Albisteak

Oz, Sciacia eta Tsvetaieva itzultzaile bila

Osteguna, 2021-09-09

Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Amos Oz, Leonardo Sciacia eta Marina Tsvetaieva idazleen lan bana itzultzeko deialdia abiatu du EIZIEk. Irailaren 23ra bitarte aurkez daitezke laginak. Irudia: Marina Tsvetaieva idazle errusiarra.

 

Edith Whartonek eta Sherwood Andersonek badute jada euskarazko itzultzailerik: Miren Arratibel eta Aintzane Atelari esleitu diete Whartonen eleberri Ethan Frome euskaratzeko ardura, eta Joannes Jauregiri, berriz, Andersonen Winesburg, Ohio lanari dagokiona.

2021eko argitalpen-kopurua osatzeko, ordea, beste deialdi bat antolatu du EIZIEk. Oraingo honetan, Amos Ozen Michael Sheli, Leonardo Sciaciaren Todo Modo eta Marina Tsvetaievaren Mon frère féminin: Lettre à l'amazon dira hautagaiak.

Itzulgaien laginak hemen eskura daitezke. Jarraian, deialdiaren baldintzak.


Lehiatzaileak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.

Aurkeztu beharrekoak

Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena (lau kopiatan), ezizen batekin.

Horrekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Obra baterako baino gehiagorako laginak aurkeztekotan, bakoitzari bere ezizen eta gutun-azal itxia erantsi behar zaio.

Proiektuak aurkezteko lekua eta epea

Epea 2021eko irailaren 23an  amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.

Epaimahaia

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

Esleipenaren jakinarazpena

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.

Esleipenaren osteko kontratazioa

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).

Ordainsaria

Todo Modo: 2.997 euro | My Michael: 7.290 euro | Mon frère féminin: 883,5 euro

Bildumarako finkaturiko ordainsariak erabili dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Gaztelania: 24 euro orriko. Frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 euro orriko. Gainerakoak: 30 euro orriko.

Itzulpena jatorrizko hizkuntzatik ez den beste batzuetatik egiten bada, sorburu hizkuntzei dagozkien tarifen batez bestekoa erabiliko da.

Obrak itzultzeko epea

Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri - 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.

Argibide gehiago, helbide honetan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)