Albisteak

Martxan da IV. (H)ilbeltza beka

Asteartea, 2020-10-06

Martxan da (H)ilbeltza bekaren IV. edizioa; (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak bultzatzen dute, «euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko» asmoz. Aurten, sormenezko lanak sarituko dituzte, eta abenduaren 4ra arte aurkez daitezke proiektuak.

(H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak laugarren aldiz antolatu dute (H)ilbeltza beka, «euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko» asmoz. Aurten, sormenezko lanak sarituko dituzte, eta abenduaren 4ra arte aurkez daitezke proiektuak. Jarraian dituzue oinarri nagusiak. Oinarriak osorik ikusteko eta beharrezko eranskinak deskargatzeko, berriz, jo hona.


 

Lehendabizikoa. Diru-laguntzaren xedea

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen du urtero.

2021eko deialdiak sormenezko lanak sarituko ditu.

Bigarrena. Kopurua

Deialdi honi 6.000,00 € esleituko zaizkio: 3.000,00 € udalaren 2020. urteko aurrekontu luzatuko 1 3350 4890000 Euskara-Dirulaguntzak kontu-sailaren kargura, bertze 2000,00 € (H)ilbeltza ekimenaren kargura eta 1.000,00 € Txalaparta argitaletxearen kargura.

Lagin irabazleari 3.000,00 € emanen zaizkio 2021eko ilbeltzan, eta idatzia akitzerakoan bertze 3.000,00 €.

Hirugarrena. Argitalpena

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-oholean eta eskualdeko komunikabideetan iragarriko da.

Laugarrena. Aurkezteko epea eta lekua

Deialdirat aurkeztu nahi dutenek, eranskinean heldu den bezala, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak. Formatu digitalean (PDF bertsioa) edo paperean aurkezten ahalko dute.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaria 2020ko abenduaren 4a artio egin beharko da Baztango Udaleko erregistroan, eguna bera barne.

Deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Baztango Udaleko erregistroan (H)ilbeltza beka izena daraman gutun-azala hertsirik aurkeztu beharko du, eta horren barnean bertze 2 gutun-azal, horiek ere hertsirik:

1. Gutun-azala, Proiektua izenekoa: Eskaria eta bortzgarren puntuko a) b) eta c) dokumentuak. 2. Gutun-azala Idazlea izenekoa: Bortzgarren puntuko d) eta e) dokumentuak.

(H)ilbeltza beka dioen gutun-azal hori bertze gutun-azal batean sartu beharko da, erregistrorako behar diren datuekin, erregistrorako nahitaez izen bat eman behar baita. Erregistroa egin bezain fite, eta anonimotasuna mantentzeko, administrariak izena duen gutun-azala hautsiko du, bertze gutun-azala erregistro zenbakiarekin bakarrik heltzeko epaimahaikideei.

Posta arruntaz igortzeko aukera baliatu nahi duenak zertifikatua igorri beharko du, igorri zeneko eguneko zigiluarekin.

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu, eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2021eko ilbeltzaren 18a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal dute epaimahaikideek. Erabakia publiko egin baino lehen, Baztango Udala paratuko da irabazlearekin harremanetan. Ondotik, hiru hilero lanaren martxaz jakinaren gainean izanen ditu antolatzaileak eta editoreak.

Idazle saridunari hurrengo (H)ilbeltza sormen bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio. (2023)

Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 145.000 karaktere gutienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izanen balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

Idazlan irabazlearen jabetza dirulaguntza jaso duen idazlearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezingo du bertze inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aitzinetik ez eta ondotik ere, argitaratu ondoko sariak izan ezik.

Bortzgarrena. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak

Eskariarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 30.000 karaktere ingurukoa, ez nahitaez kontakizunaren hasmentakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

d) Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bertzela, kopia konpultsatuak.

Aurkezturiko dokumentazioa osaturik ez badago, interesdunari dagokion dokumentazio osagarria hamar eguneko epean aurkeztea galdeginen zaio.

Seigarrena. Idazlana edo proiektuaren aurkezpena

Eskatzaileak laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean aurkeztu beharko du Idazlana; epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Idazleak bere lana entregatzen ez badu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak badira, Idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Diru-laguntzaren jasotzaileak, liburua buruturik, (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astean aurkeztuko du.

Zazpigarrena. Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak

Aurkeztutako lanak helburu horrekin osaturiko epaimahaiak baloratuko du. Bertan Baztango Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Garazi Arrula) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa (Miren Gorrotxategi) egonen dira. Denek aurkezten ahalko dute beren ordezkoa, lan hori egitea posible ez balute.

Ebaluazio batzordea izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta proposamena eginen dio Tokiko Gobernu Batzordeari, ebazteko eskumena duen organoa.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Epaia apelaezina izanen da.

Zortzigarrena. Balorazio irizpideak

Aurkeztutako proiektua genero beltzekoa izatea eta lanaren originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)