Albisteak

Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak, bihar eta etzi

Asteartea, 2020-09-15

Aurten ere, Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak antolatu dituzte; bi errezitaldi izango dira: bata, bihar, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan; bigarrena, berriz, etzi egingo dute, Chillida Lekun.

Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak egingo dituzte bihar eta etzi.

Bihar, hilak 16, musikaz lagundutako poesia-errezitaldia eskainiko dute hainbat poetak: Iñigo Astiz, Lizar Begoña, Elena Olave, Jesús Rodríguez eta Julieta Valero. Musikaz, berriz, Jon Makuso biolin-jotzailea arduratuko da. Errezitaldia euskaraz eta gaztelaniaz izango da, 19:30etatik hasita, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, errezitaldira joateko gonbidapenak eskuratu behar dira, Viktoria Eugeniako lehiatilan, errezitaldiaren egunean bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bestalde, jakinarazi dute ezen, osasun-krisia dela-eta, segurtasun eta garbitasun neurriak bereziki zainduko direla eta aretoaren aforo murriztua 70 lagunentzako izango dela.

Etzi, hilaren 17an, beste emanaldi bat antolatu dute, Chillida Lekun, 18:30etatik aurrera. Lehenik, hitzaldi bat eskainiko du Fernando Golvano arte-kritikari, saiakera-egile eta irakasleak. Ondoren, errezitaldia eskainiko dute Eli Tolaretxipik eta Luis Gardek. Musikari dagokionean, Haritan taldeak (Iratxe Paredes biolontxelo-jotzailea eta Jon Makuso biolin-jotzailea). J. S. Bach eta W.F. Bachen obrak joko ditu. Errezitaldi horretara joateko sarrerak hemen eros daitezke.

Kartelaren egilea: Imanol Larrinaga

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)