Ostiralean estreinatuko dute Zaldi urdina antzezlana
Asteartea, 2019-10-08Zaldi urdina izeneko antzezlana sortu dute Axut!, Artedrama eta Dejabu taldeek. Ostiralean estreinatuko dute, hilaren 11n, Luhuson.

Indarrak batu dituzte, berriro ere, Axut!, Artedrama eta Dejabu antzerki-taldeek, eta Zaldi Urdina izeneko antzezlana estreinatuko dute ostiral honetan, hilaren 11n, Luhuson. Hauxe da antzezlanaren muina, sortzaileen hitzetan:
Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, tekno jaialdi batean istripu zerebrobaskularrak jo eta paralizatua geratu da Zaldi Urdina deitzen duten droga berri bat probatu ondoren. Ospitalean kontsumitu duen substantzia zein den zehatz jakin ezean, ezingo diote behar lukeen sendagaia txertatu. Amets, bere arreba, gaztetxezalea, ikerketa eramaten hasiko da herriko udaltzain trakets baten laguntzarekin. Produktuaren jatorria aurkitu nahi dute anaia gaztea salbatzeko. Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna. Denbora Aingeruren biziaren kontra doa. Atzera kontaketa bat da.
Ximun Fuchsek zuzendu du obra, Ainara Gurrutxagak lagunduta. Oholtzaren gainean, zazpi aktore: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide. Argiztapena, Josep Duhauk egin du, koreografia Philippe Ducouk, eta musika, azkenik, Asier Ituartek. Kartela Oier Zuñigarena da, aktoreetako batena.
Estreinaldiaren ostean, hainbat plazatan erakutsiko dute lana. Urrian, adibidez, Angelun eta Donostian taularatuko dute, hainbat egunez. Angelun, Quintaou antzokian, hilaren 15etik 19ra, eta Donostian, aldiz, 23tik 27ra, Gazteszenan. Azaroan ere jarraituko dute biran: Hernanin, Bilbon, Azpeitin eta Iruñean izango dira, besteak beste. Hementxe ikus dezakezue data zehatzak.
Amu gisa, hona hemen antzezlana iragartzeko sortu duten teaserra: