Rudyard Kiplingen "Errege izatekoa zen gizona" euskarara
Iñigo Roquek itzuli, Angélica López de la Manzanarak ilustratu eta Denonarteanek argitaratuAstelehena, 2015-06-01Rudyard Kipling idazle ingelesa bereziki ezaguna da Oihanaren liburuagatik, haur eta gazte literaturan honezkero klasikoa bilakatu den obra. Jexus Mari Haranburuk ekarri zuen euskarara, 1981ean, Elkar etxearen eskutik. Zehazki helduei bideratutako literaturara etorrita, Kim eleberria egin zuen bereziki ezagun. Koro Navarrok euskaratu zuen hori 1990ean, Literatura Unibertsala bildumaren lehen labealdian, Ibaizabal etxearen eskutik. Indian jaio zen Kipling, lurraldea Britainia Handiaren kolonia zen garaian, eta inperioaren argi eta itzalek leku handia dute bere literaturan. Nobelak ez ezik narrazioak ere idatzitako da Kipling, kontakizun luze horietako bat da Denonarteanek argitaratutako Errege izatekoa zen gizona hau.

Inperioa sasoi betean zela jaio zen Rudyar Kipling, gaur eguneko Mumbain, 1865ean. Bost urte zituela gurasoekin batera Inglaterrara itzuli zen arren jaio zen lekuak marka sakona utzi zion gorputzean, eta sarri hitz egin zuen gero bere obretan nazioari eta identitateari buruz. Hala bere gurasoek nola Kiplingek berak anglo-indiartzat zuen bere burua, Inperiokoak izan baina Indiako kolonian bizi ziren askok baliatzen zuten terminoa. Bizitzako puskarik luzeena beste toki batzuetan igaro zuen, Inglaterran bertan baina baita AEBetan ere.
Eskola amaituta Oxfordera sartzeko aukera urriak zituela-eta, Punjab probintziara bidali zuten lanera, gaur eguneko Pakistanera. Egunkari bateko laguntzaile jardun zuen. Bidaiak seko aldatu zuen Kipling. Berak esana: hiruzpalau egun behar nituen, trenez, Lahorera iristeko, neure jendea bizi zen tokiraino. Egun horien ostean garai ingelesak desagertu egin ziren, eta ez dut uste sekula itzuli zirenik, bete-betean". Orduan hasi zen narrazio laburrak idatzi eta argitaratzen, mutikoentzako aldizkarietara bidaltzen zituen, besteak beste.
Errege izatekoa zen gizona kontakizunak Kiplingen literaturaren bueltan sortu ohi den eztabaida bat ondo islatzen du. Garaiaren eta testuinguru sozio-politikoaren arabera batzuk inperioaren kritikari zorrotz gisara eta bestetzuek, ordea, horren babesle modura interpretatu izan dute. Liburuaren kontrazalean ondo bildu dute interpretazio anitza, horrela dio:
Rudyard Kiplingen literaturak dohain bakan horietako bat dauka: era askotara irakur daiteke. Harold Bloom-ek, esaterako, honela jardun du liburu honetaz: «Kontakizunak zenbat-gura interpretazio izan ditzake: molde misteriotsu batean, Kafiristan-go mendi urrunetan ingeles karrika-zorri bik izandako ibilerak baino auzi sakonagoak darabiltza».
Lehen ikusian, beraz, pentsa liteke narrazio pikaresko bat dela. Hor ditugu bi pikaroak, Daniel Dravot eta Peachey Carnehan, eta generoko beste osagai gehienak ere ez dira falta.
Bada, ordea, beste irakurbide bat: kolonialismoaren zer irudi ematen digun testuak. Horrek Kiplingen munduan areago barrentzera behartuko gaitu, fartsa azaleratzeko (Marie Roberts-en hitzetan, «kolonizazioaren parodia»).
Denoartean argitaletxeak jarrera gozagarri nahiz ezohiko bati jarraitzen dio bere azkenaldiko hainbat argitalpenetan: irudi ederrez janzten ditu literatur lanak. Halaxe egin zuen Leo Tolstoien Zenbat lur behar du gizon batek? saioarekin (Mikel Vilchesek itzulia, Elena Odriozolak ilustratua) eta Jane Austenen Watsondarrak eleberri laburrarekin (Ana I. Moralesek itzulua, Sara Morantek ilustratua). Oraingo honetan Angélica López de la Manzanararen irudiak ditu bidaide Iñigo Roqueren itzulpenak. Munduko autore ezagunen lanak euskaraz irakurtzeko aukera ez ezik, ilustratzaileen moldeak ezagutzeko aukera ematen du ekimenak. Barruan topatu ahal izango duzuenaren amu gisa, horrela liburuaren azala.