00eatik aurrera:
Auxtin Zamoraren "Biziminaren koloreak" bideoa.
Enrike Diaz de Ulzurrunekin Iruñeaz egin duen liburuaren aurkezpena.
Nafarroako irakurle taldeak izango ditu mintzagai Ines Castiella-Imazek, bideo batekin.
Solasaldia eginen dute Gilles Rivièrekin, Baionako mediatekako irakurle taldeaz.
Laguntzaileak: Euskal Kultur Erakundea, Baionako Euskal Museoa, Maiatz, Hatsaren Poesia, Iruñako udala, Karrikiri, Zaldiko Maldiko, Nafar Ateneoa.
Hatsaren poesia tailerra, Senperen
Poesiari loturiko ekimenak berreskuratu ditu Hatsa elkarteak. Horien artean, poesia tailerra antolatu dute Senpereko Larraldean urriaren 24an, Juankar Lopez Mugartzak gidatuta. 15:00etan egon behar da bertan, eta aurretik izena eman hatsarenpoesia@gmail.com emailean. Honatx antolatzaileek bidali duten oharra:
"Ohartzen gira oraiko garaian, pandemiarengatik, asko egituratzen dugun baztertze sozialek ez digutela sobera gure gizakitasunezko harreman normalei bidea irekitzen. Iduritzen zaigu, bai, ongi izanen litaikela berriz ere hilabeteko azken larunbatetan Hatsaren olerki tailerrei atea zabaltzea. Hilabete honen 24an, atseginezko zorion bat badugu, Juankar Lopez Mugartza gure hatsakide lagunarekin, arratsalde olerkitsu baten iragaiteko.
Beharko da 15etan xuxen Larraldean presente izan. Gero, Senpereko Mendi Eder muino gainera joanen gintezke, hor, gure tailerra, naturaren erdian eginen ginuke eta Larraldean xokoletesne bat partikatuko. Bistan da maskarak beharko direla, bai eta, gure artean segurtasun neurriak atxiki."