Albisteak

Ostiralean amaituko da Hilbeltza bekara eta Etxepare sarira lanak aurkezteko epea

Asteartea, 2019-05-07

Ostiralean amaituko da Hilbeltza bekara eta Etxepare sarira lanak aurkezteko epea. Genero beltzeko kontakizunak hauspotzen ditu lehenak, eta, bigarrenak, berriz, haurrei zuzendutako album ilustratuak saritzen. Albiste honetan bildu ditugu bi lehiaketei buruzko xehetasunak.

Maiatzaren 10ean amaituko da Hilbeltza bekara eta Etxepare sarira lanak aurkezteko epea. Hona hemen bi lehiaketei buruzko xehetasunak:

Hilbeltza beka, Euskal Herrian literatura beltza sustatzea helburu

Helburu argia du Hilbeltza bekak: Euskal Herrian literatura beltza sustatzea. Horretarako, ordea, bi modu eskaintzen ditu: munduko literatura beltza euskaratzea eta euskarazko literatura beltza hedatzea. Beraz, bi gauza saritzen ditu, txandaka: jatorriz euskaraz sortutako lanak eta jatorriz beste hizkuntza batean sortutako lanen itzulpenak. Aurten, sormenezko lanak sarituko dituzte. Beka elkarlanean antolatzen dute Hilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak. Hirugarren edizioa du aurtengoa.

Parte hartzaileek garatu nahi duten kontakizunaren azalpen bat eta kontakizunaren beraren lagin bat aurkeztu behar dituzte. Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia: Udalaren ordezkariak (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkariak (Jon Jimenez) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoak (Castillo Suarez). Epaimahaiak ekainaren 28a baino lehen ebatziko du nori eman beka. Ondoren, irabazleak urtebeteko epea izango du lana osatzeko. Txalapartak argitaratuko du lana. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu lehenik, eta beste 3.000, lana amaitu ostean. Hemen dauzkazue deialdiaren oinarriak, osorik.

Etxepare saria, album ilustratuen akuilu

Etxepare Saria Nafarroako hainbat udalek antolatzen dute, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkez daitezke lehiaketara, hau da, testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak. Lanek euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitarabeak izan behar dute. Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, hau da, azken bertsioa inprimatuta, bukatutako albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Epaimahaikideek ekainaren 28a baino lehen hautatu behar dute album irabazlea. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan, eta lana Pamiela argitaletxeak kaleratuko dut. Hemen dauzkazue deialdiaren oinarriak, osorik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)