Ostiralean abiatuko da Hitzez eta Ahotsez zikloaren VII. edizioa
Asteazkena, 2020-01-22Zazpigarren urtez antolatu dute, Durangon, Hitzez eta Ahotsez zikloa. Aldiro, gai bat aukeratu, eta horren inguruan antolatzen dituzte hitzaldiak, solasaldiak eta irakurraldi girotuak. Aurten, maitasunaren inguruan jardungo dira. Ostiralean dute lehen hitzordua: Hamaika letra maitasunari izeneko hitzaldia eskainiko du Yolanda Arrietak.

2014. urtean, Durangaldeko zenbait literaturzale batu ziren eta Sarri, hitzez eta ahotsez egitasmoa burutu zuten. Ia 200 lagun batu ziren. "Erantzun hori ikusirik, bigarren edizioa antolatzen animatu ginen”. Eta, urteek aurrera egin ahala, gehiago indartu da egitasmoa, eta zazpigarren edizioa antolatu dute jadanik. Aldiro, gai baten bueltan jarduten dira, eta, aurten, gai handia aukeratu dute: Maitasuna.
Ostiralean dute lehen hitzordua, hilaren 24an. Hamaika letra maitasunari izeneko hitzaldia eskainiko du Yolanda Arrietak. 19etan izango da, Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta Endika Blancok eta Goiu Iturrizak egingo dituzte aurkezle-lanak.
Ondorengo hilabeteetan; solasaldia, antzerkia, kontu-kontalaria eta jendaurreko irakurraldia egingo dituzte. Imanol Larrinagak egin du kartela.