Albisteak

Nafarroako Kutxa Fundazioak sari bat antolatu du gazteen poesia eta komikiak hauspotzeko

Asteazkena, 2020-06-24

Nafarroako Kutxa Fundazioak sariketa bat antolatu du –Gazteen Poesia eta Komiki Sariak–, kultura eta literatura bultzatzeko asmoz. 35 urtetik azpikoei zuzenduta dago deialdia, eta uztailaren 15era arte aurkez daitezke lanak. Albiste honetan bildu ditugu euskarazko sariei buruzko xehetasun guztiak.

Hona hemen Nafarroako Kutxa Fundazioak antolatu duen sariketaren oinarriak.

Parte-hartzaileak

Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute 35 urtetik beherako pertsona guztiek, herritartasuna edozein dutelarik ere. Egile bakoitzak jatorrizko ale bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketan modalitate bakoitzean.

Literatur lehiaketak kategoria hauek izango ditu: poesia saria eta komiki saria (euskaraz eta gaztelaniaz). Nolanahi ere, albiste honetan euskarazko sariei dagozkienak aipatuko ditugu.

Lanen gaia eta formatua

Poesia saria: Gaia librea da. Lehiatuko diren lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta poema bildumek gutxienez 300 eta gehienez 700 lerro izango dituzte.

Komiki saria: Gaia librea da. Aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta inon ez aurkeztuak izanen dira. Gutxienezko luzera 48 orrikoa eta gehienezkoa 160 orrikoa. Argitaratutako liburuaren formatua 170 x 240 mm izanen da. Gidoia osoa aurkeztuko da baita lana bukatua izanen duen orri laurdena ere.

Aurkezpena

Jatorrizkoak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 15ean izanen da. Lanek izenordea izango dute eta posta elektronikoz bidaliko dira soilik, PDF formatuan. Lehiatzeko modalitatea adierazi beharko da eta lana eta plika aparteko dokumentuetan bidaliko dira helbide elektroniko honetara: premios@fundacioncajanavarra.es.

Plika ere PDF formatuan bidaliko da eta egilearen datu pertsonalak jasoko ditu: izen-abizenak, telefono zenbakia, jaiotze data, posta helbidea, helbide elektronikoa eta IFZren edo pasaportearen fotokopia. Halaber, adierazpen bat jasoko da, sinatuta. Bertan, berariaz onartuko dira sariaren oinarriak eta baldintzak, eta bermatuko da obra ez dagoela beste sariren bateko epaiaren zain eta egileak obraren gaineko ustiapen eskubide guztiak dituela, edozein formatan eta modalitate desberdinetan.

Sariak

Poesia saria: Irabazleari 2.000 euroko sari bakarra emango zaio. Sariari legeak ezarritako atxikipenak egin beharko zaizkio. Lan irabazlea Luces de Gálibo argitaletxeak argitaratuko du urtebeteko epean gehienez. Sariaren zenbatekoak estaliko ditu lanaren lehen edizioari dagozkion egile- eskubideak.

Komiki saria: Irabazleari 2.000 euroko sari bakarra emango zaio. Sariari legeak ezarritako atxikipenak egin beharko zaizkio. Lan irabazlea Luces de Gálibo argitaletxeak argitaratuko du urtebeteko epean gehienez. Sariaren zenbatekoak estaliko ditu lanaren lehen edizioari dagozkion egile eskubideak. Sariak hutsik geratu ahal izango dira, epaimahaiaren iritziz ez badute behar den kalitate artistikorik.

Epaimahaia

Epaimahaikideak, kultura arloan ospea duten pertsonak, honako hauek izango dira:

- Euskarazko poesia sariaren epaimahaia: Kepa Murua eta Angel Erro.

- Euskarazko komiki sariaren epaimahaia: Jon Sedano eta Maite Mutuberria.

Epaimahaiaren epaia apelaezina izango da. Deialdian saririk lortu ez duten jatorrizko lanen artxiboak ezabatu egingo dira.

Epaimahaiaren epaia eta sari banaketa

Lanak aurkezteko epea amaitu ondoren, epaimahaia bildu egingo da, eta aurkeztutako lanak ebaluatu. Epaimahaiaren epaia 2020ko urriaren 10a baino lehen jakinaraziko zaie saridunei. 2020ko urriaren bigarren hamabostaldiko egun batean (oraindik erabakitzeke dago) egingo da sari banaketa, Nafarroako Kutxa Fundazioaren egoitzan. Sariak banatzeko ekitaldiaren egun zehatza epaimahaiaren epaiarekin batera jakinaraziko zaie irabazleei eta jendaurrean jarriko da, denek ezagutzeko.

Irabazleek saria jasotzera etorri beharko dute, baldin eta eragozpen fisikorik edo saihetsezinik ez badute; kasu horretan, horretarako behar bezala gaitutako pertsona batean eskuordetuko da eskumen hori.

Literatur sariotan parte hartuz gero, ulertuko da oinarri hauek ezagutzen eta erabat onartzen direla eta, era berean, egileak hitzematen duela ez duela idatzia lehiaketatik erretiratuko, ez eta beste sari batzuetara aurkeztuko ere epaimahaiaren epaia jendaurrean jarri aurretik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)