Albisteak

May Ayim eta Raymond Carver poeten antologiak Munduko Poesia Kaierak bilduman

Osteguna, 2020-11-12

May Ayim eta Raymond Carver poeten antologiak Munduko Poesia Kaierak bilduman, Garazi Ugalde Pikabeak eta Harkaitz Canok itzuliak hurrenez hurren.

Atzo aurkeztu zituzten Donostian Munduko Poesia Kaierak bildumako ale berriak: Garazi Ugalde Pikabeak itzulitako May Ayim-en antologia, eta Harkaitz Canok itzulitako Raymond Carver-rena, MPK bildumako 35. eta 36. zenbakiak. Ohiko moduan, liburuak atera orduko Susa argitaletxeak sarean osorik irakurtzeko aukera eman digu, HEMEN.

 

May Ayim (1960-1996)

May_Ayim

Perspektibarekin begiratuta, zauria zauritzeko dohaina izan zen May Ayim-en poesiaren bertute handienetakoa, hots, Holokaustoaren trauma nekez atzean uzten ari zen Alemaniaren zauria presente egitekoa. Ariketa hori arrazakeriaren eta, oro har, ezein zapalkuntzaren eitea eguneratuz egin zuen. Halaxe azpimarratu zuen XX. mende akaberan arrazakeriak, sexismoak, lodifobiak eta abarrek ere erraietaraino sartuta jarraitzen zutela Alemanian, nahiz eta Holokaustoaren garaikoa bezain agerikoa ez izan. Ayimen poesiaren ezaugarrietako bat horixe baita, zapalkuntza ezkutu horiek soslai intersekzionaletik begiratu eta azalaraztea. Ayimen lengoaia poetikoa zuzen eta erritmikoa da. Poesia diskurtsibo itxura izanagatik, ez da lehen begiratuan dirudien bezalakoa, eta hitz justuen erabilera da bere bertuterik apartenetako bat.

Raymond Carver (1938-1988)

Raymond_Carver

Raymond Carver XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna. Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen. Carverrek bere (balizko) ni errealetik hur idazten zituen poemak, eta erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Poemotan nagusi dira alferkeria, noraeza, gogogabetasuna, baina era berean, maiz azaltzen zaigu lipar iheskor baten zorion-garra: leihotik ikusten den txori bat, itsasertz bat, adiskideen konpainia amultsua. Poema narratiboak dira Carverren gehienak; istoriotxo laburrak kontatzen dizkigute eta inoiz alegia kutsua ere hartzen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)