Martxan da Xabier Lete poesia lehiaketa
Asteazkena, 2019-10-02Martxan jarri da Xabier Lete poesia lehiaketa. Gipuzkoako Aldundiak antolatu du, bosgarren aldiz, Euskaraz idatzitako obra berriak eta jatorrizkoak saritzeko. Abenduaren 5era arte bidali daitezke lanak. Irudian, Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Diputatua, Juanjo Olasagarre, orain bi urteko irabazlea, eta Tere Irastortza, poeta.

Gipuzkoako Aldundiak Xabier Lete Poesia Lehiaketa antolatu du bosgarren aldiz. Helburua, “Gipuzkoan erreferente izan diren sortzaileen oroimena denboran zehar gordetzea, eta, era berean, jendeak sormen lanak egiten jarrai dezan sustatzea, horretarako, sortzaile berriei behar duten laguntza emanda”. 2017an, Juanjo Olasagarrek irabazi zuen saria, Ia hemen lanari esker. Pamiela etxearen eskutik argitaratu zuen, iaz.
Jarraian dituzue lehiaketaren oinarriak.
Euskaraz idatzitako obra berriak eta jatorrizkoak saritzea da lehiaketaren helburua. Obra horiek aurkezteko epea 2019ko abenduaren 5ean amaituko da.
Nahi duen orok parte hartu ahal izango du, aurreko edizioetan saridun izandakoek izan ezik. Lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango da, beti ere, originalak eta argitaratu gabeak. Ez dira onartuko beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.
Aurkezpena
Lanaren 5 ale aurkeztu beharko dira, DIN A4 formatuan, ordenagailuz idatzita, orriaren alde bakarrean inprimatuta, eta ondoren grapatuta edo koadernatuta. Espazio bikoitza izan beharko du testuak.
Horrekin batera kartazal itxi bat atxiki beharko da, kanpoko aldean lanaren izenburua eta egilearen ezizena duela. Barruan honako datu eta dokumentuak sartu beharko dira: egilearen izen-abizenak, helbidea, harremanetarako telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta ohar bio-bibliografiko laburra.
Bost aleak eta kartazal itxia, beste kartazal batean sartuko dira, eta kanpoaldean honakoa jarri beharko du nahitaez: «Xabier Lete Nazioarteko V. Poesia Saria 2019».
Helbide honetara bidaliko da gero: Koldo Mitxelena Kulturunea, Urdaneta Kalea 9, 20006 Donostia.
Saria
Epaimahaia literaturan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta ebazpena 2020ko martxoan emango dute. Irabazleak 12.000 euroko diru-saria eta Jose Ramon Anda eskultoreak egindako garaikur artistiko bat jasoko ditu.
Horrez gain, poesian espezializatutako argitaletxe batek saritutako obra publikatuko du, sari honentzat propio sortutako bildumaren barruan. Argitalpen horren 100 ale eskuratuko ditu saridunak. Horretarako, saria jakinarazten zaionetik 15 eguneko epea izango du lan osoa euskarri informatikoan entregatzeko.