Pandemiari buruzko aleak
Asteazkena, 2020-07-08Azken hilabeteotako egoeraren harira, hainbat pentsalarik plazaratu dituzte beren gogoetak, eta haietako bi euskarara itzulita daude: martxoan kaleratu zuen Erein argitaletxeak Paolo Giordanoren Kutsaldian, Xabier Olarrak eta Fernando Reyk itzulia; Txalapartak, berriz, etzi aurkeztuko du Slavoj Žižeken IZUrriA!, Danele Sarriugartek euskaratuta eta Imanol Galfarsororen hitzostearekin.

Denetik dago: batzuek pandemia ahaztu nahi dute, eta hartan gehiago ez pentsatu. Beste batzuk, ordea, ahaleginetan dabiltza, zer gertatu den eta zer ekarriko duen argitu nahian. Batzuek berehala osatu dute gertatu denari buruzko kontakizun bat, beste batzuek aldarrikatu dute denbora behar dela, lasaitasuna, bazterrean utzi behar dela informazio-ekaitza, eta patxadaz gogoeta egiteko astia hartu. Oraingo honetan, COVID-19az eta ekarri duenaz pentsatu eta irakurri nahi dutenentzako albiste bat osatu dugu. Pandemiari buruzko bi ale aipatuko ditugu jarraian.
Italiako epizentrotik
Europa zaharrean, Italia izan zen pandemia zabaldu zen estreinako tokietako bat. Hilabete latzak pasa dituzte herrialdean, batez ere iparraldeko eskualdeetan. Bertakoa da Paolo Giordano idazlea —mundu mailako sona eskuratu zuen Zenbaki lehenen bakardadea(Alberdania, 2009) eleberriari esker—, eta konfinamendu betean argitaratu zuen Kutsaldian izeneko saiakera. Euskarara ere berehala iritsi zen, Erein etxearen eskutik, Xabier Olarra eta Fernando Reyren itzulpenean.
Pandemia Italian zabaltzen hasi eta berehala ekin zion Giordanok idazteari, eta astebete eskasean osatu zuen lana. Liburua hainbat txatal laburrez osatuta dago. Giordano fisikoa da ikasketaz, eta zientziarekiko loturak ere badu tokirik liburuan.
Hemen irakur dezakezue liburuaren hasiera, eta hemen, berriz, Giordanori Berrian egin zioten elkarrizketa.
Komunismo berri baten aldeko aldarria
Slavoj Žižek filosofo esloveniarra ez zen askoz gehiago luzatu, eta apirilean kaleratu zuen IZUrriA! COVID-19ak mundua astindu du izeneko saiakera, pandemiaren nondik norakoak aztertuz eta komunismo berri bat sortzeko premia aldarrikatuz. Berriki kaleratu da euskaraz, Txalapartaren eskutik eta Danele Sarriugarteren itzulpenean. Hitzostea, berriz, Imanol Galfarsorok idatzi du, zeina filosofoaren jarraitzaile sutsua baita.
Žižek erreferente sonatua da filosofia ezkertiar garaikidean –izar bat, kasik– eta hauxe da euskarara ekarri dioten lehendabiziko lana. Horrek ez du esan nahi aurrez Euskal Herrian ezaguna ez zenik; 2010ean, Iruñean izan zen, eta elkarrizketa luzeak egin zizkioten Argian eta Berrian —egokieraren aitzakian sortutako materiala guztia txosten batean bildu zuten Lapiko Kritikoa agerkariko kideek—.
Saiakera labur honetan, Žižekek bere ohiko tresnak baliatzen ditu bizi dugun errealitatea aztertzeko, erreferentzia teorikoak –psikoanalisia, marxismoa– eta herri kulturako erreferentziak –txisteak, zinema– uztartuz. Galfarsorok hitzostean dioen eran, «Žižeken arabera, koordinazioa eta elkarkidetza azpimarratzeko garaia ez da inoiz izan premiazkoagoa. Pandemiaren ondorioa izugarrizko amesgaiztoa izan ez dadin, merkatu librearen nagusitasunean oinarritzen den sistema ekonomiko neoliberala gainditu behar da». Horregatik, komunismo berri baten sorrera aldarrikatzen du.
Etzi aurkeztuko dute liburua, hilarean 10ean, Donostiako Liburutegi Zaharreko sotoan, 12etan.