Albisteak

«Naparra, kasu irekia» aurkeztuko du Jon Alonsok Katakraken

Asteartea, 2021-01-12

Tene Mujika beka irabazita, Naparraren desagerketari buruzko liburua kaleratu zuen Jon Alonsok iaz, Elkar argitaletxearen eskutik: Naparra, kasu irekia. Bihar, Katakrak liburu-dendan aurkeztuko du, Mikel Soto lagun duela.

Iazko neguan, Naparra, kasu irekia deritzon liburua kaleratu zuen Jon Alonso idazle eta itzultzaileak, Elkar etxearen eskutik. Bihar, hilak 13, arratsaldeko zazpietan, Katakrak liburu-dendan aurkeztuko du, Mikel Soto lagun duela.

Hona hemen liburuaren sinopsia:

Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra”, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Iparraldean errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerketaren egileez edo xehetasunez berri zehatzik jakin.

Jon Alonsok, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio, kasu horretaz dakigun guztia biltzeko, baita suma dezakeguna iradoki eta ilunpean dagoena gogorarazteko ere. Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gazte, argi eta kementsuaren historia lazgarria; eta bestea, semearen (eta anaiaren) arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa.

Biak landu eta jorratu ditu egileak Tene Mujika sariaren laguntzaz idatzitako lan honetan, gure memoria argituz eta astinduz; izan ere, noizbait denontzat bizigarria izango den herri bat eraikiko badugu, bidean gertatu diren izugarrikeria guztiak hartu beharko baitira gogoan.

Aiora Sampedrok, berriz, zera aipatu zuen liburuari buruz, Berrian argitaraturiko kritika honetan:

Hasierako atalean, lanaren helburua aipatzen du egileak: gertakariaren inguruko hipotesiak errepasatu, eta urtetan eragotzi izan zaion egia aitortzea. Biktimaren ingurukoenganako errespetutik sortutako testua da hau, beraz, hasierako kapituluetan argi geratzen den bezala. Honela azaltzen du berak: “Iruditzen zait semea galdu berri duten aita eta ama bat direla, segurtasun osoz, manipulazio politikoa egin nahi izatearen jokoaren bekatutik libre dauden bakarrak (…). Eta horrek moldatu ditu, neurri handi batean, kasuari buruz dauzkadan iritziak” (96. orr.). Horregatik, Naparraren kontakizunarekiko modu osagarrian, egileak gaztetandik ezagutzen duen familiaren errelatoa desagerpenaren inguruko ikerketarekin alderatzen du. Izan ere, Alonsok hainbat iturri mota kontsultatu ditu lanean zehar: hemeroteka, polizia-ikerketako autoak, epailearen testigantzak eta militantzia-kideen kontakizunak. Baina Naparraren ingurukoen ahotsa biltzeko ere tartea izan du; horrela, irakurleak aurkituko ditu familiakoen eta lagunen nahiz ikaskide-ohien lekukotasunak ere.

Baiki, liburuaren balioa testuinguraketa jardun horretan ere badelako irudipena dut nik; Naparraren bizitzara gerturatzea egitean, aldi berean, garai baten kronika egiten duelako saiakeragileak. Alonsok datu objektiboak eta haiek interpretatzeko gakoak ematen dituenean, egileak aro bateko konplexutasuna irudikatzen asmatzen du. Idazleak iturriak eta sentimenduak elkartzetik lortzen duen testu poliedriko hori bereziki erakargarria gertatu zait niri.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)