Albisteak

Oihana Aranaren poema: «Hirietako arbolak»

Astelehena, 2021-11-29

Hona hemen Oihana Aranaren sortako azken poema: «Hirietako arbolak».

Hirietako arbolak

Heldu da auto gainak

apaintzen dituzten

hosto nekatuen apologia egiteko garaia.

 

Nolakoak izango dira

eraikitzen ari garen hiriak

gu hil eta gero?

 

Norbanako berriak egongo dira ?ez nire erruz?;

etsaitasun zaharrak goputz gorakorretan;

harri berberak sudurraz asfaltoa ukitzear

egongo direnen bizkarretan

eta zapata barruetan.

 

Abuztuaz geroztik egongo da turroia

BMko apalategietan

polboroiak erosten jarraituko dute,

nahiz eta inork jan ez.

 

Alboak udaberriro inausiko dituzte,

bilantziko usaineko argiak

okotzeko ileak bailiran

bortizki desagerrarazi eta gero.

 

Hildako loreak oparituko dizkiete elkarri

tulipak, zitoriak, gladioloak...

eta plastikozko ur botiletan gorde

aspirina batekin.

 

Guk erritual bilakatutako dena

errepikatuko dute

guri gustatu ala ez,

tradizioaren boterea handiagoa baita

norbera duen agentziaz

kontziente ez denean.

 

Lur desegonkor bat espero izanagatik,

urmael bat jasoko dute herentzian

estufatxo baten beroaz

lehortu gurako dutena;

belaunetaraino lokaztuta,

uraren aurkako erresistentziak antolatzeaz

nazka-nazka eginda.

Urmael bat jasoko dute herentzian

ohartu orduko lurrun bilakatuko dutena;

ez dute jakingo, ordea, bagenekiela.

Badakigula hiriak lainozkoak izango direla

aurrerantzean.

 

Nago ez ote den seguruagoa

gu hil ondoren egongo diren horiekin baino

hiribideak apaintzen dituzten arbolekin fidatzea.

 

Ezer gutxi dakit botanikaz,

baina esango nuke udaberriro inausi arren,

asfaltopean hazten jarraituko dutela,

elkarren garroen usainaz maitemindu eta krak!

hiribideak arrakala bilakatu arte.


Oihana Aranaren aurreko sormen-lanak

«Diplotaxis tenuifolia»

«Bitxilorezko idunekoa»

«Ahoa lorez beteta»

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)