Michel Houellebecqen azken nobela euskarara
Gerardo Markuletak itzuli eta Meettokek argitaratu du SumisioaAstelehena, 2015-11-23Michel Houellebecq idazle frantziarraren azken eleberria argitaratu du Meettok argitaletxeak: Sumisioa. Gerardo Markuleta aritu da itzultzaile. Aurrez ere egina zuten lan elkarrekin, adibidez, Samuel Becketten Molloy eta Jean Echenozen hiru libururekin. Polemika bizia sortu zuen Sumisioak Frantzian, argitaratu zenean, eta Parisko sarraskien harira erdigunera itzuli da. Markuletaren esanetan, politika edo historia fikzio bat da, eta hemendik urte batzuetarako Frantzia posible batean kokatzen da, alderdi musulman moderatu bat gobernura iristen denean.

Idazlea
1956an jaio zen Michel Houellebecq, Réunión irlan, baina Parisen pasa du bizitzaren gehiena. Nekazari ingeniaria da eta idazteari ekin aurretik informatikari gisa lan egin zuen Frantziako Nekazaritza Ministerioan. Poesia eta saiakera ere idatziagatik, eleberriak ezagutzen dizkiogu, batez ere. 1994an kaleratu zuen estreinakoa, Extension du domaine de la lutte, eta orduz geroztik beste bost obra kaleratu ditu. Besteak beste, Goncourt saria irabazi zuen bere azkenaurreko lanagatik: La Carte et le Territoire.
Bere lanek zalaparta bizia sortu izan dute beti. XXI. mendeko mendebaldeko gizarte pribilegiatuen gainbehera hartzen du sarritan ardatz, bere eleberrietako protagonista ez dira sekula heroiak, inondik ere. Ekonomikoki aise bizi dira, askok prestigioa dute bere lanean ere, baina bizimodu erabat bakartia eta desilusionatua daukate.
Houellebecq ezaguna da pertsonaia gisa ere, berak elikatutako fama da. Neurtzen ditu prentsaren aurrean zer esan eta nola. Horren haritik, film bat ere egin zuten iaz, Houellebecq bera protagonista zuena, bere buruaren rola jokatzen: L'Enlèvement de Michel Houellebecq. Guillaume Niclouxek zuzendu zuen hori.
Eleberria
Gerardo Markuleta itzultzailearen hitzetan, Houellebecqen azken nobela hau politika edo historia fikzio bat da, beste batzuk zientzia fikzioa izaten diren moduan. Polemika askok inguratu dute hala liburua nola idazlea bera, eta horren harira zenbait gauza argitu nahi izan zituen Markuletak aurkezpenean.
Batetik islamofoboa den edo ez den, Markuletak uste du liburuan ez dagoela nahikoa zantzu horrelakorik baieztatzeko. Aitzitik, Houellebecqen irudikatzen duen Frantzian, pozbidea da alderdi musulman batek botere hartzea, hainbat tentsio baretzen dira, langabezia gutxiagotzen da... Liburuko politikari musulmanak ez dira inondik ere fanatiko gisa erretratatzen. Txanponaren ifrentzua? Zerbait gutxiagotzen dela, norbaitek bai galtzen dituela zenbait eskubide, eskubide dexente, eta hortik dator Houellebecq-i leporatzen dioten bigarren kontua: matxismoa. Langabezia gutxiagotzen da emakumeek jardun publikoa uzten dutelako. Autore honi egotzi izan diote misoginoa izatea eta emakumeak objektu gisa irudikatzea.
Islamismoarekin eta horrek Frantziari ekar dakizkiokeen aldaketak baino, Markuletaren ustez, mendebaldeko gizarte garaikideen gainbehera du hizpide Houellebecqek: familiaren deserrotzea, balore tradizionalak (sukaldaritza...), unibertsitate-sistema... Hain justu ere, eleberriko protagonista François literatur irakaslea da Sorbonne-IV unibertsitatean, eta bere bizimodu eta lan-ibilbidearen bidez kritika nahiko latza egiten zaio letren fakultateei.
Meettok argitaletxeko Ramon Etxebeste editorearen iritziz, Houellebecq gustuko izan dezakezu ala ez, baina ezin uka heldu egiten diela beste hainbeste atrebitzen ez diren gaiei, gure gizarte-antolamenduaren aldaketari. Aldaketok gertatzen ari dira, denok gara horien parte, baina gutxi ausartzen dira aldaketa horiei aurrez aurre begiratu eta aztertzen. Azalaren bidez ere horixe islatu nahi izan dute, orain 200 urteko Frantziaren eta gaur egunekoaren arteko talka, nola uztar daitezkeen.
Houellebecq euskaraz
Hauxe da osorik euskaratutako lehen eleberria. Hala ere, Ibon Sarasolak iaz itzuli zuen Mapa eta lurraldea nobelako atariko atala. Hemen irakur dezakezue. Horrez gain, Sumisioaren euskarazko itzulpenaren harira, iruzkin bat kaleratu zuen Etxare idazleak, eta asko mugitu da sare sozialetan. Hemen irakur dezakezue.